Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Euzko Gaztediren prentsaurrekoa
Lauaxetaren belaunaldiari eskerrak emateko garaia ez da orain heldu, lehenago baizik, eta ez da sekula amaituko. Eurek eman zioten dena askatasunari… Eurek egin zuten guk baino indar gehiagorekin eta ozenago deiadar, taupada indartsuagoak jotzen zituztela euren bihotzek.
Askatasuna bi mailatan banatu eta osatzen da gure ustez: alde batetik, norbanakoaren askatasuna; bestetik, taldearena. Gure kasuan taldea Aberria da, Aberri bakarra, edozein delarik bere izena (Euzkadi, Euskadi, Euskalerria, Nafarroa,…).
Norbanakoaren askatasunak oinarri-oinarriko sustrai bat dauka: bizia. Bizi ez dena ez da aske, beraz. Horren gainera gehitzen zaio bakea: bakean bizi ez dena ez da aske. Gauzak horrela, gure Herria azkeneko urteotan zapuztu eta izorratu duen indarkeriaren behin-betiko amaieraren eskaria luzatzen du Euzko Gaztedik eta edozein motatako jazarpena salatu. ETA erakunde armatuari bere ekimen bortitzak alde batera utzi eta ekimen politikora muga dadila eskatu nahi diogu, beste behin ere eta betiko moduan. Herria eraikitzeko ez da beharrezko indarkeria. Are gehiago, Herri edo Aberri eraikuntzaren aurkako tresna da, traba. Moralaren ikuspuntutik, beraz, onartezina; helburuaren ikuspuntutik, atzerako urratsa.
Beste jazarpen mota batzuk ere izaten dira eta berauek ere paretik kendu beharrean gara behingoz: neurrigabeko atxiloketak, alde batera utzitako errugabetasun uste edo printzipioa, polizia-etxeetako tratu txarrak, gutxieneko garantiarik gabeko epaiketak, makrosumarioak, espetxean arrazoirik gabe egindako egonaldi luzeak, legez kanpo utzitako eragileak eta norbanakoen eskubide politiko eta zibilen ukazioa, eta abar. Jazarpen mota hauek ere norbanakoaren askatasunaren aurkako dira eta salatu nahi ditugu berriz ere. Estatuak edota legezko erakundeek eragindakoak izanagatik ez dira ahulago. Alderantziz, gaiztotasun ukitu berezia darie.
Bake giroan sustraitutako norbanakoaren askatasuna da, beraz, ezinbesteko baldintza elkarbizitzarako. Horretan ari omen gara gurean, elkarbizitza eta normalkuntzarako bidean. Gizartean duen nahiari erantzuteko asmoz, gure politikari nagusienak behingoz elkarrekin mahai baten ingurura esertzekoak ei dira. Bazen garaia! Ez da, ordea, lan makala izango. Lehendakariak mahai baten inguruan eragile politiko guztiak biltzeko abiarazitako ekimenari bere babes osoa, argia, garbia, zintzoa eta leiala adierazi nahi dio Euzko Gaztedik. Elkarbizitza eta normalkuntza politikoa ere zor dizkiogu maite dugun askatasunari.
Lehendakaria aitatu dugularik, iragan 2004ko abenduaren 30ean Euskadiko Erkidegoko Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoz onartutako Euskadiko Erkidegoko Estatutu Politikoa ekarri nahi dugu gogora. Alde batetik, gure herriaren askatasunari kanpotik ezartzen zaizkion mugen adierazgarri izan baitziren Espainiar Estatuko Gorteek emandako ezezkoa eta gure Lehendakariari prestatutako ongietorri eskasa. Ez gara aske, ez dute gure erabakirik errespetatzeko asmorik, argi utzi dute PPk zein PSOEk, irribarreak irribarre. Ibarretxe Markuartu Lehendakariari beste behin ere aurrera egiteko eskatu nahi diogu, Euzko Gaztediren babesa adierazi nahi diogu. Batzuen armairuetan ahaztuta dagoen Estatutu Politiko berria kalera atera nahi dugu, ez baitugu ahaztuta. Dena eman behar zaio askatasunari, baino bada elkartze askeko egoera onartuko ez duenik ere. Ez dira demokrata, ez baikaituzte aske ikusi nahi…
Izan ere, eskumenak eskumen proposamen horrek balio garrantzitsu bat badu: gure Herriaren aitortza bere osotasunean, baita erabakitzeko eskubidearena ere. Guzti hori gure Herriak dituen hiru errealitate juridiko eta administratiboak aintzat hartuta gauzatzea proposatu du Euskadiko Erkidegoko Eusko Jaurlaritzak Ibarretxe Markuartu Lehendakariaren ekimenez. Askatasunaren aldeko baita proposamena, norbanakoaren askatasunean eta erabakian oinarritutakoa, eremu ezberdinetako egungo egoerak kontuan izanik Herriaren etorkizun oparoa ahalbidetuko duena. Askatasuna, Herriaren askatasuna.
Herria eta askatasuna, biak bat eginez osatzen dugu guk gure helburu nagusia, azken jomugakoa, bakarra: Aberriaren Askatasuna. Aberriak ere behar baitu izan aske, norbanakoa aske bada. Burujabetza eta beronen partekatzea eztabaidagai diren honetan, Euzko Gaztedik independentziaren aldeko aldarria plazaratu nahi du, aurreko ehunetik gora urtetan zehar egin bezala. Ez baitugu oraingoz gure helburua lortu, zoritxarrez. Ez baitugu gure Aberriaren Burujabetza oraindik osatu. Behin burujabe izandakoan bai, orduan partekatuko dugu partekatu beharrekoa besterekin, maila berean eta elkarrekiko adostasunez. Ez dugu inposaketarik nahi, ezta sosik ere. Gurea nahi dugu, guri dagokiguna eta guk erabakitakoa.
Bide horretan gutxieneko batzutan bat egiten dugun aukera politikoen arteko adostasunari beharrezko deritzogu. Gauzak horrela, gure Alderdiak, EAJk duela urte eta erdi luze onartutako Ponentzia Politikoan aitatutako mahaiaren aldeko apustua berretsi nahi dugu. Ez baitira gauza bera normalkuntza politikoa eta Aberri eraikuntza. Ez dira maila berekoak eta bigarrenak ezin du lehenengoa ordeztu, baino biak dira beharrezko Euzko Gaztediren ustez.
Bakea, norbanakoa, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea, honatx Askatasunaren oinarriak Euzko Gaztediren ustez. Modu horretan egin nahi dugu guk Aberriaren Askatasunerako bidea, berandu baino lehen.
Dana emon biar yako maite dan azkatasunari!
Nabarmenak...
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



