Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/10

Oterminek Pasaiaren etorkizuneko proiektuari ekarpenak egiten jarraitzera animatu nahi ditu pasaitarrak

Nahikari Oterminek modu baikorrean baloratu ditu bai Pasaiako eragileekin egindako bilerak eta baita parte hartzerako ezarri diren bide ezberdinez baliatuz herritarrek egindako ekarpenak ere. Adierazi duenez, pasaitarrekin batera egiten ari diren diagnostikoaz baliatuz, EAJ-PNVk proiektu sendoa eta pasaitarrengan ilusioa piztuko duena aurkeztuko du, herritarrak kontutan izango dituena eta beraien beharrei erantzungo diena.
Oterminek Pasaiaren etorkizuneko proiektuari ekarpenak egiten jarraitzera animatu nahi ditu pasaitarrak

EAJ-PNVren alkategaia den Nahikari Otermin buru duen taldeak, asteak daramatza herriko talde eta eragile ezberdinekin biltzen beraien behar, arazo eta kezkak gertutik ezagutzeko. Halaber, Oterminek adierazi duenez, pasaitarren banakako ekarpen ugari jaso dituzte dagoeneko, herritarren iritzi, ardura eta proposamenak jasotzeko orain dela aste batzuk antolatu zituzten parte hartze bide ezberdinak erabiliz.

Bide honetan, jeltzaleak nabarmendu du herritar asko izan direla zaborrak biltzeko Bilduren udal gobernuak inposaturiko sistemarekin beraien desadostasuna erakutsi dutenak, beste askok kale garbiketa hobetzeko ere eskatu dute, eta jasotako beste eskarien artean daude: haur parkeen egoera hobetu eta hauek estaltzea, herriko komertzio txikia babestea, ekintzailetasuna bultzatzea lanpostuak sortzeko edota gazteentzako aisialdirako eskaintza barriak sortzea.

Oterminek baikor baloratu du eragile ezberdinekin izandako bilerak, eta baita jasotako ekarpenak ere “zalantzarik gabe Pasaiaren etorkizunerako gure proiektua indartuko dute” adierazi du. “Jasotako ideia, proposamen eta iradokizun bakoitza eskertu nahi dut, guztiak era baikorrean eginak izan direlako eta parte hartzeko eta laguntzeko asmoarekin” azpimarratu du. Guzti horrengatik, alkatetzarako hautagaiak nabarmendu eta eskertu nahi izan du pasaitarrek erakutsitako elkarlanerako jarrera.  “Agerikoa da Pasaiako kultur, kirol, ekonomia edota gizarte eragileek asko dutela esateko, eskaintzeko eta laguntzeko eta beraiei entzutea nahi dute” adierazi du Oterminek.

Jeltzaleen ustetan, hau udal gobernuak erakutsitako jarrera inposatzailea, kudeaketa txarra eta ekimen faltaren ondorio zuzena da. Horregatik, EAJ-PNVk azpimarratu du Pasaiak aldaketa behar duela, pasaitar guztien alde lan egingo duen udal gobernu eraginkorra, egungo egoera hobetuko duen udal gobernua eta ez arazo berriak sortzen dituena; Pasaiak udal gobernu sendoa behar du, herriari behar duen bultzada emango diona eta pasaitarrei merezitako etorkizuna eskainiko diena. 

“Pasaitarrekin batera egiten ari garen diagnostikoa guztiz lagungarri izango da EAJ-PNVk Pasaiaren etorkizunerako proiektu sendoa aurkezteko, herritarrengan berriro ere ilusioa sortuz eta beraien benetako kezka eta beharrei erantzuna emango diena, inposaketatik aldenduz eta herritar guztiak entzun eta beraiek nahi dutena kontutan izanda, horrela, beraiekin batera bestelako Pasaia eraikitzeko, denona, proiektuekin eta etorkizunarekin” adierazi du Otermin hautagaiak.

Bukatzeko, jeltzaleak pasaitarrak animatu nahi izan ditu parte hartzera eta beraien ekarpenak egiten jarraitzera, horretarako web orria erabiliz (www.bestelakopasaia.eus) edota Facebook (facebook.com/pasaiako.eajpnv), twitter (@eajpnvpasaia) edo helbide elektronikoa erabiliz info@bestelakopasaia.eus. Gure helburua da pasaitar guztiek beraien iritziak emateko aukera izatea, horrela gure proiektuarekin identifikatuak sentitu daitezen eta elkarrekin gure herriaren etorkizuna eraiki dezagun” esanez amaitu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...