Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/19

Irunek behar duen aldaketa ekartzeko eta gobernatzeko gaitasuna duen hautagaitza sendoa aurkeztu du EAJ-PNVk

Alkatetzarako bidean, Xabier Iridoyrekin batera joango diren gizon-emakumeek enpresa pribatuan duten ibilbide profesionala eta administrazio publikoan duten esperientzia goraipatu dituzte jeltzaleek. Egungo gobernu sozialistaren inertzia eta ekimen faltarekin amaitzeko bere taldearen gaitasuna azpimarratu du Iridoy, eta EAJ-PNV alderdiaren sendotasuna, babesa eta balioak nabarmendu ditu.
Irungo hautagaitza

Datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako, Xabier Iridoy buru duen hautagaitza aurkeztu du gaur goizean Irungo EAJ-PNVk San Juan plaza inguruan egindako ekitaldian. Bertan, jeltzaleek zerrendako lehenengo hamar pertsonen izenak ezagutzera eman dituzte, eta «egungo gobernu sozialistaren inertzia eta ekimen faltarekin amaitzeko, oso ondo prestatutako, Irunekin konprometitutako, taldean lan egiteko eta Irunek behar duen aldaketa ekartzeko gaitasuna duen gizon-emakumeen zerrenda» dela adierazi dute.

EAJ-PNVk hautagaitza indartua aurkezten duela baietsi du Xabier Iridoy zerrenda-buru jeltzaleak. Profil desberdineko pertsonen taldea dela adierazi du, hiria gobernatzeko eta ekonomiarekin, gizarte ongizatearekin, hirigintzarekin eta obrekin, euskararekin eta kulturarekin lotutako arloak kudeatzeko gaitasuna duena. «Esperientzia eta gaztetasuna uztartzen ditugu; enpresa pribatuan ibilbide profesional garrantzitsua eta administrazio publikoan eskarmentua duten emakume eta gizonen taldea osatu dugu» nabarmendu du.

Alkatetzarako bidean, Xabierrekin batera joango dira Lourdes Larraza, minusbaliotasuna duten pertsonen zentro bateko arduraduna eta, gaur egun, Irungo EAJ-PNVko lehendakaria; Jose Corchon, ekonomialaria, Udaletxeko zinegotzia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVko batzarkidea; Josune Gomez, irakaslea eta pedagogoa, eta EAJ-PNVko zinegotzia Udaletxean; Miren Guezuraga (independentea), arkitekto teknikoa, eraikuntzan ingeniaria eta Ekonomian lizentziatua; Gorka Alvarez, Enpresaritzan diplomatua, Kongresuan EAJ-PNV talde parlamentarioaren laguntzailea eta Irungo EGIko presidentea; Enrique Aizpiolea (independentea), Irungo enpresa batean lehengaien harreragilea eta zinegotzia Udaletxean; Ana Gayoso, geriatria laguntzailea eta zinegotzia Udalean; Oscar Luque, medikua eta EAJ-PNVko Uri Buru Batzarreko kidea, eta Lupe Olaizola, Magisteritzan diplomatua eta Irungo ikastetxe bateko irakaslea.

Azken batean, «talde konprometitua aurkezten dugu, 32 urtez gobernu sozialista agintean egotearen ondoriozko ekimen falta, inertzia eta ilusiori ezaren aurrean, freskotasuna, ideia berriak eta, batez ere, ilusioa eta ilusiozko proiektua dakartzan taldea ekarri dugu hona» azaldu du hautagai abertzaleak. Horren harira, EAJ-PNV Irun gobernatzeko alternatiba erreal gisa aurkeztu du, PSEren eredu agortuaren aurrean.

Bere adierazpenetan, Xabier Iridoyk EAJ-PNVren sendotasuna eta balioak azpimarratu ditu, besteak beste, lana, gertutasuna, etengabeko entzutea, gobernu ona, konpromisoa… Halaber, EAJ-PNVk gobernatzen dituen eta gobernatuko dituen erakundeekin modu koordinatuan lan egitearen garrantzia nabarmendu du Irunentzat eta irundarrentzat hoberena lortzeko. «Irunek administrazio guztien agendetan egon behar du. Ildo horretan lan egin dugu eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu» adierazi du.

«Gure alderdiaz, bere balioez eta pertsonekiko duen konpromisoaz harro gaude. Ez dut gauza bera antzematen beste batzuengan, bere alderdiaren siglak eta nortasun zeinuak ezkutatzen ari baitira. Santanok bere alderdia, PSE, saihesten du» amaitu du Iridoyk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...