Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2007/05/01

MADRILDIK DATORREN...JR Beloki
Beren esku balego bezala

MADRILDIK DATORREN...JR Beloki<br>
Beren esku balego bezala

Ikusmin handia sortua zuen, aurreko asteari ekiteko garaian, astearte goizez, CNMVko presidenteak, gaur jada presidente ohi denak, Conte jaunak, esan zezakeenak. ENDESA enpresari, honek eta hark -Gas Natural-ek, Eon-ek, eta, azkenik, ENEL eta ACCIONAk- botatako OPAk hilabeteetan bazterrak harrotu ondoren, eta itxuraz bideratzera zihoan momentuan, hara nondik Conte jauna "epelak" esatera etorriko omen zen Kongresura. Halatsu uste zezakeen behintzat norbaitek astearen hasieran.

Zer esan zuen? Denok, jadanik, ederki genekiena:  Zapateroren bulego ekonomikotik, hots, agintetik, ez dela errespetatzen CNMV bezalako erakundeei teorian aitortzen, eta zor omen zaien errespetu eta autonomia. A zer nobedadea!

Hilabeteak, eta urteak ere, dira EAJri CNMV bezalako erakundeetan eskurik sartzen uzten ez zaiola. Ez ziola PPk eta ez diola PSOEk. Eta ondorioz ez CNMVn, ez CSNn, ez CNEn, ez RTVEn, ez CGPJen, ez TC[1]n, ez inon dago guk izendaturiko inor.

Sarritan entzun diet nire lankideei CGPJean ez egoteko, aurreko legealdian, PPko jendeak aurpegira jaulkitako desarrazoia: gu bezalakoak han sartu ezkero, erakunde horien politizazioa nabarmena suertatzen omen da. Beraiek izendatu ezkero, ez bide da horrelakorik ezer gertatzen.

Azala behar da, jakina, arrazoi klase hori inori aurpegira botatzeko. Legealdi honetan bertan zer gertatu den ikusi besterik ez dago. Zein baino zein politizatuagoak agertu dira, hasi TCtik eta CNMVraino, erakunde guzti hauen jarrera eta erabakiak. Horregatik orain garbi esaten diegu: hauen krisia zuei zor zaizue, goitik behera, eta guk ez dugu guzti horretan zer ikusirik.

Hori da, ordea, beren gustu eta erabakia: autonomo eta bere kabuz erabakitzen joateko sortzen diren Erakunde guztietan -berdin judizialetan, zein ekonomikoetan, zein komunikabideei lotuetan- bi alderdien artean banatu,osorik ez bada, ia mokadu osoa, eta, gehienik, ere apur batzuek utzi "gutxiengo" omen garenontzat. Esan bezala, apur horietatik bakar bat ere ez EAJko talde parlamentariarentzat.

Jokabide horrek, gurekiko mespretxua ez ezik, Erakunde horien politikoekiko morroitasuna adierazten dute, argi eta garbi. Hori bai, "bi handiekiko" morroitasuna. Eta hortik etorri diren hainbat desgrazi.

"Neurriak hartzera zindoaztela erakunde hauen neutrotasun politikoa eta partzialtasunik eza finkatzearen alde, agindu zenuten zuen Kanpainako egitarauan. Noiz, baina?", galdetzen zion asteazkenean Lurralde Administrazioetako Ministroari. Eta erantsi: "Orduan beharrezkoak baziren, zer esango dugu orain, ikusiak ikusi ondoren?" "Zerbait eginak gaude, eta oraindik ere egin dezakegu", erantzun zidan, nire uste konbentzimendu gutxiz.

Ez dute aldatuko, gehienik ere huskeria bat, hori seguru. Bi partiduen arteko Estatua bai da beraiek sinesten, amesten eta egunero lantzen duten Estatua. Antzeko zerbait esaten zion, astearte goizean, BNGko Pako Rodriguezek RTVEko zuzendari nagusi berriari: "100 galdera ditut zuretzat"  saioa dela medio, beste behin, bi indar politiko bakarren aldeko apustua egitera al dator, Zapatero eta Rajoyri bakarrik galderak zuzenduz? Hori al da Estatu honen aniztasuna?, galdetu zion.

Beren esku balego, PPren nahiz PSOEren, eta batzuk eta besteek egindako izendapenen esku balego, ez dezala inork zalantzarik izan. Hor amaituko lirateke beren aniztasunak. Bakarrik, gaur bertan ez dagoela, beraiek nahi hainbat beraien esku. Eta hala hobe denontzat: galiziar, kataluniar eta euskaldunontzat bederen.

[1] CNMV: Comisión Nacional del Mercado de Valores. CSN: Consejo de Seguridad Nuclear. CNE: Comisión Nacional de la Electricidad. RTVE: Radio Televisión Española. CGPJ: Consejo General del Poder Judicial. TC: Tribunal Constitucional.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...