Aberri Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2007/09/13

SAN MARKOS MANKOMUNITATEA, ORAIN ZERO?
Juan Mª Iradi
EAJ-PNVren zinegotzia Lasarte-Orian

SAN MARKOS MANKOMUNITATEA, ORAIN ZERO?<BR>
Juan Mª Iradi<br>
EAJ-PNVren zinegotzia Lasarte-Orian

San Markos mankomunitateari, Donostia aldeko zaborren kudeaketa lanetan arituta, laino beltz astuna ari zaio ezartzen, errektore berriek egin berri dituzten adierazpenen arabera.

Hiru hilabete luze iraganak zaizkigu azken hauteskundeetatik, eta udal berrien osaketek ekarri dituzte udalen menpeko diren kanpo erakundeetarako ordezkarien izendapen berriak. Horien artekoak dira zaborrak kudeatzen dituzten mankomunitateak; hauengan utzia dugu udalek, zaborren gainean dagokigun konpetentzia.

Guztiz harritu gaitu San Markos mankomunitatearen lehendakaritza eta lehendakari ordezkotza Ezker Batua-Berdeak eta ANVren esku gelditu izana, eta hala harritzen gaitu, Donostia eta Lasarte bezalako udalerri handietan, udal gobernuak osatuak baitituzte, PSEren nagusitasun osoz eta Ezker Batuaren testigantza txikiaz (Elorzak, Donostian eta Urchegiak, Lasarten).Odon Elorza eta Ana Urchuegiak, dagozkien 23 eta 6,5 botoak Ezker batuaren esku utzi ez balituzte, GHZKEO ren aldekoak diren PNV, EA eta PSEren botoak, 99 lirateke 156tik. Udal hauteskundeen emaitzen  benetako islapena izanik.

Izendapen berri horietarako eman diren indarren artekoak ulertzea da zaila, bertakoren batek, PSEk alegia, dagokion erantzukizunari huts egin diola onartu ezean. PSEk bere garaian babestu baitzuen beste zenbaitzuekin batera (PNV, EA, PP eta hasera batean Aralar ere bai) Gipuzkoako Hiri Zaborren Kudeaketarako Egitasmo Orokorra. Eta hara non, gaur, bereak dituen udaletxeetakoen ordezkaritzak, utzi dituen, hain zuzen ere, egitasmo orokor horri beti aurka egin izan diotenen esku, Ezker Batua-Berdearen esku.

Duela ez hainbeste, hauteskunde kanpainaren bihotzean, eta baita gerora ere, Foru gobernuaren eraketarako negoziaketa bileretan, Gipuzkoako Sozialisten idazkariak berak, Miguel Buen jaunak, egitasmo orokor horren aurka egiten zituztenak zituen gaitzesten, Gipuzkoarako estrategikoa den orori, ezetz esaten dietelakoan.
Hauteskundeak atzean gelditu dira eta aurrean, lau urte berri; kanpainako mezu herrikoiez gain, lanari ekiteko garai berri.; hiritarren arazoak soluzio bideetara eramateko -eta ez, arazo berrietan sartzeko- lan larri.

Bai Ezker Batua Berdeak taldeak, bai ANVk udal mailako erantzukizunak berenganatuak  dituzte, baita San Markos komunitatekoak ere. Erabaki dezakete hortaz, San Markosetik bertatik, zaborren kudeaketa udalengan uztea, edo Mankomunitateak berak, berearena besterik ez kudeatzea, zaborren partzuergoa albora utzita.

Ez deritzot ordea etikoki jokabide zuzena, San Markoseko errektore berriek esan berri dutena; azpikeriatzat jo omen dute, Donostialdeko zaborrak jasoko dituzten hiru mankomunitateek har dezaketen erabakia: Donostialdeko zabor horiei sarrera ukatzea, San Markosek adostutakoa bete ezean. Urola kostako Lapatx eta Sasieta izanen dira, San Markos itxita, Donostialdean sortutako zaborrak jasoko omen dituztenak. Egoera berri honek beraien metatze gaitasuna hasera bateko epe luzetik, urte bira omen die mugatuko. Donostialdeko arazoari irtenbidea emango diote, Gipuzkoa osoko soluzioari, bidea eman bide (Gipuzkoako Hiri Zaborren Kudeaketarako Egitasmo Orokorra).

Azpikeria dena, honakoa da: "irentsi neure guztiak, inongo konpromisoren truk", hori baita orain San Markosek proposatu berri duena.

San Markoseko errektore berriek proposatzen duten ordezko plana, ezer gutxi desberdintzen da Zaborren Plan Orokorrak jasotze bereiztuaz esaten duenaz (dirudienez, etxez etxeko jasotze lanetan aritu nahi omen dute), birziklatze eta konpostatze lanetan ahalegin berezia egin ... . Prozesuaren amaieran dago desadostasunik handiena. Errauskailuaren ordez, konpostatze plantak eta zabortegi berriak dituzte proposatzen, kokapenik zehaztu gabe jakina, horiek ere arazo izaten jarraituko baitute.

Ikusi nahi dut, beren esku baitago, zabortegi berrien kokapena eta herriaren erantzuna, emango baita. Jasotze eta lantze sistema berriaren ekonomiaren gainekoak ere ezagutu nahi ditugu. Esana baitigute sistema zertan datzan, ez ordea, NOIZKO izango ote den, ZENBATEKOA den, ez eta batez ere, NON lekutuko ote duten.
Egoera paradoxikoa litzateke guztiz Sozialistentzat, gobernu buru diren udaletan beren zaborren gaineko erantzukizuna Ezker Batua-Berdeak taldearen esku utzia duten honetan, San Markoseko errektore berrien proposamenaz, etxez etxeko  bilketan hasi behar izatea edo kospostatze planten eta zabortegi berrien kokapena argitzen aritu behar izatea.

Ez da gaiztakeria inolaz ere, San Markos mankomunitatea osatzen dugun udalek, pleno akordioz, gure udalerrietan zabortegiak irekitzearen aukeraren alde azaltzea. Gure herrien zuzeneko erabakia litzateke horrelakoa, eta zaborren gaineko ardura geureganatzeko borondaterik dugunon baieztapena, honen gainekoak bizkarreratzeak  dakarren guztiaz. XXI. mendean gauden honetan, zabortegi berrien irekiera  proposatzea gerta liteke esandako guztien umiltasun sendagaia. Agintean baititugu orain, eta kanpainan esandakoak aurrera eramateko aukera paregabean.
Idazle honen susmoz, Berdeek  Gipuzkoako zaborren gainean egina duten planaren egoera erreala, Berdeak bezain berde dago.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...