Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2005/11/04

MADRILDIK DATORREN... JR Beloki
Beren esanetara.

MADRILDIK DATORREN... JR Beloki 
<BR> Beren esanetara.

BEREN ESANETARA
 


Eta orain zer?
 


Hala galdetzen nion, neure buruari, joandako asteazkenean, goizaldeko ordu bata eta erdiak inguruan, Kataluniako Estatutuaren eztabaida amaitu ondoren Hotelera bidean nindoala. Eta, halako zerbait galdetuko zion, agian, beste norbaitek, ordu inguru horretan bertan, ohera sartu aurretik, eztabaida azkeneraino segitzeko balentria izan bazuen.
 


Hamabi ordu luze igaroak ziren, Artur Mas, Manuela de Madre eta Carod Rovira eguerdiko ordu batetan, beren agerpenak egiten jarri zirenetik. Ehun eta hogeita bat orrialde betetzeko adina hitz jaulki zen ondoren, goizaldeko ordu bata eta erdi haiek izan ziren arte.
 


Eta horien guztien ondoren, zer?
 


Guk geuk, euskaldunok, garbi daukagu. Yosu Erkorekak bere hitzaldian esan zuen hura: laguntzeko gaude. Kataluniarrak esan behar dute nora eta noraino joan nahi duten. Gu bide-kide eta laguntzaile izango gaituzte. Ez diegu, nora joan beharko luketen eta antzekorik esango, beste batzuk esan nahi dieten bezala. Eskua eman eta tira, gure esku dagoen neurrian. Ez dugu besterik egingo.
 


Bazterrak urduri sumatzen dira. Hala zeuden eztabaida bezperan eta hala daude hurrengo egunean. Urduri, “psoetarrak”, eta urduri, “pptarrak”. Eta urduri, ez gutxiago, kataluniarrak ere, CiU, nahiz Esquerra nahiz ICV. Hori bai: bakoitza bere arrazoiengatik.



Eta ez da ziorik falta urduri egoteko.
 


Zapaterori lan astuna erori zaio bere bizkar gainera. Ez dirudi bere etxean ere laguntzaile gehiegi duenik. Eta, jakina, horrela, ez da seguru ez karga eramateko gauza den ez nora eraman ba dakien. Besterik esaten bazen ere bezperatan, ez zuen argitu gauza handirik eztabaidakoan. Eta, gainera, ez zuen bere egunik onena eta airosoena izan. Korapilotsuegi bezala, astun eta nekagarri aritu zen sarri. Nondik nora zebilen ere ez zen beti erraza izan asmatzen.
 


Rajoi   gogor, setati, erasokor, gupidarik gabe, agertu zen, beste behin, Zapaterorekiko. Espainol amorratu eta harro, “zuregandik ezin dugu jadanik ezer onik espero”, esatera iritsi zen. Bakarrik geratu zen, ordea, beste behin, eta, lehentxeago edo geroxeago, hori ere zama astuna da, Mas CiUko presidenteak gogorazi zionez.
 


Hori bai: eztabaida bien arteko hizketa apustua izan balitz, Rajoi irabazle garbi aterako zen, nik uste. PSOEko hainbatek ere garbi zuen hori gau horretan.
 


Kataluniako ordezkarien kezka ere ez da desagertu. Hango Parlamentuaren izenean aritu ziren hiruak, oro har, egoki aritu zen. Artur Mas, CiUkoa, denetan egokien, nik uste. Batez ere, erreplika emateko orduan. Carod Rovira, Esquerrakoa, txukun eta zuzen. Manuela de Madre, PSCkoa, hiruretan flojotxoen, batez ere erreplikako orduan. Egunari ekinez egin zituzten hiru diskurtsotan, hirurak aurpegirik gozoena agertzen saiatu ziren espainiar guztien aurrean. Manuela de Madre, bereziki PSOEko jendearen aurrean.
 


Ezin esan, ordea, bazterrak konbentzitu zituztenik. Ezta gutxiago ere. Eta hortik, besteak beste, beren kezkak.
 


CiU eta ERCko talde parlamentarien izenean aritu ziren Duran i Lleida eta Joan Puigcercos “hotzegi” bezala aritu ziren, luzeegi ez ezik, beren aldetik. Zalantza handiak ditut noraino izan ziren ulergarri, bata eta bestea, espainiarren eta, batez ere, kataluniarren aurrean, Estatutu berriaren zergatiak eta nondik norakoak adierazteko orduan. Zer esanik ez Kataluniako jendea piztu eta animatzeko garaian.
 


Eta orain, beraz, zer? 
 


Ez dakigu, hasteko, zein izango den PSOEren eta Zapatero beraren jarrera zehatza Kataluniako Parlamentuak Madrilgo Gorteetara bidali duen Estatutuaren aurrean. Zein izango den orain, benetako ordua iritsi den une honetan. Zapaterok, besterik aldarrikatu bazuen ere, ez zigun hori argitu, hala nola ez zigun PSOEko Rubalcabak ere argitu.  Argitasun promesa asko zabaldua zen eztabaida izan aurreko egunetan. Zapaterok esango zituenen ondoren, garbi geldituko omen zen nondik nora joango ziren gauzak. Guk ez genuen halako argitasunik inon sumatu. Ez Zapateroren hitzetan, ezta Rubalcabarenetan ere. Eta, beraz, ez dakigu gure galderaren erantzuna zein den. Ez dakite ezta kataluniarrek. Eta horregatik urduri daude.
 


Eztabaida izan eta hurrengo egunean galdera hau berau luzatzen genion PSCko gidari bati, erantzun bila. “Ondorengo lau bost asteetan ikusiko dugu, guk espero, zer atarramentu izango duen honek guztiak”, erantzun zigun. Emendakin komunetara iristen badira, bale. Eta bestela, kale.
 


Gu, bitartean, esan bezala, laguntzeko prest. Gure aurrekoak egon ziren bezala, 1932an nahiz 1979an. Eta garbi utziz, hori bai, Yosu Erkorekak Zapaterori garbi utzi zion hura: “Onartu dute Gorte hauek eztabaidarako Kataluniarren Estatutua. Euskadikoarekin egin ez zutena. Eta baten batek azaldu beharko du eta digu, euskaldunoi, zergatik oraingoan hauei berena bai eta, orain hilabete batzuk, guri gurea ez”.
 


Gauza badira zentzugabekeria hori esplikatzeko. Eta, beti ere, batzuk eta besteek, denek, garbi izan bezate: berandu baino goizago, euskaldunok, beste behin, gure iritzi, jarrera, ikuspegi, gogo eta borondateak jasoko dituen Estatutu berria berriro Madrila bidaliko dugula. Ea zer dioten orduan.
 


Hori etorri bitartean, jakina, kataluniarrei laguntzeko prest. Beren esanetara.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube