Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
2008/07/29
IDOIA ZENARRUZABETIAK HERRI GALDEKETA ARAUTU ETA DEITZEKO LEGEARI JARRITAKO HELEGITEAREN AURREAN AURKEZTUKO DUEN IDAZKIA AURKEZTU DU
Jakin dakizuen moduan, joan den uztailaren 15ean, Espainiako gobernu buruak Konstituzio Auzitegian Eusko Legebiltzarrak onartutako Herri galdeketa legea inpugnatu ondoren Jaurlaritzaren Kontseiluak hori oso larritzat jo zuen "oso larria da, benetan, loteslea ez den herri-galdeketa bat politikoki etetea, galdeketaren xedea euskal gizartearen iritzia zein den jakitea baita, elkarrizketa bidez indarkeriari amaiera emateko eta euskal gatazkari konponbide politikoa emateko" Halaber, "ezarritako beto politiko hau salatu nahi du Jaurlaritzaren Kontseiluak, beto horrek galarazi egin nahi duelako euskal herritarrek politikan parte hartzeko duten eskubidea askatasunez balia dezaten, eta, azken batean, eten egin nahi duelako Euskal Herriaren autogobernu politikoa".
Jaurlaritzaren Kontseiluak Auzitegi Konstituzionalari eskatu zion erabaki hartan, aginte politikoarengandik aske jardun, eta Herri-galdeketaren konstituzionaltasunaz erabakia eman dezala nahitaez irailaren 15a baino lehen; bestela, auziak eta etenak data hori gaindituz gero, Legea indarrik gabe geratuko litzateke, herri-galdeketa ezinezkoa eginez, eta horrek atzera gabeko kaltea ekarriko luke, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren borondatea eta euskal herritarrei Gernikako Estatutuan aitortzen zaien politikan parte hartzeko eskubidea urratuaz.
Eta edozein kasutan, atzera gabeko eta behin betiko kalterik ez ekartzeko, berehalakoan indarrik gabe utz dezala herri-galdeketa deitu eta arautzeko 9/2008 Legearen aplikazioa eteteko erabakia, eskatu zitzaion.
Orduan, Jaurlaritzak neurri juridiko eta instituzionalak abian jarriko zituela iragarri zuen autogobernuari eta demokraziari estatuaren erabaki honek eragindako bidegabekeri horri aurre egiteko.
Bada, eta iragarritako urratsen baitan, Jaurlaritzaren Kontseiluak Auzitegi Konstituzionalean, dagokion epearen baitan, Rodriguez Zapatero gobernu buruak jarri duen inpugnazioari aurre egiteko aurkeztuko dituen arrazoibideak aztertu ditu, gaur.
Gobernu buruaren halako jokabide handiuste eta arbitrarioa nekez esplika daitezke printzipio demokratikoetatik eta agerian uzten dute, bestalde, Rodriguez Zapatero jaunaren eredua Euskadirentzat eta euskal gizarteari ezarri nahi dion proiektua: zuzen-zuzenean eraso dio gure autonomiari, eta, funtsean, etenda utzi du gure autogobernu politikoa, alegia, Euskadik eta Espainiako Estatuak Gernikako Estatutuan lotutako itunaren fruitua.
Orduan aurreratu genuen moduan, inpugnazioak oinarri politiko hutsak ditu, nahiz hauek jantzi juridikoekin mozorrotu nahi izan, eta ez bakarrik Legebiltzarrak onartutako Legea indarrean jartzea gelditu nahi duela, hots herri galdeketa bertan behera utzi nahi duela etenaldi baten bitartez, baizik eta horrekin batera estatuak jarri duen helegiteak Legebiltzarrak hartu duen erabakia bihurritzen duelako Auzitegi Konstituzionala nahasarazteko eta horrekin batera gizarteari sinistu arazteko independentziarako erreferendum baten aurrean gaudela, hori gezur hutsa denean.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak estatuak egindako argumentazioak banan bana arrazoibideen bitartez ukatuko ditu eta berdin jokatuko du PP egin duen helegitearen aurrean. Eusko Legebiltzarrak onartu duen Legeak ez baitu baimena beharko lukeen inongo erreferendumik deitzen. Ez baita egia Lege honen tramitazioa Legebiltzarraren araudien kontra egin denik. Eta ez baita zuzena eta egia esatea herri galdeketak oro har eta bereziki bigarren galderak Espainiaren subiranotasunari eraso egiten dionik eta zuzenean edo zeharka autodeterminazioari buruzko galdeketa ezkutatzen duenik bere baitan.
Herri galdeketari egotzi nahi dioten erreferendum izaerari buruz, agerian utzi behar da Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluak erreferendum-galdeketak hartutako erabaki bati lotzen dituela. Hots, Espainiako Konstituzioak 92 artikuluan aurreikusten dituen erreferendumen xedea hartutako erabakiak -hitzez hitz erabaki politikoak- berrestea edo ezeztea da. ("Las decisiones políticas de especial trascendencia podrán ser sometidas a referéndum consultivo de todos los ciudadanos").
Eta hor "consultivo" hitzarekin erabaki politikoa hartu aurretik egingo dela erreferenduma esan nahi da. Eta beraz, "consultivo" horrek ez du esan nahi lotesle ez denik, baizik eta ez dela berez eta zuzenean erabakiorra edo zuzen zuzenean berreslea.
Espainiako Konstituzioaren 92 artikuluan zedarritutako erreferendumak kontsultibo izaerak herritarrei bere iritzia erabakia hartu aurretik eskatuko zaiela esan nahi du eta aldiz horrek ez du esan nahi emandako iritziak ez duenik inongo eragin juridikorik eta politikorik sortzen, demokraziaren arabera ulertezina bailitzateke erreferendum baten emaitzak ez izatea eraginik hura deitu duenarengan.
Espainiako Konstituzioaren 92. artikuluak zedarritutako erreferendumei ezartzen dizkien bi ezaugarri nagusiak argi utzi ondoren, argi eta garbi esan behar da, baita ere, Eusko Legebiltzarrak onartutako Legeak bideratzen duen herri galdeketak bi galdera planteatzen dituela eta horiek ez direla inongo erabaki prozeduran txertatzen eta are gehiago ez dutela ere hori deitu duen organoak hartutako inongo erabakia berresten edo ezezten. Hau da, ez zaie herritarrei eskatzen erabakitzea, berrestea ala ez, "ad referendum", hitzaren etimologiak dion moduan. Hemen ez zaio "herriari" errefrendoa -"erabaki bat berrestea"- eskatzen, erreferendumak berezkoa duten moduan, eta horrexegatik eta printzipio demokratikoetatik eratorrita edozein erreferenduma, era batera edo bestera eragin aldetik loteslea da neurri batean.
Aldiz, gizartearen iritzia ezagutu nahi da erkidegoaren eztabaida politikoaren muinean bizirik diren bi gaien gainean. Herri galdeketaren emaitzak, galdera bati eta besteari emandako erantzunak, berez ez dira lotesleak, ez ikuspegi juridikotik eta ezta ikuspegi politikotik. Nahiz horrek ez ukatu hauek eragina izan dezakeela erkidegoko eragile eta ordezkari politikoen aurreranzko jardunarengan.
Eusko Legebiltzarraren 9/2008 Legeak deitutako herri galdeketaren izaera ez berresle honek, Konstituzioaren 149.1.32 artikuluak erreferendumetarako eskatzen duen aurretiazko estatuaren baimenetik salbuesten du. Eta horrek berak indarrik gabe uzten du Estatuaren Abokatuak baimenaren ezinbesteko exijentziari buruz adierazi duena.
Prozedurei dagokionez, horretan ere Estatuaren Abokatuak inkonstituzionalitatea ikusi nahi izan baitu, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrak Legea egiterakoan erabili duen prozeduraren zuzentasuna defendituko du, hau da Eusko Legebiltzarrak bere buruari emandako Araudiaren aurreikuspenen baitan jokatu du eta prozedura horren barruan ez dira legebiltzarkideen eskubideak urratu.
