Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/06/12

EAJ-PNVk Javier Ugarten lurpeko aparkalekua errealitate bihurtzeko lehen urratsak ematea proposatu du

Aparkaleku falta da hondarribitarren kezka nagusietako bat. Arazo hori bereziki larriagotzen da udako hilabeteetan, bisitari kopurua handitzen denean, hondartzara datozen pertsonen joan-etorriekin eta merkataritza zein ostalaritza jardueraren gorakadarekin.
Maria Serrano

Agintaldi honetan kalean aparkatzea arautzeko ordenantza lantzen hasi da Udala, eremu jakin batzuk egoiliarrentzat gordez. Hala ere, haren tramitazioa zailtzen ari da, izan ere, zaila da aparkamendua mugatzea aldi berean bizilagunentzat zein bisitarientzat alternatiba berriak eskaini gabe.

Horregatik, EAJ-PNVren ustez, iritsi da arautzetik irtenbide berriak sortzera igarotzeko unea, eta dauden aparkaleku aukerak handitzea ahalbidetuko duten proiektuetan lanean hastekoa.

Ildo horretan, talde jeltzaleak kreditu aldaketa batean partida ekonomiko bat txertatzea eskatu du, Javier Ugarteko lurpeko aparkalekua garatzeko beharrezkoak diren aurretiazko lanak abian jartzeko.

Proposamena orain hastea da, azterketa teknikoak eta aurreproiektua sustatuz, azpiegituraren bideragarritasuna aztertu eta haren ezaugarriak zehazteko.

Javier Ugarteren kokapenak abantaila handiak eskaintzen ditu. Alde Zaharreko eta Portu Auzoko bizilagunei zerbitzua emango lieke, baita hirira bisitan datozenei, erosketak egitera edo ostalaritza eskaintzaz gozatzera hurbiltzen direnei ere. Horrela, trafikoaren zati handi batek ez luke hiriguneko kaleetara sartu beharrik izango.

EAJ-PNVren ustez, aurrera egiteko beharrezkoena ez da baldintza teknikorik, borondate politikoa baizik: Hondarribiak behar duen irtenbide honetan lanean lehenbailehen hasteko erabakia hartzea.

«Aparkalekuaren arazoa gaur egun existitzen da eta ez da bere kabuz konponduko. Horregatik, Hondarribiarentzat benetako eta epe luzerako irtenbideak eskainiko dituzten proiektuak lantzen hastea beharrezkoa dela uste dugu», adierazi dute.

EAJ-PNVren apustua argia da: Javier Ugarteko lurpeko aparkalekua garatzeko prozesua lehenbailehen martxan jartzea, mugikortasuna hobetuko duen, hirirako sarbidea erraztuko duen eta herritarrentzat zein bisitarientzat aparkatzeko aukera berriak sortuko dituen azpiegitura estrategikoa delako.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...