Gipuzko Buru Batzarra
Noticias
Euskara: gure hizkuntza, gure herria
Eider Mendoza Larrañaga
GIpuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea
Euskara sentitzea eta Herria sentitzea, bata zein bestea gureak direla jakitea, beharrezkoak dira biak ala biak. Euskarari ezin zaio Euskadi kendu, eta Euskadiri ere ez euskara, batak eta besteak ematen diotelako zentzua elkarri.
“Euskara / Hizkuntza bat ez ezik / Herri bat ere bada”. Bitoriano Gandiagaren olerkiak dakarkigu gaur ere Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunaren funtsa. Ikasiko ditugu beste hizkuntzak, gaztelania eta frantsesa, alemana eta ingelesa eta abar, baina horiek ez gaituzte euskaldun egingo. Euskarak bai, euskara medio garatzen dugu euskaltasuna. Lotuta daude gure hizkuntza eta Euskal Herria, euskara eta Euskadi. Bata pizten denean bestea indartzen da; bata zabaltzen denean, bestea sendotzen.
Erakundeek eta gizarte eragileek, aho batez adierazpen batean galdera bat dagiogu gure buruari, zer egingo dugun euskararen alde. Gipuzkoako Batzar Nagusietara begiratu eta argazki linguistiko hau ageri da: 51 batzarkide gara eta 39k dakigu euskaraz, % 76k; EAJ eta EH Bilduko kide guztiak gara euskaldunak, Gipuzkoako lehen eta bigarren indarrak. Beraz, gure esku zer dagoen? Euskara serio hartzea. Alegia, euskaraz egitea, Gipuzkoako politikan euskara bihurtzea lehen hizkuntza. Hori da gizartearen gidari eta herritarrekin batera joatea. Gipuzkoarren erdiek dakite euskaraz eta zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago. Errealitate horretatik kanpora geratzen den alderdia, zokoan geratzeko zorian gertatuko da.
Nola goazen ikusteko, Jaurlaritzak urrian argitaratutako inkestak erakutsi dituen joeren artean, bada bat garrantzitsua euskararen aurrerapenerako: etxeko erabilera hazi egin da 25 urteotan aurreneko aldiz 2011tik 2016ra, bai bikotekideen artean bai anai-arreben artean eta seme-alabek gero eta gehiago egiten dute euskaraz aita-amekin. Euskara etxean ikasi dutenak, berriz, zenbat eta gazteago orduan eta gehiago. Etxeko suan berotu eta girotutako hizkuntzak bestelako gozoa izaten du. Sentimendu, konfiantza eta intimitatearen taupadak ditu etxeko euskarak, gure barne-muinetan sartuta. Baina etxetik, kalera. Kaleko jira-birara, esan nahi da lagunartera eta ikastetxera, enpresara eta boluntariotzara, udaletxera eta erietxera… Eremu guztietan bizirik nahi dugu euskara, beste hizkuntzak bezala.
Euskara sentitzea eta Herria sentitzea, bata zein bestea gureak direla jakitea, beharrezkoak dira biak ala biak. Euskarari ezin zaio Euskadi kendu, eta Euskadiri ere ez euskara, batak eta besteak ematen diotelako zentzua elkarri. Biak maite ditugu eta behar ditugu globalizazioaren aroan geure nortasuna izateko: euskaltasuna. Euskararen eta Herriaren eskubideak betez goaz aurrera, bakea eta askatasuna eraikitzen. Hau ez da berria, ikuspegi horrekin jokatu zen hasieran, Euskararen Legea egin zenean eta euskara bere onera ekartzeko bitartekoen sorreran. Baina iruditzen zait, gaurko giroan, begirada indibidualistak hain indar handia duen kulturan, komeni dela dimentsio kolektiboaz gogoratzea eta euskara Herriaren gauza dela eta guztion interesa, eta ondorioz, gai politikoa. Politikoa izanik, euskararekin demagogiarik eta alderdikeriarik ez, ez soilik gure hizkuntzari kalte egiten diolako baizik hemen bizi garenoi gaitz egiten digulako. Ez dugu zatiketarik nahi, ez zapalketa eta bazterketarik.
Bestetik, krisi politikoaz hitz egiten dugun honetan, politikaren zentzua sendotzeko ezinbestekoa da sinesgarria izatea eta, hortaz, hitza zaintzea: erabilera dela euskararen koska, erabil dezagun, bada. Herriari hitzemandakoa betetzea da hori, koherentzia politikoa. Geuk euskaraz egitean ere jokatzen da jendeak politikari zentzua hartzea. Eta erakundeen bultzada behar duen euskararentzat, ezinbestekoa da politika sinesgarria.
Pozgarria da bide honetan elkarrekin joatea. Aurten, adierazpen bateratua onartu dugu herri-erakundeek eta gizarte-eragileek, hasi Legebiltzarretik eta Nafarroako Parlamenturaino, baita Gipuzkoako eta beste herrialdeetako Batzar Nagusietan, eta are Iparraldean. Bitoriano Gandiagaren hitzak esan ditzakegu, euskarak egiten gaituela euskaldun, eta euskaran aurkituko dugula euskaltasuna eta Euskal Herria. Ospa dezagun Euskararen Eguna eta zorionak, gure eguna da eta.
Destacados...
Donostia-San Sebastian
22/04/2026
LAZKAO
13/04/2026
Gipuzkoa
30/03/2026
Noticias más vistas...
EBB
12/04/2019
EBB
21/04/2019
Gipuzkoa
20/04/2019
EBB
11/04/2019
EBB
13/04/2019


Contacto
WWW.EAJ-PNV.EUS


