Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Urkulluk euskal herritarrak “Euskadi blindatzera” deitu ditu Espainiako ezegonkortasun politiko eta instituzionalaren aurrean
Lehendakariak egunotan Euskadira bisitan etorri zaizkigun Espainiako lider politikoen kontra ohartarazi digu: “Ezin digute leziorik eman Espainian kaosaren erantzule diren horiek”Argazkiak...
-
Iñigo Urkullu. Donostia. 2016.09.04
Hitzaldia - 2016/09/04
Iñigo Urkullu lehendakaria ez dago prest Espainian gaur nagusi den ezegonkortasun politikoaren errudun diren lider politikoak Euskadira etor daitezen guri egin behar dugunaren inguruko lezioak ematera. Hori dela eta, berraukeratua izateko aurkezten den hautagai jeltzaleak Donostian deitu ditu gaur euskal emakume eta gizonak “Euskadi blindatzera”, hau da, Espainiako estatuan dagoen kaosetik “babestera”. Babes hori euskal hiritargoak berak bere botoaren bidez eman ahal izango du irailaren 25ean. “Espainiako ezegonkortasun eta anabasa giroak bere eragina izango du hurrengo hilabeteotan. Gobernurik gabe, aurrekonturik gabe, neurri ekonomiko eta sozialik gabe, gero eta arinago datoz horren guztiaren ondorio txarrak. Euskadi ezin da Espainiako tentsio eta gatazka giroan erori. Euskadi blindatu behar dugu Espainiako ezegonkortasun politiko eta instituzionalaren aurrean” baieztatu du Urkulluk Alderdi Ederreko lorategietan hedabideen aurrean eskaini dituen adierazpenetan.
Urkulluk era berean salatu du gertakari harrigarri bezain zentzugabea: Espainia beren nazioaren arazoak konpontzeko gai ez diren horiek, Euskadira datoz, zertara eta euskal emakume eta gizonok egin behar dugunari buruzko lezioak ematera. “Espainiako ordezkari politikoak hasi dira dagoeneko Euskadira bisita egitera etortzen. Errezeta eta aginduak dakartzate. Benetan, horiek ezin digute guri leziorik eman. Beraiek dira Espainiako gatazka giroaren eta desgobernu egoeraren erantzuleak. Ez dute konponbiderik ekartzen. Euskadiri ez diote lagunduko aurrera egiten edo egonkortasun, akordio eta hazkunde bidetik urratsak ematen jarraitzen”, ohartarazi du.
Berraukeratua izateko aurkezten den lehendakarigai jeltzaleak mezua helarazi nahi izan die beren egitasmoen lehentasuna “Euskadi gizarte murrizketatik libre” egongo den herria bihurtzea dela esaten duten beste alderdiei. “Nik ez dakit horiek non bizi diren” esan du Urkulluk. “Euskadin konpromiso soziala bermatuta dago, gure lehentasuna gizarte politikak dira. Inork ere ez du hori auzitan jartzen. Inor ere atzean ez uzteko oinarriaren gainetik, gure lehentasuna da suspertze ekonomikoa, industria eta enpresa babestea, enplegu berriak sortu ahal izateko. Euskadi hazkundea eta enplegua finkatzen ari da. Hiruhilekoz hiruhileko lortzen ari gara. Duela lau urte baino 30.000 langabe gutxiago ditugu. Baina hori ez da nahikoa. Erronka da hazten segitzea enplegu gehiago eta hobeak sortuaz. Egitasmo ekonomiko bat dugu industriari, berrikuntzari eta nazioartekotzeari babesa ematea bermatzen duena. Langabezia %10etik jaisteko besteko oinarriak ditugu” esan du.
Amaitzeko, eta gaur Donostiako Kontxako Banderak Gipuzkoako hiriburuan eragin duen giro apartan, Urkulluk gogoratu nahi izan duenez “Gipuzkoak errekor guztiak gainditu ditu turismo alorrean, kulturgintzan eta esportazioetan. Eneko Goia alkatea eta Markel Olano Ahaldun Nagusia buru belarri ari dira hiria eta herrialdea egunez egun aurrera ateratzeko. Atzean geratu dira gatazka, krispazioa, enpresak babesik gabe uztea. Gaur egonkortasuna, akordioa eta lankidetza bidetik gobernatzeko modua partekatzen dugu. Herri honetarako etorkizunerako proiektu bat partekatzen dugu. Gure eredua egonkortasuna eta akordioa da; elkarlana eta auzolana; Herri hau elkarrekin eraikitzen jarraitzea. Erakundeen artean partekatutako egitasmoa, esparru publiko eta pribatuaren artean partekatutako egitasmoa. Bizikidetza sozial eta politikoa bermatuko dituen egitasmoa, Euskadiren etorkizunean konfiantza izaten jarraitzeko”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


