Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNVk 2026ko aurrekontuetarako 10 ekimen proposatu ditu eta EH Bilduri eskua luzatu dio akordioa lortzeko
Jeltzaleek Kurtzekuan eta Kurtederian etxebizitzak eraikitzea, Herribus linea berri bat sortzea, Musika Eskola berriaren kokapena zehaztea eta pantaila digitalak instalatzea proposatu dute. Kirol azpiegituretan, argiztapen publikoan eta komun publikoetan ere hobekuntzak pentsatu dituzte, baita nazioarteko lankidetzarekin eta hiri garbiketa hobetzearekin konpromisoa hartzea ere.
Oñatiko EAJ-PNVk 10 proposamen aurkeztu ditu 2026ko aurrekontuetarako, eta abenduaren 18ko osoko bilkuran eztabaidatuko dira. Testuinguru horretan, talde jeltzaleak eskua luzatu dio EH Bilduren udal gobernuari Oñatiko bizilagunen aldeko akordio bat lortzeko.
Oñatiko bozeramaile jeltzaleak, Amaia Erostarbek, proposamen hauek oñatiarren bizi kalitatea hobetzeko duten garrantzia azpimarratu du. "Aurkezten ditugun proposamenak herritarrekin etengabe eta elkarlanean egindako lanaren emaitza dira. Haien beharrak entzun ditugu, eta, ekimen horien bidez, haien egunerokotasuna hobetu nahi dugu. Neurri horietako bakoitza gure udalerriaren garapenean aurrera egiteko pentsatuta dago, etxebizitzatik garraio publikoraino, kultura eta irisgarritasuna barne. Proposamen errealistak dira, Udalaren esku daudenak eta, guztion konpromisoarekin, gauzatu ditzakegunak”.
Proposamenen artean daude:
1.- Kurtzekuan eta Kurtederian etxebizitza-eraikuntza aktibatzea
Kurtzekuan udal jabetzako lurzatian etxebizitzen proiektua abiaraztea, 5.000 euro.
Kurtederian lursaila erostea: Kurtederia inguruko orubea erostea, Eusko Jaurlaritzari lagatzeko, eta, hala, etxebizitzak eraikitzeko erabili dezan. 850.000 euro.
2.- Herribusa San Prudentziora: Oñati eta San Prudentzio artean garraio publikoko linea berri bat sortzea, Oñatiko bizilagunen konektibitatea garraio publikoaren bidez hobetzeko. Horretarako, ibilbide hori ezartzeko 100.000 euro bideratzea proposatzen da.
3.- Pantaila digitalak puntu estrategikoetan: Oñatiko funtsezko hainbat lekutan pantaila digitalak instalatzea, komunikazio eta informazio publikoa hobetzeko, eta tokiko denden publizitatea egiteko. 30.000 euro.
4.- Eltzia eraikinean gimnasioa: Eltzian gimnasio bat sortzea, egungo kiroldegiko kirol-instalazioen eskaria arintzeko. 40.000 euro.
5.- Argiztapen publikoa (15.000 euro)
Errementari plazaren eta Auzobarriren arteko argiztapena hobetzea: tarte horretan farola gehiago jartzea, udalerriko ikuspena eta segurtasuna handitzeko.
Olabarrietan farolak jartzea: Olabarrietako goiko bidegurutzean farolak jartzea, ikuspena eta segurtasuna hobetzeko.
6.- Kalegoienan komun publiko bat instalatzea: Kalegoienan komun publiko berri bat eraikitzea, herritarrentzat eskuragarri dauden zerbitzuak hobetzeko. 50.000 euro.
7.- Kontzejupetik udal aldizkaria gaztelaniaz irakurtzeko QR sistema bat txertatzea. 5.000 euro.
8.- Nazioarteko garapenerako lankidetzara bideratutako aurrekontuaren % 0,70eraino handitzea. 21.000 euro.
9.- Udal ordenantzak betetzea eta garbiketa hobetzea: espazio publikoak aldizka garbitzeko programa bat ezartzea, bereziki udal-ordenantzak betetzen ez diren lekuetan, udalerrian garbitasuna bermatzeko. 10.000 euro.
10.- Musika Eskola berrirako aukerak aztertzea: Oñatiko Musika Eskolaren eraikina beste leku batean kokatzeko dauden aukerak ebaluatzeko azterketa bat egitea. 15.000 euro.
Xabier Mugarza Ogasun Batzordeko zinegotziak adierazi duenez, "aurrekontu hauek Oñati hobetzeko tresna izan behar dute, eta horretarako beharrezkoa da talde guztiok elkarrekin lan egitea. EAJ-PNVn prest gaude hitz egiteko eta herritar guztien onurarako izango den akordio bat lortzeko, udalerriaren benetako beharrei erantzungo dieten proposamen argi eta zehatzekin."
EAJ-PNVtik akordiorako prest daudela azpimarratu dute, eta EH Bilduk ahalegin komun horrekin bat egitea espero dute. "Abenduko osoko bilkuraren bozketari begira akordioak lortzeko elkarrekin egindako lana funtsezkoa da Oñatik aurrera egiten jarraituko duela ziurtatzeko", amaitu du Erostarbek.
Nabarmenak...
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
DONOSTIA
2026/01/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


