Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Tolosarako proiektua lantzeko eragile eta herritarren elkarlana eta ekarpena eskertu du
Olatz Peon hautagaiak balorazio oso positiboa egin du eragileekin izandako bileren eta herritarrengandik jasotako ekarpenen inguruan eta beren ikuspegia azaltzeko eta ekarpenak egiteko orduan herritarrek erakutsitako jarrera partehartzaile eta laguntzailea azpimarratu ditu
Olatz Peon EAJ-PNVko alkategaiak Tolosako eragileekin egindako bileren eta herritarrengandik jasotako ekarpenen balorazio orokorra egin du. Jeltzaleek gauzatutako alderatze-lanaren eta abian jarritako parte-hartze prozesuaren helburua izan da eragileen eta herritarren beharrak gertutik entzutea, eta beren ideiak, proposamenak, iradokizunak eta kexak jasotzea.
Hautagai jeltzaleak azaldu duen moduan, “azken hilabeteetan, Tolosako ekonomi, gizarte, kultur eta kirolaren alorretako eragileekin bildu gara; enpresak eta adinekoen egoitzak bisitatu ditugu eta gure udalerriaren ekonomiarentzat hain garrantzitsuak diren dendari eta ostalariekin ere elkartu gara. Hainbat gai landu ditugu guztiekin: turismoa eta azokak sustatzeko beharra, lehen sektorearen eta landa gunearen egoera, garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena, industriaren egoera, gizarte-politikak, elkarbizitza, gazteen aisialdia, hezkuntza edota hirigintza gaiak jorratu ditugu".
Era berean, tolosar guztiengana hurbildu eta bakoitzak dituen beharrak ezagutzeko helburuari helduta, jeltzaleek herritarrei zuzendutako parte-hartze prozesua abiarazi zuten, eta tolosarrek benetan parte hartu eta iritzi eman nahi dutela baieztatu dute. "Herritarrek entzutea eta esaten dutena kontuan hartzea nahi dute, eta horren erakusle dira izandako partaidetza altua eta jaso ditugun ekarpen kopurua" azpimarratu du Olatz Peonek. Tolosarako proiektua lantzean eragileek zein herritarrek erakutsitako lankidetza handia eskertzeaz gain, jeltzaleak ekarpenak egiteko eta ikus-puntuak azaltzeko orduan guztiek izandako jarrera positibo zein irekia nabarmendu du.
Olatz Peonek adierazi duenez, jasotako ekarpen eta proposamen guztiak hartuko dira kontuan, eta bere lantaldea guztiak aztertzen ari dela gaineratu du, izan ere, jeltzaleen proiektua aberasteko eta osatzeko benetan baliagarriak dira. “Tolosarren lankidetzari eta parte-hartzeari esker, proiektu sendo, itxaropentsu eta bateratzaile bat aurkeztuko dugu, tolosar guztiak kontuan hartuko dituena eta udalerriko herritar, eragile eta auzo guztien benetako beharrei erantzungo diena”.
Herritarren proposamenei dagokienez, Olatz Peonek askotariko ekarpenak jaso direla azpimarratu du, baina guztien laburpen bat egiteko, hautagaiak gaika azaldu ditu ondorio orokorrak eta gehien errepikatu diren ideiak eta proposamenak.
1- AUZOAK:
Oro har, gaueko zarata, zaintza, herritarren segurtasuna, argiztapena eta kaleen garbiketa (zehazkiago txakurren gorotzak eta horma-irudiak) dira herritarren kexa nagusiak. Auzoka, tolosarrek hainbat proposamen egin dituzte, besteak beste: Iurren TAO sistema ezartzea eta haur-parke estali bat egitea; Berazubin egoiliarren aparkalekua jartzea; Txaramarako bidegorri bat egitea; Apeaderon igogailu bat jartzea edota Araba etorbidean gizarte-lokala irekitzea. Era berean, Alliri eta Montezku auzoak utzita daudela salatu dute herritarrek, baita Gudari eta Laskorain kaleetan eta anbulatorio inguruan asfaltatzea eta argiztapena falta dela ere.
2- ENPLEGUA:
Jasotako ekarpenek tolosarrak gaur egungo krisia dela eta oso kezkatuta daudela erakusten dute, eta agerian uzten dute Udalaren eta Aldundiaren gelditasuna egoerari konponbide bat emateko. Oro har, sektore ekologikora eta gazteengana bideratutako lanbide berriak sustatzea proposatu dute tolosarrek, eta enpresei berrikuntza-proiektuetan laguntzea, diru-laguntzei eta ekintzailetzari dagokienez erraztasun handiagoak ematea eta autoenplegurako laguntzak eta langabetuentzako ikastaroak eskaintzea aipatu dituzte.
3- HONDAKINAK:
Hondakinen kudeaketari dagokionez, ekarpen eta eskaera gehienak ildo beretik egin dira: tolosarrek 5. edukiontzia eta zaborra egunero ateratzeko aukera edukitzeko eskatu dute. Bestalde, penagarria deritzote kaleek eguerditan duten itxura, dendariek utzitako kartoiak direla eta, baita gobernuak erabilgarri dagoen azpiegitura ez erabili izana ere, eta gaur egungo sistema nabarmen hobe daitekeela ere gaineratu dute.
4- TRAFIKOA:
Foru etorbidearen noranzkoa aldatzeko eskaera errepikatu da gehien; izan ere, Tolosa osoari bira eman behar izatea ekidin nahi da. Bestalde, zenbait tolosarrek doako aparkalekuen kopurua areagotzea, garraio publikoa sustatzea eta zerga-pizgarrien truke autoaren ordez bizikletaren erabilera sustatzea proposatu dute.
5- GAZTEEN AISIALDIA
Gaiaren konplexutasuna dela eta, herritarren ustez gazteei dagokie erabakiak hartzea eta beren iritzia ematea. Zenbaitek Usabalgo kiroldegia jai-egunetan arratsaldez irekitzeko proposamena egin dute, edo prezio "herrikoiagoak" ezartzekoa edo gazteentzako lokal gehiago irekitzekoa, betiere segurtasun-araudi bat betez.
Jeltzaleak, aipatutako gaiez gain, orohar egin diren beste zenbait proposamen aipatu nahi izan ditu, hala nola: laguntzen gaineko kontrola areagotzea; kirol-zirkuitu turistiko bat sortzea Maala eta Uzkizu artean; Tolosan "Ontziratu zaitez" kanpaina sustatzea; udalerriko dendak laguntzeko eta suspertzeko politikak bultzatzea edo Tolosak kanpoan ematen duen irudia zaintzea.
Amaitzeko, Olatz Peonek bere taldea proposamen guztiak aztertzen ari dela errepikatu du, Tolosarako proiektua ekarpen horiekin aberastea baita helburua, herritarrekin elkarlanean programa eratu eta elkarrekin etorkizuna eraikitzeko. Adierazitako guztia dela eta, EAJ-PNVk parte hartzen eta ekarpenak egiten jarraitzera animatu ditu herritar guztiak.
Nabarmenak...
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
ERRENTERIA
2026/05/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


