Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/06/01

Herri honek dituen eskubide eta interesak defendatzea da EAJren nortasunaren seinale

“Hori da EAJ-PNV eta gainerako alderdien arteko diferentzia” azpimarratu du Joseba Egibarrek
Debagoiena

 “Herri honek dituen eskubide eta interesak defendatzea da PNVren nortasunaren seinale, bai Euskadin, nola Madrilen edo Europan, eta horixe da gainerako alderdiekin duen diferentzia” esan du Joseba Egibarrek gaur arratsaldean Bergaran.

Hauteskunde orokorren bezperan gaudela eta uda ondoren autonomikoak egingo direla gogoratu ondoren, GBBko presidenteak nabarmendu du “pauso sendoak eman behar ditugula”, bai lehenengo hauteskunde horietan, baita uda ondoren etorriko direnetan ere. Hori dela eta, “norbaitek pentsatzen badu hauteskunde orokorrak, espainolak direlako, ez dutenik axola”, gogorarazi du horiek ere garrantzitsuak direla. “Eta lehenengo pausoa sendoa bada, bigarrena are sendoagoa izango da” adierazi du. “Eta horretarako herritarren konfiantza eta laguntza behar dugu”.

Egibarrek nabarmendu duenez, “Herri honen interesak defendatzen EAJ-PNVk azken hamarkadetan egin duen ibilbidea da gainerako alderdiekin dugun diferentzia, bai hemen baita Madrilen ere”. Hori dela eta, esan du “euskal erakundeetan diseinatu eta onartutakoa Madrilen ere defendatu eta garatu beharra daukagu, gaur egun, oraindik ere, han hartzen diren erabaki asko eta askok zuzeneko eragina dutelako gugan”. “Gure diputatu eta senatariek defendatu behar dituzte gure erakundeak eta horietatik sortzen den guztia, Kontzertua eta Konbenioa, edo hemen onartzen diren legeak” azpimarratu du, “eta hori guztia euskal erakundeekin hitz eginez egin behar dute”. “Hasi herri txikienetik, Batzar Nagusietatik, diputazioetatik, Gobernua eta Legebiltzarretik, Europaraino, guztiok dugu estrategia bat eta bera: herri honen eskubide eta interesak defendatzea”.

Gipuzkoako erakunde nagusiek azken urte honetan egin duten lanaren balantzea egin du burukide jeltzaleak. Eta horri buruz egin den “aurrerapen garrantzitsua” aipatu du. “Formetan ez ezik, mamian ere aldaketa egin da” ohartarazi du. Formetan, inposaketaren eta garaile/garaitu mezutik zintzotasun, gardentasun eta gertutasunera pasatu da. Mamian ere sakoneko aldaketak egin dira. “Eta gakoa da herri guztietako pertsonak errespetatzen ditugula, txikietakoak zein handietakoak” zehaztu du, “eta pertsona guztien eskubideekiko errespetuan datza edozein proiektu politikoren etorkizuna”. “Eta zer esanik ez, bere burua abertzaletzat daukan batentzat” erantsi du. “Erakundeak berreskuratu direnetik, EAJ-PNVk pertsona eta berak dituen eskubideak jarri dira balioan, eskubide guztiak - ekonomikoak, sozialak eta politikoak- baina baita herri gisa dagozkigun eskubideak ere” azaldu du.

Orain hamabi egun batzokia erre ondoren, Bergarako EAJ-PNVk zabaldu duen lokal berriaren aurkezpenean parte hartu du Joseba Egibarrek. Ekitaldi horretan bertan parte hartu du Unai Elkoro Debagoienako Mankomunitatearen presidenteak eta bailarako jeltzaleen ordezkari nagusienak ere, Kongresu eta Senaturako hautagai eta Josu Ezkurdi eta Mª Eugenia Arrizabalaga burukideekin batera.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...