Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Legazpiko tren-geltoki berriaren proiektua 2027ko udarako prest egongo da
Eric Gálvez Legazpiko alkatea, Antonio Berriosekin (Adifeko Aldiriko Planen zuzendari komisarioa) eta Noemí Lópezekin (Gobernuaren ordezkariordea Gipuzkoan) bildu zen atzo, ekainak 11, etorkizuneko Legazpiko tren-geltokiaren proiektuaren egoeraren jarraipena egiteko.
Lan-bilera hau Udalak egungo agintaldiaren hasieratik Adifeko arduradunekin behintzat urtean behin egiten ari den bileretako bat da, udalerriko mugikortasun, irisgarritasun eta tren-konexiorako estrategikotzat jotzen den jarduketa baten bilakaera bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.
Topaketan, Adifeko ordezkariek jakinarazi dute proiektua idazte-fasean dagoela gaur egun. Aurreikuspenen arabera, idazketa hori 2027ko abuztua eta iraila bitartean amaituko da. Ondoren, obren lizitazioari ekingo zaio, eta obrak 2028an hastea aurreikusten da.
Luzaroan itxarondako proiektua
Etorkizuneko jarduketaren jatorria Adifek 2020an bultzatutako proiektuan dago; orduan, irisgarritasun-obrak eta geltoki berri bat eraikitzeko lanak lizitatu ziren, 4,7 milioi euroko inbertsioarekin. Proiektuak honako hauek aurreikusten zituen: bidaiarientzako eraikin berri bat egitea, nasen arteko azpiko igarobide bat igogailu eta eskailera bidez konektatuta, markesina berriak, nasak goratzea eta luzatzea, eta zoladurak, argiztapena zein instalazioak berritzea irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Gainera, geltokirako sarbide berriak tren-instalazioak hiri-erdigunera 130 metro inguru hurbiltzen zituen.
Geroago, Adifek 3,9 milioi euroan esleitu zituen obrak, eta Zumarragarako noranzkoan nasak egokitzea eta 2021aren amaieran hasitako hainbat prestaketa-lan ere gauzatu ziren. Hala ere, pandemiaren ondoren eraikuntza-kostuek izandako igoera handiak bideraezin egin zuen jarduketa hasieran aurreikusitako baldintzetan osatzea; beraz, beharrezkoa izan zen kontratua suntsitzea eta proiektua berriro planteatzea.
Gaur egun abian dagoen idazketa-fase berriak jarduketa eguneratzea eta egungo behar eta baldintzetara egokitzea ahalbidetuko du, Legazpiri geltoki moderno, irisgarri eta hiri-ingurunean erabat integratua emateko helburuari eutsiz.
Dagoeneko gauzatutako hobekuntzak
Geltoki berriaren proiektuari lotutako jarduketak garatzen ziren bitartean, tren-ingurunean beste hobekuntza batzuk egin ziren, Adifen eta Legazpiko Udalaren arteko lankidetzari esker. Horien artean, nabarmentzekoa da 2. nasara (Irun-Madril noranzkoa) sarbide berri bat sortu dela, oinezkoentzat egokitutako ibilgailuentzako azpiko igarobideari lotutako rampa baten bidez, bai eta nasen arteko pasonibela kentzea ere, erabiltzaileen segurtasuna nabarmen hobetuz.
Jarduketa horiei esker, irisgarritasun eta segurtasun arloko gabezi nagusietako batzuk konpondu ahal izan ziren, geltoki berriaren behin betiko proiektuaren zehaztapenean aurrera egiten zen bitartean.
Etengabeko jarraipena
Eric Gálvez alkateak positiboki baloratu du proiektuaren bilakaera, eta eskerrak eman dizkie bai Adifi, bai Gobernuaren Ordezkariordetzari, Legazpiko lehentasunezkotzat jotzen den azpiegitura bati buruzko etengabeko elkarrizketari eutsi izanagatik.
«Geltoki berria oso azpiegitura garrantzitsua da gure udalerriarentzat. Agintaldi osoan zehar proiektu honen etengabeko jarraipena egin dugu, Legazpik egungo beharretara egokitutako geltoki moderno eta irisgarria merezi duela uste dugulako. Gaur egun, etorkizunari baikortasunez begiratzeko eta jarduketa hau errealitate izan dadin lanean jarraitzeko ibilbide-orri bat dugu», adierazi du alkateak.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



