Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
08/05/2015

Bizitzeko eta elkarbizitzarako Azpeitia bat nahi dugu

“Inbertsore berrien bila aterako gara Corrugados berriro abian jartzeko edota produkzio mailan beste irtenbide bat aurkitzeko” baieztatu du hautagai jeltzaleak.
Bizitzeko eta elkarbizitzarako Azpeitia bat nahi dugu

Aitor Gorrotxategi, Azpeitiko alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, bere taldea lagun zuela, gobernu-programa aurkeztu du, udal hauteskundeetarako hamar konpromisotan laburbildua. Adierazi du alkatetzarako hautagai hautatu ian zenetik egin izan dituen bilera eta harremanetan azpeitiarrek adierazi dizkioten ekarpen eta lehentasunak jasotzen direla programa horretan.

Aitor Gorrotxategik lau lehenengo konpromisoak azpimarratu ditu, berreskurapen ekonomikoan eta enplegua bultzatzeko lanean ardaztuak daudenak. Lehenengo konpromiso moduan azpimarratu du “inbertsore berrien bila aterako dela, Corrugados berriro abian jartzeko, edota enpresa handi horri produkzio mailako beste irtenbide bat emateko”.

Horrez gain, “Azpeitira kanpoko inbertsioa erakartzeko harreman zuzenak lantzea” ere aurreikusten du, “eta herriaren sustapen ekonomikorako Kontseilu Ekonomiko Aholkulari bat abian jartzea ere bai”. Halaber, “lanbide heziketako ikasketak Azpeitiaren etorkizun industrial eta enpresarialera egokitzea” ere azpimarratu du. “Konpromiso zehatzak dira, hitz hutsetatik haratago doazenak, eta esaten ari naizenaren kontziente izanik, erabat”. “Ez da erraza izango. Gure ahalegin guztia egingo dugu. Ez duguna egingo da urtero diru-laguntza deialdia egin, udalaren aurrekontuaren kontura, eta gero eserita gelditu Alkatetzako eserlekuan. Hori da Bilduk legealdi honetan egin duena”.

Bosgarren puntuan planteatu du Loiola heziketa edo ikasketa gune bihurtzea, unibertsitateekin lankidetzan, eta bide batez, erromesentzako gune eta turismo gune moduan bultzatzea ere bai. Turismoaren aldetik, eta udako hilabeteetarako, Loiolako santutegia Madalenako ospitalarekin elkartzea ere planteatu du, herriko gune historiko eta garrantzitsuenetatik pasatuko den zirkuitu bat osatuz.

Komunikazioen gaiak ere badu bere isla, Bilborekin eta Gasteizekin elkartzen gaituen garraio publikoa potentziatzea planteatzen duenean, eta bere bultzada guztia eman dio “Azkoitiak eta Azpeitiak egin behar dugun elkarlanari, Urretxu alderako errepidea berritzeko proiektua berreskuratzeko”.

“Azpeitiko erdigunean lurpeko aparkalekuak jartzeko aukera eta etxebizitza sozial berrien gaia ere gure programaren ardatzetakoak dira, betiere epe ertain eta luzera ditugun beharren azterketa bati lotuta, baina forma hartzen joan behar dute, Azpeitiko gazteriak bere bizi-proiektua Azpeitian garatzea nahi baldin badugu” erantsi du.

Azkenik, beste hiru ardatz planteatu ditu udal-hautagaien taldeak, “bizitzeko eta elkarbizitzarako helburuan” ardaztuak, hain zuzen ere “giza balioak berreskuratu eta elkarlana bultzatzea”, “elkarrengana hurbiltzearen eta akordio politikoak lortzearen kultura bultzatzea”, eta “elkarbizitza-eredu berri bat eraikitzea, aniztasunaren, tolerantziaren eta askatasunaren aitorpenean oinarritua”. 

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...