Bigarrengo galderak Espainiaren burujabetza eta Estatuaren batasuna urra litzatekeela dionaren argudioaren aurrean, Jaurlaritzak arrazoituko du Lege honekin ez duela inongo subjektu konstituienterik asmatu nahi, aldiz, gure burua antolatzeko dagokigun gaitasunaren barruan eta autonomia politikoaren baitan, bazterketarik gabeko negoziazio eszenategia garatu, bazterketarik gabe eragileetan eta bazterketarik gabe xedean, auzi politikoari irtenbidea emateko asmoz normalizazio politikoa xede. Bestelako irakurketak asmakizun interesatuak dira, susmo antidemokratikoetan oinarritutakoak eta aurrera egin nahi diote oraindik orain proposamena besterik ez diren Lehendakariak alderdiei 2010erako luzatu dien balizko akordioei.
Soberaniaren titularitatea eta beste instituzioen aginpideak babestuta, Konstituzioak ez du eragozten erkidego mailako herri galdeketak egitea.
Planteatutako galderek Estatuaren bestelako lekuetan eragina izateak ezin du eragotzi euskal erakundeek bere gizarteari galdetu ahal izatea. Bestela, edozein galdeketa Estatuaren mendekoa litzateke.
Agerian geratzen da erkidego baitako galdeketa egiteko interesa baina hortik ezin da ondorioztatu horrek soberania printzipioari eraso egiten dionik, are eta gutxiago bigarrengo galderak.
Galdera honek ez du ukatzen eta ez du ezta aurretik erabakitzen marko juridiko politikoa aldatzeko aukera. Are gehiago, ez du aipatzen ere, arazoa sortzen da Espainiako gobernuak bigarren galderaren esan nahia asmatu egin duelako. Jarri duten helegitearen arabera herritarrei ez zaie galdetzen ea babesten duten alderdien arteko negoziazio prozesu bat zabaltzea, baizik eta helegitean diote herritarrei negoziazioan erabakitakoa babesten duten ala ez galdetzen zaiela. Eta egia ez den asmakizun hori egin dute Estatuari hori interesatzen zaiolako ekimena konstituzioaren kontrakotzat jotzeko.
Eta honaino iritsita, gogora ekarri behar da Auzitegi Konstituzionalak araudien gainean hartu behar duela erabakia ez araudien interpretazioen gainean, Estatuaren Abokatuak egindako interpretazioen gainean, alegia. Eta hor erabaki prebentiboak ez dira balekoak.
Eta hau diogu Rodriguez Zapaterok agindutako inpugnazioa ikusita, hemen auzitan herri galdeketan egin diren galderak jartzen direlako, eta euskal erakundeak eztabaida hau planteatu izana jarri da auzitan; eta beraz euskal herritarrek eztabaida horretan parte har dezaketen ala ez.
Eta horren aurrean, Auzitegi Konstituzionalen erantzuna gure aldekoa behar du, Auzitegi Konstituzionalak ezin du parte hartu eztabaida horretan.
Demokraziak eztabaida zor baitu eta eztabaidarik gabe ez baitago demokraziarik.
Aurkeztuko dugu helegitean, Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalari Herri galdeketaren Legearen etena indarrik gabe uztea eskatuko diogu, behin behineko eta badazpeneko etena bere horretan eutsiz gero honek:
1º. Balioztatuko lukeelako etenaren gainean Rodriguez Zapaterok egin duen legearen erabilera okerra, eta bidea emango liokeelako ez zuzena den nahia hori legitimatzeko.
2º. Estatuaren helegiteari aldez aurretik onartzea lekarkeelako gaiaren funtsean sartu gabe.
3º. Euskadiko hauteskunde emaitzak ukatzea lekarkelako, herritarrek hauteskundeetan adierazitako ukatzea baitakar Espainiako gobernuak egin duen inpugnazioak, honek eragin nahi baitu Eusko Jaurlaritza, herri honek demokratikoki aukeratutako instituzioa, bere eginkizun politikorako funtsezko tresnarik gabe uztea.
4º. Eta are gehiago, honek euskal herritarrei bere intereseko herri gaietan parte hartzeko zor zaien eskubideen urraketa larria lekarkeelako.
Nabarmenak...
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


