Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/30

Pasaia indarberritzeko eta behar duen bultzada emateko proposamen zehatzak egin ditu EAJk

Adierazi dutenez, ekonomia eta enplegua berpiztea funtsezkoa izango da datozen urteetan. Era berean, kudeaketa ona oinarrian hartuta lan egingo dutela azpimarratu dute, gaur egungo egoera hobetzeko eta pasaitarren benetako beharrei erantzuteko eta etorkizuna edukiko duen Pasaia eraikitzeko
Pasaia indarberritzeko eta behar duen bultzada emateko proposamen zehatzak egin ditu EAJk

Oterminek zuzendutako taldeak datorren legegintzaldira begira duen lehentasunetako bat, ekonomia eta enplegua berpiztea da. Horretarako, jeltzaleek merkataritza sustatu eta dinamizatu behar dela eta negozio berriak irekitzeko bideak erraztu behar direla azpimarratu dute. Zentzu horretan, alkategaiak adierazi duenez, “jakin badakigu Pasaian establezimendu berri bat ireki nahi dutenek zailtasun handiak dituztela, eta egoera horri amaiera eman behar zaio; jakin badakigu, modu berean, merkatarien artean ezinegona zabaldu dela Udaletik ez zaielako nahikoa laguntzen eta babesten. Horregatik, formula berriak bilatuko ditugu merkataritza sustatzeko, eta dinamizazio-planak landuko ditugu, Laurak Bat-ekin batera”. Hori dela eta, “bertako merkataritza eta ostalaritza laguntzeko konpromisoa hartzen dugu, izan ere, herriari bizia ematen diotela eta aberastasuna eta enplegua sortzen dutela uste dugu”. Bestalde, esparru ekonomikoari helduta, Nahikarik prestakuntza sustatzeko beharra azpimarratu du, baita ekintzailetza sustatzekoa ere, eta horretarako autoenplegua sustatzen duten programak baliatu daitezkeela esan du.

EAJ-PNVk planteatutako jardueraren beste ardatz bat hondakinen bilketan datza, kale-garbiketa ahaztu gabe. Gauzak horrela, Oterminek konpromisoa hartu du kaleen garbiketa eta mantentzea hobetzeko, modu horretara, Pasaia atseginago eta bizigarriago bat eraikitzeko. Xede horrekin, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa azpimarratu ditu. Hondakinen bilketari dagokionez, Oterminek iragarri duenez, kontsulta lotesle bat egingo du herriari entzuteko eta pasaitarrei hitza emateko nahi duten bilketa-sistema erabakitzeko orduan. "Gure gobernu-ereduak eta gobernatzeko erak ez du inposiziorik onartzen, eta, horregatik, herri-kontsulta bat egingo dugu, nahiz eta Pasaia osoan 5. edukiontzia jartzearen aldeko apustua egiten dugun" adierazi du.

Bestalde, EAJ-PNVren ustez, ezinbestekoa da pasaitar guztien irisgarritasun ona ziurtatzea, eta alor horretan hobetzeko alderdi ugari daudela azpimarratu dute, ildo horretatik espaloien mailak beheratzea edota igogailuak jartzea aztertuko dute.

EAJ-PNVk alokairua sustatzeko apustu garbia egin du, eta horretarako, merkataritza-etxabeak etxebizitza bihurtzeko neurriak sustatuko dituzte, eta etxebizitza-sail bat sortuko dute, udalerrian hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestuaren merkatuan sartzeko; “guztiarekin, alokairuko etxebizitzaren eskari gero eta handiagoari erantzun nahi diogu, eta gizartean gertatzen ari diren aldaketen ondorioz, pasaitarrek etxebizitzaren alorrean gaur egun dituzten beharrei erantzun nahi diegu.

Eskuarki, Jeltzaleek gizarte-kohesioa sustatuko dute, Pasaia solidarioago bat egiteko; leihatila bakarraren eredua sustatuko dute gizarte-zerbitzuetarako; kalean euskararen erabilera sustatuko dute, euskararen normalizazioari laguntzeko eta Pasaia euskaldunago bat egiteko; aisialdiko gune berriak sortuko dituzte gazte eta hirugarren adineko pertsonentzat eta haur-parkeak estaliko dituzte, euria egiten duenean ere erabili ahal izateko. "Eta pasaitar guztiekin batera egingo dugu, kontuan hartuta nahi eta behar dutena, hurbiltasunetik, entzute aktibotik, gardentasunetik eta kudeaketa onetik, eta beste erakunde batzuekin batera". "Gaur egungo egoera hobetzeko eta beste Pasaia bat eraikitzeko modu bakarra da: etorkizuna, enplegua eta proiektuak dituen Pasaia eraikitzeko modu bakarra" esan du amaitzeko. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...