Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/14

Gure lehentasuna Tolosako jarduera ekonomikoa sustatzea izango da, ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta enpresekin elkarlanean

Peonek udalerriko eragile ekonomikoetatik gertu egoteko konpromisoa hartu du haien beharrak ezagutzeko eta proposamen zehatzekin ekonomia bultzatu eta enplegua sortzeko. Jeltzaleak azpimarratu du EAJ-PNVren kudeaketa eta lan eredua elkarlanean eta gertutasunean oinarrituko dela, bai eragile ekonomikoekin, baita tolosar guztiekin ere
Gure lehentasuna Tolosako jarduera ekonomikoa sustatzea izango da, ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta enpresekin elkarlanean

EAJ-PNVko alkatetzarako hautagai Olatz Peonek prentsaurrekoan berretsi du, lehen lan egunetik, udalerriko jarduera ekonomikoa sustatzea izango dutela helburu jeltzaleek, “eta hori ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta enpresekin elkarlanean egingo dugu” aitortu du. Horiek horrela, jeltzaleek beren hauteskunde programan enplegua sustatzeko eta ekonomiari bultzada emateko proposamen zehatzak jaso dituzte; aipatu proposamenak gainera, azken hilabeteotan Tolosako eragile ekonomikoekin landu eta garatutakoak dira. 

“Ezinbestekoa da eragile ekonomikoetatik gertu egotea eta lehen eskutik zein behar, arazo eta kezka dituzten entzutea, horiei erantzuna emateko eta Tolosako ekonomia bultzatu eta enplegua sortzeko” adierazi du. Horregatik, “gure udal jarduna eta kudeaketa elkarlanean eta gertutasunean oinarrituko dugu” hitz eman du Olatz Peonek.

“Tolosako jarduera ekonomikoaz hitz egitean kontutan izan behar ditugu industria, merkataritza, turismoa eta baita landa eremuko nekazaritza jarduera ere, jarraitu du, hori dela eta, neurri zehatzak landu ditugu aipatu esparru bakoitzerako”. Olatz Peonek datozen urteetan aurrera eraman nahi dituzten proposamenak aipatu ditu:

1. INDUSTRIA/ENPRESAK
Apatta Errekan enplegua sustatuko dugu instalazioak prezio eskuragarrien truke eskainiz
Prestakuntza, zerbitzuen eskaintza eta sektore ekonomiko berriak sustatuko ditugu Lehiberrin
Udalarenak diren lokalak ekintzaileei eskainiko dizkiegu
Ekintzaile eta industriarentzat leihatila bakarra sortuko dugu negozio berriak irekitzeko tramiteak erraztu eta arintzeko

2. MERKATARITZA ETA OSTALARITZA
Merkataritza-saila sortuko dugu Tolosan estrategikoa den sektore hau indartzeko eta sortzen dituen 1.500 lanpostuak babesteko
Udalaren eta merkatarien arteko akordioak sustatuko ditugu, hala nola, aparkalekuak erabiltzeko
Dendarien eraberritze proiektua indartuko dugu jubilazioen aurrean erreleboa bermatuz

3. TURISMOA ETA AZOKAK
Azoka berritzaileak sustatu, egungoak eta egunerokoak alde batera utzi gabe.
Euskal Herria plazan lo egiteko ostatua eraikiko dugu
Turismo bulegoa lekualdatuko dugu erdigunera eramanez (Triangulo)
“Tolosa Gourmet” indartuko dugu, turismoari, merkataritzari eta ostalaritzari lotuta

4. LANDA EREMUA
Babarrunaren eta produktu ekologikoen ekoizpena sustatuko dugu
Eguneroko azokak indartuko ditugu
Nekazari gazteak lagunduko ditugu
Lurren bankuaren proiektua osatuko dugu eta kontsumo-taldea indartu

Azkenik, Peonek azpimarratu du Tolosak gobernu proaktiboa behar duela udalerriko ekonomia jarduera babestu eta sustatzeko, izan ere, azken lau urteak, lau urte galduak izan dira EH Bilduk ez diolako lehentasuna eman ekonomiaren suspertzeari, eta era berean ez du enplegu planik ezta proiektu berririk garatu. “Guk aldiz, proiektu berriak lantzeko eta aurrera eramateko konpromisoa hartzen dugu; gure proposamenak martxan jarriko ditugu, betiere, industria eta merkataritzarekin elkarlanean, enplegua sortzeaz gain, aberastasun iturri direlako eta horrek gu guztion ongizatean eragiten du” amaitu du jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...