Gipuzko Buru Batzarra
Noticias
Uxoa Larrañaga izango da Getariako lehen Alkate emakumea
Joseba Egibar Getarian izan da gaur, Uxoa Larrañaga eta bere taldeari babesa emateko. “Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen talde paregabea osatu duzue Getariari behar duen ziaboga emateko,”ziurtatu du.
Egibarrek getariarrei eskatu die EAJ-PNVrengan konfiantza izateko, eta hitz eman die alderdiak ez dielako hutsik egingo. “Uxue izango da Getariako lehen emakume Alkatea, eta guztientzako gobernatuko du, herritar guztiak errespetatuz. Bilduk ez bezala, ez ditu herritarrak bereiziko. Hori ez da gure estiloa. Herritarren hitza eta erabakia sakratua da. Garbi dugu oinarrizko eskubideak errespetatu behar direla”, jakinarazi du.
Ildo beretik mintzatu da Uxoa Larrañaga, eta aurreratu du EAJ-PNV gobernatzeko prest dagoela, etxerako lanak eginak dituelako alderdiak. “Lau urte hauetan, oposizio eraikitzailea egin dugu, ekarpen eta proposamen zehatzak mahaigaineratu ditugu”, adierazi du. Hala ere, deitoratu du, zinegotzi kopuru bera izan arren, Bilduk alboratuta izan dituela jeltzaleak, eta ez dituela aintzakotzat hartu eurek egindako proposamenak.
Gauzak horrela, Larrañagak jakinarazi du alderdia aurrera egiteko prest dagoela, eta programa bikaina prestatu duela maiatzaren 25etik aurrera martxan jartzeko. EAJ-PNVk hurrengo urteetarako zehaztu dituen zenbait erronka aipatu ditu, besteak beste, “herri ireki eta garbi baten alde lan egitea, ongizatea bermatzea, kostako errepidea konpontzea, garraio publikoa hobetzea, enplegua eta ekonomia sustatzea, etxebizitza politikak abiatzea eta gazteen parte hartzea bultzatzea”. Kalitatezko turismoa sustatzearen beharra ere nabarmendu du: “Herri benetan erakargarria dugu eta potentzial handia dauka. Getariako irudia zabalduko dugu eta herriari lehen zeukan ospea bueltatuko diogu”, azaldu du.
Zerrendan bigarren doan Aitor Urrestik ere hartu du hitza, eta alderdiak gazteekin daukan konpromisoa berretsi du. “Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, azterketa sakona egin dugu eta egiaztatu dugu Getariako gazteek arazoak dituztela herrian bizi, lana aurkitu eta proiektuak abiatzeko. Horri guztiari bultzada emateko prest gaude”.
Azkenik, Andoni Aristik adierazi du lau urte oposizioan egon ondoren, EAJ-PNVko kideek ikusi dutela zer den kudeaketa kaxkarra. Izan ere, Bilduk entzungor egin dio herritarrek ziotenari, eta ez ditu apenak proiektuak abiarazi. “Guk aurreko legealdian hasi genituen proiektuak besterik ez dituzte egin”, salatu du. Jeltzaleek lidergoa berreskuratu eta herriari behar duen norabide aldaketa emango diotela ziurtatu du.
Destacados...
Donostia-San Sebastian
22/04/2026
LAZKAO
13/04/2026
Gipuzkoa
30/03/2026
Noticias más vistas...
EBB
12/04/2019
EBB
21/04/2019
Gipuzkoa
20/04/2019
EBB
11/04/2019
EBB
13/04/2019


Contacto
WWW.EAJ-PNV.EUS


