Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/06

EAJk azpimarratu du tolosarrek ez dutela edukiontzi sistema berriari buruzko nahikoa informazio jaso

EAJ-PNVko udal taldeak ohartarazi du Bilduk gauzak “korrika eta presaka” egin dituela eta ondorioz, posible dela sistema berriaren emaitzak espero bezalakoak ez izatea. Jeltzaleek adierazi dute edukiontzi sistema berriak hainbat kezka eta kexa eragin dituela tolosarren artean.
EAJk azpimarratu du tolosarrek ez dutela edukiontzi sistema berriari buruzko nahikoa informazio jaso

EAJ-PNVko udal taldeak prentsa ohar bidez azpimarratu du Bilduko udal gobernuak ez dituela herritarrak behar bezala informatu edukiontzi sistema berriaren inguruan, eta ondorioz, ezjakintasuna eta zalantzak dira nagusi. Jeltzaleen hitzetan, udal hauteskundeen gertutasunak eraman du Bilduko udal gobernua “korrika eta presaka” bilketa sistema berria Tolosan martxa jartzera. Udal talde jeltzaleak gehitu du, herri ekimenari eta tolosarren atez atekoarekiko aurkakotasunari esker lortu dela Tolosan aipatu sistema ez jartzea. Hala eta guztiz ere, sistema mota berri honek azken asteotan hainbat kezka eta kexa eragin ditu herritar, merkatari eta ostalarien artean. Tolosarrek galdegiten dute: zergatik itxi dituzte lur azpiko zabor ontziak, herritarren onespena bazuten eta horiek jartzeko inbertsio handia egin bazen? Zergatik mugatzen dituzte zaborrak botatzeko egunak? Zergatik sartzen dira norbanakoaren intimitatean? Zergatik ez dituzte tolosarrak behar bezala informatu?

“Sistema erabakitzeko orduan ez zen adostasunik izan, eta ezartzerakoan berriz, inprobisazio eta plangintza falta izan dira nagusi, azaldu dute jeltzaleek, tamalez gobernuak ohituak gaitu kudeaketa eta jokabide horietara” gehitu dute. Inprobisazio eta plangintza faltaren isla zuzena izan dira sortutako ilara luzeak, herritarren kexak eta merkatari eta ostalarien informazio eza.

EAJ-PNVK adierazi du, inprobisazioak, zalantzak, kexak eta amorruak ondorio izan dezaketela sistema berriaren emaitzak udal gobernuak espero bezalakoak ez izatea, eta baliteke hori gertatu ezkero, EH Bilduk atez atekoa Tolosan jarri nahi izatea gobernuan jarraitzen badute, birziklatze tasa altuagoak lortzeko sistema egoki bakarra dela aldarrikatuz. “Mehatxu horrekin aurkeztu ziguten Tolosarako sistema berria, izugarrizko dirutza kostatu duena eta erabilerarik gabe utzi dituena genituen hainbat azpiegitura, edukiontzi, lur azpiko zabor ontzi eta amortizatu gabeko kamioiak” azaldu dute.

“Tolosarrek behar bezala banatu nahi dituzte hondakinak, baina horretarako, udaletxeak beharrezko informazioa eman behar die herritarrei eta beren beharrei egokitutako zerbitzuak eskaini, kontuan izanda, batetik, ingurumen jasangarritasuna eta jasangarritasun ekonomikoa, eta bestetik, tolosarren behar, ohitura eta irizpideak” aitortu dute.

Azkenik, EAJ-PNVko udal taldeak azaldu du datozen hauteskundeetan zigortuak izan ez daitezen ezarri duela Bilduk edukiontzi sistema berria Tolosan, baina mundu guztia aztoratu eta haserretzea besterik ez dute lortu erabaki honekin, izan ere, atez ateko sistema defendatzen dutenak zein udaletxeak sustatutako edozein hondakin bilketa sistemak formakuntza eta informazioa oinarri izan behar duela defendatzen dutenak haserretu dituzte. “Azken finean, udaletxeak herritarren zerbitzura egon behar du eta ez herritarrak udal gobernuaren interes alderdikoien zerbitzura” amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...