Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/07/08

Eredugarritasunean, zintzotasunean eta gardentasunean oinarrituko du foru gobernu berriak bere kudeaketa

Jokabide arau jakin batzuk onartu dira; besteak beste, Diputatuen kreditu txartelak bertan behera utzi dituzte
Imanol Lasa

Imanol Lasa bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio Diputatuak lehen agerraldi publikoa egin du. Bertan, iragarri du Foru Gobernu berriak “eredugarritasuna, zintzotasuna eta gardentasunaren” printzipio etikoetan oinarritutako kudeaketaren aldeko apustua egingo duela. Horretarako, diputatu guztiek, behin-behineko pertsonalak eta goi karguek jokabide arau jakin batzuk errespetatu beharko dituzte, hainbat alorretan: “Gipuzkoako gizartea ordezkatzeko eta zerbitzatzeko aukeratu gaituzte. Hori horrela, ez da nahikoa legea betetzea, askoz harago doan ardura dugulako esku artean. Eredu izan behar dugu”. 

Baliabide publikoak “zorrotz eta modu arduratsuan” kudeatzea da jokabide arau berriekin bilatzen den helburuetako bat. Bertan behera utzi dituzte diputatuen kreditu txartelak, esaterako. Aldunditik kanpoko protokolo bazkariak daudenean, erregistro batean jaso beharko dira zergatia eta faktura, kopuruarekin eta bazkarian parte hartu dutenen zerrendarekin batera. 

Era berean, Aldundiko karguen garraio zerbitzua ere mugatuko da. Aldunditik kanpoko konpromiso profesional edo instituzionaletarako baino ezingo da erabili, Diputatu Nagusiaren salbuespenarekin. Diputatuek ez dute etxetik bulegoetarako zerbitzurik izango. Halaber, kargu guztiek konpromisoa hartuko dute, idatziz, kortesiazko edo ohiturazko moldeekin zerikusia ez duten oparirik ez onartzeko.

Foru bozeramaileak azaldu duenez, lehen neurriak baino ez dira, Aldundiko kudeatzaile berriek gobernu formetan ezarri nahi duten aldaketa orokorraren barruan. Neurri hauek, eta beste batzuk, jarrera kode zehatz batean jasoko dira, diputatuek, aldi baterako pertsonalak eta goi-karguek derrigor bete beharko dutena. 

Onartutako neurrien artean dago diputatuek Gipuzkoako Batzar Nagusietan izapidetu duten ekimena, legealdi honetarako ezarri dituzten lehentasunen berri modu boluntarioan emateko asmoa daukatelako.

“Ekimen publikoaren dimentsio etikoa indartu nahi dugu. Gizarteak exijitzen digu denonak diren baliabideak zentzuz, arduraz eta eraginkortasunez kudeatzea, eta ahal den neurrian soberan edo behar-beharrezkoak ez diren gastuak bertan behera utzi edo murriztea. Gure buruarekin zorrotzak izango gara alor honetan, hori delako gipuzkoar guztiek eskatzen digutena”, azpimarratu du.

Azken urteetan herritarrengan areagotu den erakundeekiko mesfidantzari aurre egitea du Foru Aldundiak jomuga, gipuzkoarron konfiantza berreskuratuz. “Lurraldeko erakunderik inportanteena gara eta zintzotasunez jokatu behar dugu, une oro erakundearen izena eta irudia zainduz. Kudeaketa eremu guztiek Gobernu Ona eta etika izango dute oinarri”. 

Komunikazio plana

Bestalde, foru bozeramaileak iragarri du komunikazio eredua ere berritu nahi duela, “irekiagoa eta gardenagoa” izan dadin, bai lurraldeko eragile sozial, ekonomiko, kultural eta kirol arlokoekin, bai komunikabideekin, eta baita erakundeko langileekin ere. Ildo horretan, aurreratu du Ahaldun Nagusiak departamentu guztiak bisitatuko dituela, Aldundiko langileak ezagutu eta haiekin harreman zuzena izateko. Gainera, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazio diputatua, Imanol Lasa, lurraldeko hedabideetako arduradunekin batzartuko da legealdiko komunikazio planaren berri emateko.

 “Komunikazio plana jarriko dugu martxan. Ondo prestatutako lan taldea eratzea da gure asmoa, komunikabideen lana eta egunerokoa errazteko, sektarismorik eta inposaketarik gabe. Izan ere, oso bitartekari inportanteak dira Foru Aldundiaren eta gizartearen artean. Kritika bultzatuko dugu eta gure buruarekin ere kritikoak izango gara”. Halaber, Aldundiak konpromisoa hartu du hedabideen aurrean behar adina agerraldi egiteko.

Komunikazio planaren barruan, gaur egun dauden webguneak ere aldatu egingo dira, herritarrekiko harremana arindu, eta erabilera eta hedapena ere errazteko. “Komunikazio bulegoak lurraldeko eragileen eta herritarren eskakizun eta nahien jarraipena egitea nahi dugu. Ideia laborategi gisa funtzionatzea da gure asmoa, eta etengabe gizartearen joera eta eskaeretara zabalik egotea”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...