Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eneko Goiak beste hiriekin lankidetza sareak finkatuko ditu, Donostia zabaldu eta nazioarteratzeko
Ezinbestekotzat jo du konektibitatea bultzatzea, sektore ekonomiko tradizionalen zein berritzaileenen etorkizuna bermatzeko
Bere lan taldeko kideekin, EAJ-PNVko Donostiako alkategai Eneko Goiak, hainbat proposamen aurkeztu ditu hiria nazioarteratzeko, alor hau, konektibitatearekin batera, funtsezkoa dela azpimarratuz, Donostiaren garapen ekonomikoa errazteko, eta etorkizuna bermatzeko turismoa eta merkataritza bezalako sektore tradizionaletan, zein zerbitzuen edo teknologiaren sektorean. “Tren estazio bat, jarduera ekonomiko handiko portu bat, edota aireportu bat gertu edukitzeak ez du ziurtatzen garapen ekonomikorik, baina ezinbesteko baldintza bada”, nabarmendu du.
Ildo horretan, Goiak adierazu du Hondarribiko aireportuko instalazioen modernizazioa eta pistaren ordenazioa bultzatuko dituela, lehiakorragoa, eta hegaldi komertzial eta pribatuentzat erakargarriagoa izan dadin. Era berean, eta kontuan hartuta Miarritzeko aireportuko erabiltzaileen %30 gipuzkoarrak direla, eta Europako hainbat herrialdeetatik Donostiara etortzeko sarbide nagusietako bat dela, autobus zerbitzu berria jarriko du martxan Foru Aldundiarekin elkarlanean bertara joan ahal izateko.
Abiadura handiko lerroa osatzen jarraitzearen alde ere agertu da hautagai jeltzalea. Helburu gisa aipatu du martxan jartzea Donostia, eta Hendaiako eta Frantziako sarearen arteko lotura 2018rako, hirugarren haria delakoaren bidez; Madrilgo lotura 2019rako bukatzea; merkantzietarako saihesbidea egitea, hiritik pasa ez daitezen, eta “konponbide arkitektoniko bat bilatzea, abiadura handiko geltokia, Tabakalera eta autobus geltokia integratzeko, inplikatutako erakunde guztiekin elkarlanean”.
Udal aktiboa promozioan
Goiarentzat, lehentasun gisa hartu behar da Donostia marka Europan eta munduan behar bezala kokatzea. Horretarako, udal kudeaketa planean, besteak beste, proposatzen du hainbat ekintza eta aliantza estrategiko zehaztea, urtero, Udalak komunikaziorako eta lanerako ildo berriak jorratu ditzan. “Enpresak, eta bestelako hainbat erakunde, batetik bestera ibiltzen dira, eta merkaturatze eta aliantza planak jartzen dituzte martxan. Eta Udalak ere beste horrenbeste egin behar du. Alkateak, hiriaren lehen 'komertziala' izan behar du, eta lan horri garrantzi handia eman behar dio, hiriko eragileekin, sektore turistikoarekin, hezkuntza zentroekin, edota enpresekin batera”.
Estrategia horren baitan, haren ustetan, ezinbestekoa da senidetutako hiriekin harremanak biziberritzea, eta loturak sendotzea interesgarriak diren beste hainbat hirirekin, hala nola Bartzelona, Edinburgo, edota Tolouse, aurretik haiekin dauden harremanak aprobetxatuz. Halaber, ezin da alde batera utzi Donostia markaren promozioa estrategikoak diren merkatuetan, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua edo Alemania, esaterako, eta hazkunde tarte handia duten beste batzuetan: Errusia, Australia, AEBak, Japonia...
Goiaren arabera, orain arte egindako bidea aprobetxatu behar da. “Hiri kosmopolita da Donostia. Kirol eta kultur arloko tradizio handiko ekitaldiak dauzka, hala nola Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Behobia Donostia lasterketa, txirrindularitza klasikoa, Donosti-cup... Sona handia dute guztiek, eta gastronomiarekin eta gure hiriaren bizi-kalitatearekin batera, erakargarritasun elementu inportanteak dira”.
Beharrezkotzat jo du ere hirugarren sektorea bultzatzea, Donostiaren egitura ekonomikoan %90eko pisua duelako, “zerbitzu aurreratuenei” garrantzi berezia eskainiz. “Industrializazio maila handia duen lurralde bateko hiruburu gara, eta Euskalhiriaren erdigunean gaude. Gure kokapen geografikoak, eta gure hiriak nazioartean duen oihartzunak, aukera bikaina eskaintzen dute mugaz gaindiko fluxuak areagotzeko”, azaldu du.
Horretarako, “gure zerbitzu enpresen nazioarteratzea” bultzatzea proposatu du, “kanpoko merkatuetan sar daitezen erraztuz, eta promozioan lagunduz, estrategia partekatuekin”.
Hiri anitza eta munduari irekia
Hautagai jeltzaleak gogorarazi du, duela bi mende, Donostiak bere hesiak bota zituela eta mundiari ateak zabaldu zizkiola. Mugak eta hesiak gainditzen jarraitzeko apustua egin nahi du, hiri anitza eta askotarikoa eraikitzeko bidean, sustraiak ahaztu gabe, beti ere. “Aberastasun horren makina bat adibide dauzkagu. Donostiarrak ziren Pio Baroja zein Txillardegi. Donostiarrak ere Lauaxeta eta Gabriel Celaya, eta Mikel Laboa eta Imanol Lartzabal”.
Bukatzeko, Donostiak bere erronkak gainditu eta elkarbizitza zintzoa eraikitzeko, baloreek duten garrantzia goraipatu du. “Aurrenekoa, eta inportanteena, besteak errespetatzea da. Proiektu komuna egiteko, donostiar guztien parte hartzea behar da, eta parte-hartze hori aldamenekoarekiko errespetuan oinarrituta gauzatu daiteke soilik”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


