Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
2025eko aurrekontuan 44 milioiko exekuzioa, ekintzekin aurrera doan Zarautz baten isla dela azpimarratu du EAJ-PNVk
Zarauzko Udaleko EAJ-PNV udal taldeak azaldu duenez, 2025eko aurrekontuaren likidazioren emaitzak "zenbakien atzean zarauztarren bizitza hobetzera bideratutako gobernu ekintza sendo eta koherentea dagoela erakusten du".
Talde jeltzaletik azpimarratu dutenez, udal aurrekontua "defendatzen dugun herri eredua errealitate bihurtzeko tresna da: Herri bizia eta jasangarria, zarauztarren bizi kalitatea eta aukerak bermatzen dituena” azken urteetan egindako lanaren eta Legegintzaldi Planean ezarritako helburuen ildotik.
Etxebizitza: egiturazko aurrerapausoak erronka nagusiaren aurrean
EAJ-PNVk azpimarratu du etxebizitzak lehentasun estrategikoa izaten jarraitzen duela. 2025ean 60 zuzkidura-bizitoki eta 91 etxebizitza tasatu entregatu dira Salberdinen, eta Eusko Jaurlaritzarekin Iritan 230 etxebizitza sustatzeko hitzarmena adostu da. Gainera, Amillubin etxebizitza tasatu berriak eraikitzeko pauso irmoak ere eman dira.
Jarduera horiek udal-estrategia indartzen dute etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emateko, batez ere gazteei eta zailtasun handienak dituzten kolektiboei, eta hori da tokiko politika publikoetan eta udalerriko gizarte-eztabaidan identifikatutako erronka garrantzitsuenetako bat.
Egunerokoa eraldatzen duten inbertsioak
Udal taldeak oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuetan egindako inbertsioak azpimarratu ditu: Balea, Madoz, Zumalakarregi eta Mitxelena kaleetako eta Martiñene plazako saneamendu- eta hornidura-sareak hobetzea, eta Sanz Eneako bidexkak berritzea. Malekoiko zoladura berritzea ere inbertsio garrantzitsua izan da. Ohiko lorazaintza lanez gain, aipatzekoak dira Amalur parkean eta Lapurdi kalean egin diren zuhaitz landaketak.
Era berean, 2025an, proiektu garrantzitsuak ere izan ditugu, Udaltzaingoaren egoitza berria bukatu da eta Santa Klara komentuaren birgaitzeari ekin zaio. Irisgarritasunean ere egin da aurrera Vista Alegren hiru igogailu eraikita. Astiko kirol instalazioen zabalpena egiteko beharrezkoak diren lurrak erosteko akordioa ere lortu da 2025ean, Zarautzen kirolak duen indarrari eusteko hain beharrezkoa den azpiegituren zabalpena errealitate izatetik gertuago dago horri esker.
Kultura, dinamizazioa eta gizarte-kohesioa
Urte osoan zehar Zarautz bizi mantentzea izan da beste jarduera-ardatzetako bat. EAJ-PNVk kultur eta gizarte programazio zabala goraipatu du, besteak beste, Modelo Aretoan urteko programazio anitza eta zabala, zinema, antzerkia, kontzertuak eta bestelako jarduerak, erakusketak Sanz Enean, Torre Luzean eta Merkatu Plazan, Kalerki, udako musika emanaldiak Santa Klarako elizan, udako Antzerkia Familian saioak, baina baita jaietako programazio zabala, San Pelaioak, Amabirjinak eta Kuadrilla Eguna eta, nola ez, 2025ean dirulaguntza hazkundea izan duten auzoetako jaiak. Adin-tarte guztietarako zuzendutako eskaintza anitza.
Euskara gure kulturaren eta nortasunaren ardatz izanik, euskararen sustapenean lanean jarraitzen du udalak, eragile desberdinekin, hezkuntza, kultura, kirola, ostalaritza, merkataritza… 2025ean onartu duen AROA, Euskararen Plan Estrategikoa iparrorratz duela.
Mugikortasuna eta hiri-kalitatea
Mugikortasunari dagokionez, Udalak 134 garaje-plaza jarri ditu zarauztarren eskura Iñurritzako eta Gipuzkoa kaleko udal aparkalekuetan. Hainbat kaletan asfaltatze-lanak ere egin dira, gune partekatu gehiago ezarri dira erdigunean eta herriko sarrera-irteeretan bide-segurtasuna hobetzeko lanei ekin zaie. EAJ-PNVk, halaber, Zarauzko saihesbidearen obren hasiera nabarmendu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, herriguneko zirkulazioa hobetzeko eta trafikoa murrizteko funtsezko azpiegitura gisa.
Parte-hartzea eta erabaki partekatuak
EAJ-PNVk azpimarratu du zarauztarrentzat soilik ez, zarauztarrekin egiten ari dela bide hori, "Amalur Landu", Udal Aurrekontuen inguruko auzoz-auzoko bilerak edota Ordenantzen lanketak. "Zarautzen Bizi" prozesua bereziki emankorra izaten ari da zentzu horretan, bertan jasotako ondorioak txertatzen ari baitira, bai Etxebizitza eta Apartamentu turistikoak arautzeko Udala lantzen ari den Plan orokorraren aldaketan eta baita Lokalak Etxebizitza bihurtzeko ordenantzan.
Etorkizuneko ikuspegia duen kudeaketa
Udal talde jeltzaleak ondorioztatu duenez, aurrekontuen exekuzioari buruzko datuek "Zarautz norabide onean doala berresten dute", plangintzan, hurbiltasunean eta emaitza ukigarrietan oinarritutako kudeaketarekin. "Aurrekontua ez da zenbaki soil bat: konpromisoak betetzea, herritarren benetako beharrei erantzutea eta, urratsez urrats, nahi dugun Zarautz eraikitzen jarraitzea ahalbidetzen digun tresna da", adierazi dute. Azken batean, 2025eko aurrekontuaren gauzatzeak pertsonengan oinarritutako garapen orekatu eta iraunkor bat ardatz duen kudeaketa-eredu bat finkatzen du, EAJ-PNVk Zarauzko etorkizunarekin duen konpromisoa indartuz.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


