Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Agur Katalunia
“Nola ez gaitu minberatuko / herriaren hondamenak?/Etengabeko morrontzan gaude / lehen nagusitzan geundenak; / ongi dakite zer zor daukaten / aginpidea dutenak, / orain da ordu eskuratzeko / lehen kendu zizkigutenak”.
Ez dira oraingo bertsoak. Iñaki Eizmendi ‘Basarrik’ 1979an eginak, Gernikako Estatutua lehenbailehen eske. Gaurko begiratuaz, morrontzatik atera eta gure lurrean agintzeko egarria ez da ase oraindik Euskadin. Katalunian ere ez, ezagun denez.
Hor dugu aldameneko nazio katalana, herritarrak historia egiten, Kataluniaren historia, eta jendetzak ea urratzen duen independentziarako bidea. Berebiziko unea da. Horrelako ildoek, demokrazian eta bakean, nekez izan ohi dute atzerabiderik, ez bada herritarren botoak baztertzen dituelako.
Euskaditik begiratuta, kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit historia hurbileko gertaera batzuk, Euskadiren eta Kataluniaren arteko antz eta loturak ulertzeko. Gakoa, bi herrien nazio-nortasuna da eta giltza, nazio izaerari bidea ematea. Diktaduratik atera berritan eta autogobernuen hasieran, uste sendo bat ageri da. Herriek, Euskadik eta Kataluniak bezala, Estatu espainiarra eratu baino lehenagoko historia dutela jabetzen direnean eta, kontzientzia horrekin batera, kultura eta hizkuntza propioa dauzkatenean, konbentzituta egoten dira ez datozela Nazio-Estatu baten banaketa administratibotik, baizik eta berezko nortasuna dutela. Errealitate nazionala izatearen kontzientzia hori ez da hutsala: autonomia eta erakundeak, herriarentzat ez dira moda politikoa, baizik eta bere nahi historikoetarako erantzuna, nahi sakon eta ukaezinei.
Nor izateren oinarritik egin zen akordio politikoa eta Espainiako herriekiko harremana errespetuz eta onez eraikitzeko erabakia eta ahalegina. Baina, herritar askoren poza eta gogoa bizi-bizi zeuden garai hartan, izan ziren geroa igarri eta ohartarazi zutenak bidezko harremanak izango zirela, soilik Estatu erabakiek ez bazuten inoiz eragozten herri bakoitzaren berezko garapena. Gauza da, horixe gertatu dela. Euskal autogobernua herrenka dabil aspaldian, Gernikako Estatutua bete gabe eta desitxuratuta. Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Estatutu berria, erabakitzeko eskubidearen ariketa, Euskadiren herri eta subjektu politiko izaeran oinarrituz. Denok dakigu zer erantzun zion Estatuak Juan Jose Ibarretxe lehendakariari, eta beraz, herri honi: ez, eta kitto. Katalunian ere egin zuten Estatutuaren aldaketa. Alperrik. Eta Katalunian, umiliazioari esan diote aski dela eta independentzia behar dutela.
Sinetsita nago zilegi dela Katalunian egiten ari diren bidea. Zuzena eta beharrezkoa da pertsonen eta herrien duintasuna defendatzea, bakean eta demokrazian. Duintasun hori ez da abstraktua: giza eskubideetan gauzatzen da, bai pertsonen funtsezko eskubideetan bai herri eta nazioen eskubideetan: izateko eta bizitzeko eskubideak, askatasun eskubidea, autodeterminazio eta independentzia eskubideak. Eta zer, Kataluniak bere burujabetza osoa aldarrikatzen badu? Ba al da ba aurrerapen handiagorik XXI. mendeko Europan, herritarrek libre bozkatuz Estatu bati sortzea ematea baino? Aurreko gizaldiak gerrez josita daude. Bi mundu-gerra, iraultzak eta indarkeria franko, jendea armak eskuetan, heriotza eta suntsiketa…, eta gero? Gero Estatuen sorrera eta Europako mapen aldaketak. Bada, ozen esan nahi dut Katalunian egingo dutena, eskuan paper bat hartu, ez arma bat, boto bat baizik, eta beren herriaren etorkizuna erabakitzea, hori dela gizateriak eta historiak behar duten ekarpena. Hortxe dago demokraziaren indarra, politikaren gailurra eta herrien itxaropena.
Ikusten ari gara ez dela erraza demokraziaren ariketa politikoa egitea. Gezurraren eta beldurraren banderak gogor astintzen ari dira, askotan, jende apal eta herri txikia makurtzeko eta mendean edukitzeko. Pentsioak direla, bankuen ihesa, eurotik desterrua… Gauza bat azpimarratu nahi dut: demokraziarik ez badago askatasunik gabe, eta ez dago, eta beldurrak eta gezurrak jendearen askatasuna itotzen baldin badute, eta hala egiten dute, horiek ez dira libre demokrazian. Dominaziorako armak dira beldurra eta manipulazioa, eta demokrazia eta politika hondatu besterik ez dituzte egiten, indarkeriak beste era batera alferrik galtzen dituen bezala. Sinetsita nago, esanak esan, Europar Batasunak, hirugarren milurtekoan, jakingo duela moldatzen gertatzen ari den fenomeno honetara: bere barruko Estatuetan nazio izaera duten herriei emango die, Estatu aldarria asetzeko moduko erantzuna, legeak eta jokaerak demokraziara egokituz. Eta nazioarteak ere bai.
Gipuzkoako Batzar Nagusietan egunotan onartu dugu Kataluniaren eta Euskadiren erabakitzeko eskubidea defendatzen duen ebazpena. Ez gaude egoera berean bi herrietan. Indarkeriaren ondoren, bakea daukagu eraikitzeko eta bizikidetza zuzena. Halako zamarik ez daukate katalanek, ezta horrek sortzen duen zatiketa gainditu beharrik ere. Guk bai. Egingo dugu aurrera honetan ere. Eta emango diogu bidea herri nahiari, hitz eginez, ados jartzen saiatuz. Baina desadostasunak ezin du herriaren borondatea kateatu: azken hitza, herriaren gehiengoa errespetatzea, hori da demokraziaren urrezko legea. Orain urte gutxi Kataluniatik Euskadira begiratzen zuten. Orain, gu gaude hara begira. Erabaki dezatela nahi dutena zuzentasunean. Guztiok irabaziko dugu.
Beraz, Euskaditik agur, Katalunia! Bete bedi Xabier Leteren Cançó a Catalunya: “Itsas ilun honetatik zure argi haundira / Bihotz-begiak zabalik nagokizu begira / Urteak eta mendeak zugan iraupen dira, / Eraman gaitzazu azkar askatasun berrira. Oh, Katalunia!”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


