Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Goenagak udal zinegotzi moduan egindako etapa amaituko du, eta EAJ-PNVk 2027ko hauteskundeetarako hautagaitza izendatzeko prozesua abiatu du
Imanol Goenaga ez da berriro hautagai izango, eta egungo agintaldia bukatzean amaiera emango dio zinegotzi gisa egin duen ibilbideari, zerbitzu publikoan hamar urte baino gehiago eman ondoren.
EAJ-PNV Andoainek abian jarri du 2027ko udal hauteskundeetan jeltzaleen hautagaitza buru izango den eta Andoaingo Alkatetza eskuratzeko lehian arituko den pertsona izendatzeko barne-prozesua.
Erabakia egungo udal bozeramaile Imanol Goenagak “jarraituko ez duela” publikoki jakinarazi ondoren iritsi da. Goenagak adierazi du ez dela berriro hautagai aurkeztuko eta, ondorioz, 2027ko maiatzean amaituko den agintaldiarekin batera amaitutzat emango duela zinegotzi gisa egin duen ibilbidea.
Goenagak sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean azaldu duenez, albo batera egiteko unea iritsi dela uste du, Andoaingo Udalean zerbitzu publikoan hamar urte baino gehiago eman ondoren.
Denbora horretan udal-erantzukizun ezberdinak izan ditu, bai oposiziotik bai koalizio gobernu bateko kide gisa. Halaber, pandemiaren ondorioz bereziki zaila izan zen garai baten kudeaketan parte hartu du. Era berean, funtsezko eginkizuna izan du Ziako erreka eta Ama Kandida inguruko obrak sustatzeko lanetan. Agintaldi honetan udal taldearen bozeramaile lanak betetzen ditu.
Erabakia tokiko erakundearekin partekatu eta adostu da. Horregatik, datozen egunotan Andoaingo EAJ-PNVk hurrengo udal hauteskundeetan proiektu jeltzalearen gidaritza hartuko duen pertsona aukeratzeko aurreikusitako barne-mekanismoak aktibatuko ditu.
Alderdiaren tokiko arduradunek azpimarratu dute Andoainek badituela erronka berriei aurre egiteko eta udalerriarentzat proiektu sendo bat eraikitzen jarraitzeko prestatuta, konprometituta eta gogotsu dauden pertsonak. “Badago harrobia, badira indar berriak eta badira EAJ-PNVren hurrengo etapa Andoainen gidatzeko gaitasuna duten pertsonak”, adierazi du Goenagak.
Jeltzaleek normaltasunez, arduraz eta konfiantzaz ekingo diote prozesu honi, erreleboak Andoaingo herritarren ongizatearen alde lanean jarraitzen duen proiektu politikoa indartzea ahalbidetuko duelakoan.
Bestalde, Imanol Goenagak berretsi du agintaldia amaitu arte udal-erantzukizunak “grina, konpromiso eta dedikazio berarekin” betetzen jarraituko duela.
Nabarmenak...
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



