Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/08/27

Nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak dira

EAJren GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, galdera batez hasi du bere mintzaldia: “Zer datorkigu Espainiatik?”. “Argi dago Madrildik ez datorkigula ezer onik, ez guri, ezta katalanei ere”, ondorioztatu du
Nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak dira

Ildo horretan, azaldu du alderdi espainiarrak –ez direnak gai gobernua osatzeko ezer ere adosteko- “gauza bakarrerako jartzen direla ados: beren lurraldetasuna eta naziotasuna defendatzeko”. “Katalanei aurre egiteko, euren bidean trabak jartzeko, debekatzeko, horretarako jarriko dira ados PP, PSOE, Ciudadanos, eta baita bere moduan Podemos ere”, nabarmendu du, “eta beste horrenbeste Euskadiri dagokionez”. “Sakoneko gai horietan denak bat datoz, espainiarrak dira”, gaineratu du.

Puntu horretan, GBBko presidenteak nabarmendu du EAJ “ez zela espainiar politika konpontzeko jaio; euskal estatu propioa, gurea sortzeko baizik”. “Eta horretarako ezinbestekoa da estatu-egiturak eraikitzen eta sortzen jarraitzea, ez baitituzte ez zozketatzen, ez oparitzen. Herritarren eskutik, politikarien eskutik eta erakundeen eskutik lortzen dira. Eta hauteskunde hauek aukera paregabea eskaintzen dute horretarako”, azpimarratu du.

Bere hizketaldian, Joseba Egibar Arnaldo Otegiren balizko inhabilitazioaz ere jardun da. “Otegik eskubide osoa du hautagai izateko eta Lehendakaritzarako aurkezteko” eta “ez zuen espetxean egon behar izan”, adierazi ondoren, berretsi du EAJk beti salatu duela “hori injustua izan zela”. “Guk esan beharrekoa esan genuen eta ezker abertzaleak inork baino hobeto daki hori”, esan du.

Jarraian adierazi du “inhabilitazioa ez dela egoera arrotza, ezezaguna ezer abertzalearentzat”. Eta, zehazki, zehaztu du “legegintzaldia amaitu baino lehen Hasier Arraizek berak, Sortuko presidenteak, Fiskaltzarekin akordioa adostu zuela –ez inposatu izateagatik- eta inhabilitazioa onartu zuela, horregatik laga zuen Legebiltzarra”. Ezker abertzaleko 35 buruzagiak ere aipatu ditu, “kartzelan sartzea ekiditeko bataz beste bi urteko inhabilitazio-akordiora iritsi zirenak, 70 urteko inhabilitazioa”.

“Inhabilitazioa ez da formula ezezaguna ezer abertzalearentzat, eurek jakin badakite zertan mugitu diren denbora luzez; eta duela gutxi Sortuko batek esan zidan bezala, ‘Joseba, espainiarrek ez dute erremediorik, kanpaina doan egingo digute”, ondorioztatu du, “ba esan eta egin”. “Argi dago PP eta justiziako bitarteko horiek kontrolatzen dituztenak iraganeko kodeak aplikatzen ari direla, iraganeko jarrerekin eta seguraski iraganekoak diren erabakiekin, konstituzionalak sorpresa bat ematen ez baldin badu, bederen”, adierazi du.

Kontestu horretan “gu geurera”, adierazi du. Eta defendatu egin du “gure programa” detailez azaldu beharra. Progama horren ardatza ondorengoa da: “nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak dira”. “Ezin dugu gure nazio-eraikuntzarako estrategia gauzatu, soziala ahaztuta, eta alderantziz. Izan ere, erabakitzeko eskubidea egikaritzea eta gizarte justuagoa eraikitzea estuki lotuta daude”, amaitu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...