Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eibarko igogailu komunitarioak publifikatzea proposatu du EAJko udal taldeak
Udalak urtero 20.000€ baino gehiago bideratzen ditu zerbitzu pribatu honen gastuak diruz laguntzeko, ondorioz igogailu publikoen aldeko apostua egiten dugu auzoetako irisgarritasuna hobetzeko
Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak, Josu Mendikutek, igogailu komunitarioak publifikatzea proposatu du Eibarko Udaleko Hirigintza Batzordean. Giltzapean funtzionatzen duen zerbitzu pribatu horren gastuak diruz laguntzen ditu Udalak, urtero 20.000 baino gehiago bideratuta. Zinegotzi gazteak azaldu duenez, ez dauka zentzurik gastu guztiak ordaindu eta zerbitzua erabil dezaketen pertsonei mugak ezartzea, orain arte bezala. Hori dela eta, erabilera publikoa izatea proposatu du.
Igogailu komunitarioak arautzen dituen udal ordenantzak (2011n onartutakoak), 4. artikuluan ezartzen du igogailuaren mantentze-lanak, garbiketa barne, komunitateei dagokiela. Hala ere, xedatzen du Udalak diru-laguntzak onar ditzakeela gastu horiek laguntzeko. Haatik, hori izan da orain arteko errealitatea. 2015eko aurrekontuak 28.000 euro jasotzen zituen igogailu komunitarioen gastuak ordaintzeko; horietatik 21.433,39 euro erabili zituen, honako hauetan: Amaña, 12.150,54 euro; Mekola, 6.132,49 euro; eta Barakaldo, 3.150,36 euro.
Abertzale eibartarren iritziz, eibartar guztion diruaz gastuek %100 ordaintzea eta horrekin batera giltzaz ixtea ez da bidezkoa. Ez da justifikatzen bizilagunak ez direnek erabiltzeko aukerarik ez izatea: postariek eta banatzaileek, lagun eta senideek, edo auzoetan egon daitezken zerbitzuetako bezeroek, adibidez. Egungo ordenantzaren arabera, igogailuko giltza izateko eskubidea mugatu egiten zaie hala erabaki duten jabeen komunitateetako jabe eta egoiliarrei. Horregatik guztiagatik, talde jeltzaleak zerbitzu hori erabili nahi du irisgarritasuneko eskubide unibertsala sustatzeko.
Publifikazio-proposamena EAJren 2015-2019 agintaldirako helburuetan ezarrita zegoen, eta iragan asteartean aurkeztu zen Hirigintza Batzordean, diru-laguntza horiek tramitatzeko proposamena mahai gainean jarri zenean. Badirudi proposamena begi onez hartu dutela eta, hortaz, espero dugu beharrezko tramiteak aurten bertan egingo direla, ahalik eta azkarren zerbitzua publifikatze aldera, azaldu du Mendikutek.
Jardiñetako igogailua
Eibarko EAJk espero du Udalak pausu erabakigarriak emango dituela aurten, Jardiñeta, Errekatxu eta Birjiñapeko igogailuak egiteko. Hiru proiektu horiek jeltzaleek PSErekin adostutako aurrekontuan jasota daude, non 200.000 euro igo diren irisgarritasun-proiektuak egiteko: Bidebarrieta-Errekatxu, Birjiñape-Eibarko Bizikleta Plaza (merkatalgune barrutik), eta Telefónicako kalezulotik Aldatze eskola ingurura igoko dena. Nahi duguna da datorren urtean bertan errealitate izatea San Juanetik Aldatze-Jardiñetara doan igogailua. Proiektu hori behin eta berriro atzeratu du Udalak, eta auzoak utzikeria bidegabea jasan du urte luzez. Adostu dugu proiektua aurten idatziko dela, ahal bezain laster gauzatzeko konpromisoarekin batera, nabarmendu dute dute.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


