Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Errenteriako EAJ-PNV udal taldeak txakurrentzako parke bat egitea proposatzen du
Txirrita parkean hesitutako eremu bat sortzea proposatu dute, non, txakurren jabeek beren animaliekin gozatzeko aukera izango duten eta aldi berean, txakurrak askatuta eta libreki mugitu ahal izango diren. Era berean, Errenteriako EAJ-PNVk animalien jabeei deialdi bat egin die bere erantzukizunak bete ditzaten guztien arteko elkarbizitza eta herritarren zein animalien ongizatea bermatzeko
Gaur egun errenteriar ugari dira bere bizitza etxeko abereren batekin partekatzen dutenak. Horregatik, askok lehen eskutik ezagutzen dituzte animalia bat zaintzeak dakartzan erantzukizunak eta ardurak: abereak egoera osasuntsuan eta beharrezko txertoekin mantentzea, gorozkiak jasotzea edo lotuta ematea besteak beste. Animaliak edukitzeak sortzen dizkien onurengatik, gehiengoek atseginez hartzen dituzte bere gain ardura hauek. Garbiñe Oyarbide zinegotziak gaurko prentsaurrekoan azaldu bezala, Udaletxetik erantzukizun hauek dituen ardurak betetzea bidezkoa eta beharrezkoa da, guztion arteko elkarbizitza egoki bat bermatze aldera. Hala eta guztiz ere, jeltzaleek arau eta zigorrez haratago joan behar dela uste dute eta animaliei herrian txoko bat eskaini behar zaiela iruditzen zaie. “Txakurrak dituzten herritarrei, hauekin herriaz gozatzeko aukera ere zor zaiela pentsatzen dugu. Txakurrek ere merezi dute gure herrian txoko bat non, bere jabeen ardurapean eta beste txakur eta pertsonekin elkarbizitza egokia mantenduz, libreki mugi daitezkeen” azaldu du zinegotzi jeltzaleak.
Irun bezalako inguruko herrietan, jada ekin diote bide honi, Donostiak ere laster izango du bere txakurrentzako parkea eta jeltzaleen arabera “bide hau jarraitzea errenteriar guztientzat onuragarria dela uste dugu animalienganakiko errespetua eta maitasuna gizarte honen balore garrantzitsua dela deritzogulako”.
Horiek horrela, Errenteriako EAJ-PNVk txakurrak askatuta egoteko hesitutako eremu bat sortzea proposatzen du, elkarbizitza egoki bat bermatuko duen erabilera arau batzuekin. Parke bat egitea planteatzen dute non, txakurrak, beren jabeen ardurapean, aske ibili eta beste txakurrekin jolastu ahal dezaten. “Eremu hauek auzoz auzo zabaltzea izango litzateke etorkizunera begira egin beharrekoa baina, lehen esperientzia gisa, erdigunea iruditu zaigu horrelako espazio bat sortzeko gune aproposena, izan ere, berau da Errenteriako eremu urbanizatuena eta horrelako toki bat faltan gehien bota dezakeena” azaldu du zinegotzi jeltzaleak. Horregatik, udalari eskatu diote inbertsio haundiegirik behar ez duen lehen esperientzia hau martxan jar dezala eta honen emaitzak ikusita, herrian zehar horrelako eremu gehiago sortzeko hausnarketa egin dezala.
Azkenik, jeltzaleek deialdi bat egin die animalien jabeei beren erantzukizun eta ardurak bete ditzaten guztien arteko elkarbizitza egoki bat izaten jarraitzeko: “Gizartearen ezinegona ekidite aldera, ezinbestekoa da guztiek elkarbizitzeko arauak aztertu eta barneratzea. Ez da bidezkoa herriko zeinbait tokietan, Iztietako pasealekuan adibidez, lurrera begira joan behar izatea, txakurren gorotzak ez zapaltzeko, arduragabe diren jabeek ez dituztelako jaso”. “Errenteriako EAJ-PNVtik elkarbizitza posible dela eta guztientzat onuragarria izan daitekeela deritzogu baina horretarako guztiek esfortzu txiki bat egin behar dugu” amaitu du Oyarbidek.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


