Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
2015eko txostenak erakusten du Aldundiak “aurrerapen handiak” egin dituela gardentasunaren arloan
Foru erakundeak, bere organoek eta Batzar Nagusiek gutxienez % 90ean betetzen dute edukiak argitaratzeko konpromisoa
Diputatuen Kontseiluak onartu egin du gardentasunari eta informazio publikorako irisgarritasunari buruzko foru arauaren betetze mailaren inguruko 2015eko txostena. Kontseiluan aurkeztu eta gero, Batzar Nagusietara bidaliko da eta, bertan tramitatu ondoren, publiko egingo da txostena. Imanol Lasa foru bozeramaileak datu eta ondorio batzuk aurreratu ditu, ordea, eta horien artean nabarmentzekoa da bai Aldundiak, bai foru organoek, bai Batzar Nagusiek “gutxienez % 90ean” betetzen dutela gardentasunez edukiak argitaratzeko hartutako konpromisoa”.
“Herritarrek zehaztasun osoz jakin behar dute zein erabaki hartzen ditugun eta horiek nola hartzen diren. Eskakizun hori betetzeko erabaki sendoa hartua dugu. Etxe honetako ateak eta leihoak irekitzeko apustua abian da eta ez da geratuko”, esan du Lasak. Txostenak “aurrerapen handiak” erakusten ditu edukiak publiko egiteari begira: “Esaterako, goi kargudunen soldatak, curriculumak, ondasunak eta ondarea; erakundearen kanpainak; lantzen ari diren arauak; esleitzen diren kontatuak eta diru-laguntzak; erabaki politikoak hartzeko prozedurak, edo ekonomiari, finantzei eta aurrekontuei dagokien informazioa”. Azken horri dagokionez, esaterako, bai Aldundiak bai bere organoek eta Batzar Nagusiek % 100ean betetzen dute Foru Araua”.
Bultzada horren bidez, Aldundiak 100etik 81,9ko puntuazioa du Nazioarteko Gardentasunak lehengo urteko abenduan argitaratu zuen txostenean; 2013an, aldiz, 63,8koa izan zuen. Txosten hori bi urtean behin egiten da. Era berean, gogoan izan behar da Aldundiak lehen postua lortu zuela gardentasun publikorako Dyntra elkarteak 2015eko uztailean argitaratu zuen estatu mailako indizean, eta gardentasuna eta gobernu irekia neurtzeko 183 adierazleetatik 151 bete zituela (% 81).
Bozeramaileak aurreratu duenez, ranking horietako balorazioa hobetzen joatea da helburua. Horretarako, 2016an beste erabaki sakon batzuk hartu dira, Foru Arauak eskatzen dituenak baino haratago doazenak: publiko egin dira diputatuen agendak eta goi kargudunen bidaia gastuak. “Gaur egun, Aldundiaren web orriaren bidez, edonork du gure egunerokoaren berri, edonork daki norekin biltzen garen, nora bidaiatzen dugun eta nola, ostatu eta garraio gastuak ere xehe adierazita. Garrantzia handiko urratsak dira horiek gardentasunaren eta eredugarritasunaren bidean, eta horretan jarraituko dugu”, azpimarratu du.
Kontu emateetan izan da aurtengo beste berrikuntza bat: hamabost egunean behin eguneratu egiten da aurrekontuaren betetze maila Aldundiaren web orrian. Hil honen bukaerarako horixe egingo da Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan zehaztutako 50 helburu estrategikoen betetze mailarekin ere.
Ezinbesteko tresna dugu horretarako gipuzkoairekia.eus, gardentasunaren eta datu irekien ataria. Aldundiaren plataforma honek helburutzat du teknologia berriak baliatuz egiazko, garrantzizko eta kalitatezko informazio publikoa ematea; eta eduki hori zabalduz joango da. Atariak 7.898 erabiltzaile izan zituen 2015ean. Daturik onenak laugarren hiruhilekoan izan zituen, eta horrek erakusten du geroz eta onarpen handiagoa duela. Gehien kontsultatu ziren edukiak honako hauek izan ziren: Aldundiko goi kargudunen curriculumak (949 saio), Aldundiko langileen ordainsariak (718), Lanbide Zerrenda (709) eta organigrama (582). Gainera, 82 udalerrik eta 6 mankomunitateak plataforma horrekin bat egiteko eskaria egin digute. Horri esker, udalerriek bertan izango dute argitaratuta gardentasunari dagokion informazioa.
Hobetzeko alorrak
Edonola ere, Lasak argitu duenez, txostenak berak aditzera ematen du asko dagoela oraindik egiteko, eta hobetzeko dauden alorrak zehaztu ditu, besteak beste, arauen edukiak, araugintza prozeduren inguruko informazioa eskuragarriago egitea, baliabide administratiboen gaineko informazioa, kontratuena, hitzarmenena eta kudeaketa aginduak. Hobetzekoa da, bereziki, kontratu txikien gaineko informazioa, alor horretan % 56ko betetze maila baitago.
“Halako kontratuen kudeaketa automatizaturik ez dagoenez, lan handia ematen du horien inguruko informazioa biltzeak. Lantalde bat osatu da prozesu hori errazteko, teknologia aplikazio berri bat abiapuntutzat hartuta. Egia esan, foru gobernu berriarekin hobetu egin da alderdi hori ere, eta aurreko legegintzaldian halakorik egiten ez zuten departamentuek azken bi hiruhilekoetan informazio guztia argitaratu dute, baina urratsak egiten jarraitu beharra dago”, adierazi du. Ildo horretan txostenak dio askotarikoak direla departamentuak kudeaketa eredu berrira “egokitzeko erritmoak”, baina bozeramaileak argi utzi du epe laburrean eta ertainean guztiek beteko dituztela “zereginak”. “Atzera bueltarik gabeko bidea da hau”.
Egiteko zereginen artean dago informazio eskubidearen sustapena ere, ez baitira jaso 15 eskaera besterik informazio sarbideari lotuta: “Inork gutxik erabiltzen du daukan eskubidea, eta, horregatik, ahalegin handiagoa egin behar dugu herritarrena iristeko eta informazioa eskuratzeko dituzten kanalak ezagutarazteko”, adierazi du bukaeran Lasak.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


