Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
23/12/2015

Gipuzkoako 2016ko aurrekontuak onartu dira

Gipuzkoako diputatu nagusia Markel Olano baikor agertu da gaur Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren datorren urteko aurrekontuak onartu izanagatik
Gipuzkoako 2016ko aurrekontuak onartu dira

Gipuzkoako Batzar Nagusien Foru Aldundiak  2016rako aurkeztutako aurrekontu proiektua onartu dute gaur, Osoko Bilkuran. "Gobernura iritsi eta sei hilabetera, baditugu gure gobernu jarduna gidatuko duten hiru bide-orriak", nabarmendu du diputatu  nagusiak, Markel Olanok, aurrekontuez gain Kudeaketa Planaren eta Ekonomia Suspertzeko Planari erreferentzia eginez. Azaldu duenez, onarpen hau foru Gobernuaren "sendotasun" eta "egonkortasunaren"  adierazle da.

Onartutako proiektuaren arabera, foru erakundeak 813 milioi izango ditu  datorren urtean erabilgarri, aurten baino 42 milioi euro gehiago (%5,4ko hazkundea). Ekimenak EAJ-PNV eta PSE-EEren babesa jaso du, Alderdi Popularra abstenitu egin da eta EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk, bere aldetik, aurka bozkatu dute. Hedabideei egindako adierazpenetan, Olanok gogoratu du  aurrekontuek  ekonomia  suspertzea  dutela lehentasun, aldi berean egun indarrean dagoen babes sozialeko sistema bermatuz.

"Gakoa Gipuzkoa ekonomia sustapenaren bitartez  berpiztea  da,  ideia  honen gainean eraiki ditugu aurrekontuak eta ekimenak lurraldeko biztanleek dituzten arazo nagusiei erantzuna ez ezik irtenbidea ere ematen die", nabarmendu du. Aurrekontuak legealdi honetan Gobernu estrategia finkatzen  duen  Kudeaketa  Planetik eratorriak  dira eta, zehazki, ekonomia sustapenaren arloan, 23  milioiko  hazkundea  jasotzen  dute, 2015ean baino %49,11 gehiago.

AFHZren erreforma

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergaren erreformak ere Batzar Nagusien onespena jaso du. Foru Arau honek hiru aldaketa txertatzen ditu aipatutako  zergan. Batetik, enpresetako parte-hartzeak, orain arte %75ko hobaria zutenak, salbuetsita geratu dira. Bestetik, ondasun higiezinen  balorazioa aldatu da: orain arte erosketa  balioa, katastroko balioa edota Ogasunak kalkulatutakotik altuena hartzen zen eta, aurrerantzean, katastroko balioa bakarrik erabiliko da. Hirugarren aldaketa tasen igoera da.

Erabaki honek ere ekonomia suspertzea du jomuga eta aurreikuspenen arabera ez dio diru-bilketari eragingo. Honez gain, Batzar Nagusietako saio berean, beste bi Foru Arauk ere jaso dute batzarkideen oniritzia: zerga alorreko aldaketa jakin batzuk biltzen dituenak eta 2015eko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituenak.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...