Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk erantzukizun politiko zuzenak eskatu dizkio EH Bilduko alkate Aizpea Otaegiri, eta Xenpelar auzia Arartekoaren eta Fiskaltzaren esku utzi du
Errenteriako EAJ-PNVk, lehenik eta behin, Xenpelar Bertso Eskolaren inguruan gertatutako eraso, botere-abusu, indarkeria psikologiko eta eskubide-urraketen egoerak salatzeko ausardia izan duten biktima guztiei elkartasuna, babesa eta aitortza adierazi nahi dizkie. Era berean, aitortu nahi ditu familiek, kaltetutako pertsonek eta mugimendu feministak egindako lana; izan ere, haien ekarpena erabakigarria izan da gertakari horiek publikoki azaleratzeko eta erakundeen aldetik lantzen hasteko.
Azken egunotan ezagutu diren informazioak larritasun handikoak dira. Hemendik aurrera garatuko diren ikerketek zer ondorio aterako dituzten alde batera utzita, badago jada ukaezina den errealitate politiko bat: udal gobernuak eta EH Bilduko alkate Aizpea Otaegik orain arte eman duten erantzuna ez dator bat ezagutu diren gertakarien larritasunarekin.
Errenteriako herritarrek lidergoa, argitasuna, gardentasuna eta erantzukizunak hartzeko gaitasuna espero zituzten. Horren ordez, azalpen eskasak, kontraesanak, nahasmena eta funtsezkoak izaten jarraitzen duten galderei erantzun argiak emateko kezkagarria den erresistentzia aurkitu dituzte.
Lehentasun nagusia biktimen babesa izan behar da, eta bereziki adingabeena. Hain zuzen ere horregatik, eta dauden zalantzak kontuan hartuta —babes-mekanismo guztiek behar bezala funtzionatu ote zuten eta pertsona, erakunde eta administrazio guztiek eskatzen zen arduraz jokatu ote zuten argitzeko—, EAJ-PNVk erabaki du Arartekoarengana eta Fiskaltzarengana formalki jotzea, bakoitzak bere eskumenen esparruan gertakari hauek iker ditzan.
Eskatzen duguna da erakunde eskudunek argitu dezatela adingabeak babesteko legezko betebehar guztiak bete ziren ala ez, indarrean zeuden protokoloak behar bezala aktibatu ziren ala ez, hartutako neurriak nahikoak izan ziren ala ez, eta arrisku-egoerak gertatzea ahalbidetu zuten erabaki, omisio edo jarduketarik egon ote zen.
Udaleko arduradun politiko gorena alkatea da. Eta herritarrek eskubidea dute jakiteko Udalak zer zekien, noiz zekien, zer erabaki hartu zituen, noiz hartu zituen eta erabaki horiek nahikoak izan ziren ala ez adingabeen eta balizko biktimen babesa bermatzeko.
Era berean, akatsa iruditzen zaigu EH Bilduren Udalak agerraldi berean Xenpelar Bertso Eskolari lotutako auzia eta Kukai eta Jon Mayarekin lotutakoa nahastu izana. Egoera desberdinak dira, ondorio instituzional desberdinak dituzte eta betebehar juridikoak ere argi bereizita daude. Bi gaiak lotzeak nahasmena baino ez du sortzen, eta adingabeek parte hartzen zuten zerbitzu baten inguruan beharrezkoa den kontu-ematea zailtzen du.
Bereziki deigarria da egoera hau genero-ikasketetan eta feminismoan prestakuntza espezifikoa duen alkate baten zuzendaritza politikopean gertatu izana, eta, gainera, Errenteriako berdintasun-politiken garapenean aktiboki parte hartu izan duena. Hain zuzen ere ibilbide hori dela eta, exijentzia politikoa handiagoa zen. Ezagutza hori dela eta, herritarrek erantzun eredugarria merezi zuten. Eta erakunde-erantzukizun hori dela eta, ulertezina da orain arte erakutsi den autokritika falta.
Alkateak eta EH Bilduk behin eta berriz babestu nahi izan dute euren jarrera konfidentzialtasunarekin lotutako argudioetan. EAJ-PNVk argi utzi nahi du inork ez duela zalantzan jartzen biktimak babesteko beharraz, ezta haien intimitatea zaintzeko betebeharraz ere. Zalantzan jartzen duguna konfidentzialtasuna argudio gisa erabiltzea da, babes-mekanismo instituzionalen funtzionamenduari buruzko funtsezko gaiei erantzutea saihesteko.
Konfidentzialtasuna ezin da inoiz aitzakia politiko bihurtu. Biktimen babesa bateragarria da kontu-ematearekin. Biktimen babesa bateragarria da erakunde-gardentasunarekin. Biktimen babesa bateragarria da administrazioek egoerak eskatzen zuen arduraz jokatu ote zuten azaltzearekin. Herritarrek gaur eskatzen dutena ez dira aitzakiak. Azalpenak eskatzen dituzte.
EAJ-PNVrentzat bereziki kezkagarria da, publikoki zabaldu diren informazioen arabera, ustezko erasotzailearen zenbait jokabide eta alerta Bertsozale Elkarteak 2018. urtetik ezagutzen zituela; eta, hala ere, seinalatutako pertsonak urte luzez Gipuzkoako hainbat udalerritan irakaskuntza-lanak eta adingabeekin nahiz gazteekin lotutako jarduerak egiten jarraitu izana.
Publikoki egin den salaketa oso larria da; izan ere, bertan adierazten da “pertsona batek sistematikoki erabili duela erreferente-posizioa botere-harremanak garatzeko eta bertsolaritzaren munduarekin lotutako hainbat esparrutan erasoak egiteko”.
Egoera honek defentsarako agerraldi hutsa baino askoz gehiago eskatzen du. Hausnarketa instituzional sakona eta erantzukizun politikoen onarpen argia eskatzen ditu.
Izan ere, kasu honetan zerbait argi geratu bada, biktimak, haien familiak eta mugimendu feminista izan direla gertakari horiek argitara ateratzea eta erakundeen erantzuna eragiteko beharrezkoa zen dimentsio publikoa hartzea bultzatu dutenak. Eta errealitate horrek apaltasunerako, autokritikarako eta erantzukizun politikorako gonbita egin beharko luke.
Nabarmenak...
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


