Gipuzko Buru Batzarra
Noticias
Oñatik EAJ-PNVko alkatea behar du
Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, babesa adierazi die Miren Elgarresta eta zerrendako gainerako kideei
Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar, Oñatin izan da Miren Elgarresta eta EAJ-PNVren zerrendako gainerako kideei babesa ematen. Elgarrestak onartu du “harro” dagoela osatu duten talde “paregabearekin”. Izan ere, “profil zabal eta adin ezberdinetako gizon-emakumeak daude bertan: etxekoandre eta doktoreak; beteranoak eta berriak”.
Elgarresta eta bere zerrendako kideak itxaropentsu daude igandeko hauteskundeen aurrean, oñatiarren babesa nabaritzen dutelako kaleetan. Horren seinale da martxotik hona jaso dituzten 300 iritzi eta ekarpenak. “Ideia oso interesgarriak jaso ditugu eta gure gobernu programaren oinarri izango dira”, ziurtatu du. Etorkizunean ere, herritarren parte hartzea sustatzeko borondatea agertu dute jeltzaleek, eta hori lortzeko, Markel Olano diputatu nagusi zenean parte hartzea bultzatzeko onartu zen Legea erabiliko dutela aurreratu dute.
“Azken hauteskundeen ondorioz oposizioan egon gara, baina, orain, gobernatzeko prest gaude eta Oñatiri aukera berri bat eman nahi diogu, gu garelako alternatiba bakarra”, adierazi du.
EAJ-PNVren lehentasuna izango da krisiari aurre egin eta pertsonak babestea. Eta, helburu horrekin, 10 lehentasun zehaztu dituzte, besteak beste, ekonomia sendotzeko programak bultzatu, enpresa eta ekintzaileak babestu eta gizarte zerbitzuak guztiei bermatu.
Jarraian, Joseba Egibarrek hartu du hitza, eta esan du oñatiarra balitz ez lukeela zalantzarik izango igandean bozka emateko orduan. “Oso inpresio ona jaso dut Miren eta bere taldearekin: Argi dago Udaletxera pentsatuta iritsiko direla, proiektu bat daukatela eta proposamenak dituztela”, arrazoitu du.
Gogoratu du oñatiarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela. Alde batetik, EAJ-PNV dago, hamarkada luzeetan Herri hau eraikitzen aritu den alderdia. Eta bestetik, Herri honen ustezko defentsan, estrategia politiko militarra uztartu dutenak daude. “Orain estrategia hori utzi dute ohartu direlako indarkeria ez dela eraginkorra fruitu politikoa ateratzeko. Baina, ondorioak hor daude oraindik”, jakinarazi du.
Egibarrek ezker abertzaleak hauteskunde hauetarako aukeratu duen Garaile leloa izan du mintzagai. “Garaile ez da irabazle, vencedor da. 1959az geroztik, ETA sortu zenetik, epika horrekin dabiltza. Garaileak garaitua behar du. Eta norbait mendean hartu nahi du. Politikan garaile eta garaituen eskema iraganean utzi behar dugu, baina badirudi ezker abertzalea ez dagoela prest”, deitoratu du.
Ezker abertzalea gogor kritikatu du, uste duelako haien ardura bakarra dela botereari eustea. “Hurbil ikusten dute boterea galduko duten eguna. Eta oso larrituta daude ez daukatelako Herri hau eraikitzeko proiekturik. Egitura politiko militar batekin elkar bizitu dira. Hortik datoz haien tik inpositiboak”, azaldu du atez atekoaren adibidea jartzeko. “Zintzilikarioen aurkako protestak ikusita, nola da posible ez herritarrei entzutea? Eskema horrekin jarraituz, eta kontuan hartuta lehen geure bizitzari buruz erabaki zezaketela, nola ez dute, bada, gure hondakinei buruz erabakiko?”, erantsi du. Kanpaina honetan EAJ-PNVren hautagaien kartelek jasan dituzten erasoei ere erreparatu die, eta ondorioztatu du “ezker abertzalea ez dela inor EAJ-PNV gabe” .Zentzu horretan, ondorioztatu du “iraintzeko bada ere behar gaituztela”.
GBBko presidentearen ustetan, iraganak etorkizuna zabaldu behar du. Eta hori lortzeko, jakinarazi du beharrezkoa dela herritar guztiak errespetatu eta ez bereizketarik egitea. Zentzu horretan, aurreratu du legealdi honetan aukera paregabea izango dugula pausu bat emateko elkarbizitzaren atalean. Benetako elkarbizitzan, errespetuan oinarritutakoan. “Guk izugarrizko abantaila daukagu, konpromiso politiko, etiko eta demokratikoa izan dugulako beti. Ez dugulako giza eskubideen urraketaren aurrean itsuarena egin. Jarrera tinkoa izan dugu beti”, nabarmendu du. Gehitu du indarkeria irteerarik gabeko kalezuloa izan dela, milaka gazte eta familiarentzat, eta bertatik atera ezinik daudela ezker abertzalearen heldutasun eza erradikalarengatik. “Guk beste heldutasun bat eta pazientzia demokratikoa erakutsi dugu beti”, zehaztu du.
Presidenteak argi dauka EAJ-PNVren ibilbideak sinesgarritasuna ematen diola alderdiari: “Ez dugu moral bikoitza izan, gizarte sendoa eraiki dugu, guztientzako herrigintza egin dugu eta herritar guztiak errespetatu ditugu. Eta hori EAJ-PNVk bakarrik esan dezake”. Hori azalduta, herritarrei botoa ematera joateko eskatu die, eta EAJ-PNVrengan konfiantza izateko. “Herri honek aurrera egin du gure alderdiaren erabaki estrategikoak aurrera atera diren heinean. Konfiantza eskatzen dizuet. EAJ-PNVri botatzea aurrera egitea da. Oñatik EAJ-PNVko Alkatea behar du”, amaitu du.
Destacados...
Donostia-San Sebastian
22/04/2026
LAZKAO
13/04/2026
Gipuzkoa
30/03/2026
Noticias más vistas...
EBB
12/04/2019
EBB
21/04/2019
Gipuzkoa
20/04/2019
EBB
11/04/2019
EBB
13/04/2019


Contacto
WWW.EAJ-PNV.EUS


