Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/30

1.296 milioi euro zainketak eta etorkizuneko ekonomia bultzatzeko Gipuzkoan

Foru gobernuak 2026ko aurrekontu proiektua aurkeztu du, “Gipuzkoa indartzeko, gaurko eta biharko ongizate integrala bermatzeko”, adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak.
1.296 milioi euro zainketak eta etorkizuneko ekonomia bultzatzeko Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du 2026rako aurrekontu proiektua, 1.296 milioi euroko aurrekontua aurreikusten duena. Izaera “inbertitzaile” argia duten partidak, “Gipuzkoa indartzea” bilatuko dutenak, “gipuzkoar guztien gaurko eta biharko ongizate integrala bermatzeko”, Eider Mendoza diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoan etorkizuneko zaintzak eta ekonomia sustatzearen aldeko “apustu argia” eginez.

Mendozak nabarmendu duenez, 2026an foru erakundeak aurreikusten du “inoiz baino gehiago inbertitzea Gipuzkoan eta gipuzkoarrengan”. Hala, “lehentasun nagusitzat” izango dute diru-partidek oinarriak jartzea etorkizuneko zaintza eta ekonomia “gaurtik” bermatzea. “Azken urteetan, une ekonomiko ona aprobetxatzeko lan egin dugu, lurraldearen anbizio sozial eta ekonomikoan jauzi bat emateko. Anbizio horri eutsiko diogu, pertsonen ongizatean eta Gipuzkoa indartzean zentratutako inbertsio eta ekimen berritzaileak aktibatuz, pertsonei eta enpresei aukerak eskaintzen dizkien lurralde gisa”, adierazi du.

Konpromiso horrekin, Aldundiak aurreikusten du 2026an 600 milioi euro inguru bideratuko dituela gizarte politikaren arlora, 2025ean baino % 12 gehiago, gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatzeko, zainketen eraldaketan aurrera egiteko, eta sortzen ari diren errealitate sozialei erantzuteko, hala nola osasun mentalari, bazterketa egoeren kronifikazioari edo nahi ez den bakardadeari, besteak beste. “Gure zaintza sistema eredugarria izan da eta da, baina, horri eusteaz gain, hobetzen eta eguneratzen jarraitu behar dugu, testuinguru eta behar berriei erantzuteko”. Horrela, 53 milioi euro esleituko dira adinekoentzako egoitza berriak eraiki eta egokitzeko – Adinberri, Arbes eta Erreazabalen eraikuntza martxan da-. Partida horretan sartzen da, halaber, Gipuzkoa Zainduz, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan instalazio sozial berriak sortzeko foru sozietate berria, 2026an 7,5 milioi euro izango dituena, eta hasieran Debabarrenan, Urola Kostan, Buruntzaldean eta Urola Erdian adinekoentzako ekipamendu berriak abian jartzeko lan egingo duena. Era berean, Aldundiak zaintza ekosistema lokalen eredua lurraldean eskalatzen jarraituko du, Zaintza Herri Lab programan jasotako milioi bat euroen bidez, etxean bizi diren adineko eta mendeko pertsonei zainketa pertsonalizatuak, koordinatuak eta irisgarriak eskainiz, komunitatearekiko lankidetzatik, dagoeneko 18 udalerritan martxan dagoena.

Azken bost urteetan % 50 igo da gizarte politikara bideratutako diru kopurua, horrela 2026an 822 euro bideratuko ditu biztanle bakoitzeko Aldundiak. Mendozak azpimarratu duenez, “eraldaketa demografiko eta sozial handiko” une honetan, Foru Aldundiak “konpromisoa du babesik gabe dauden adingabeak, desgaitasuna duten pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko”, bai eta “indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak gizarteratzeko eta babesteko lan egiteko” ere. Ildo horretan, Aldundiak 340 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu pertsona ahulenak babestera eta zaintzera, goian azaldutako egoeretan aurkitzen direnak.      

Era berean, “Hariak proiektuaren bidez lantzen ari garen nahi gabeko bakardadea edo osasun mentaleko planaren hedapena bezalako erronkak 2026an sakontzen jarraitzea aurreikusten dugu, Aldundiaren estrategiaren barruan, eta, horretarako, 700.000 eta 14,1 milioi euro esleitu ditugu, hurrenez hurren”. Puntu horretan, azpimarratzekoa da, halaber, 3,1 milioi euroko inbertsioa egin dela 2026rako Elkar-Ekin proiektuan, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei zuzenduta.

Ekonomiaren arloan, diputatu nagusiak azaldu du 2026an Aldundiaren ahaleginak “etorkizuneko industria sektoreak garatzen” jarraitzera bideratuko direla, “lanpostu berriak, aukera berriak” sortzeko. Horretarako, 22 milioi euro erabiliko dira, “balio erantsi handiko” eremuak garatzeko, hala nola mugikortasun jasangarria, fabrikazio aurreratua, biozientziak eta teknologia kuantikoak.

Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen departamentuak 76 milioi euro izango ditu guztira. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak 31 milioi euro inbertituko ditu Gipuzkoako ekonomiaren funtsezko sektoreak eta enpresa txiki eta ertainak babesten eta sustatzen, hazkundearen, garapenaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste 22 milioi euro bideratuko ditu I+G proiektuak garatzera eta digitalizazioa, berrikuntza eta talentua indartzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategiaren beste zutabeetako bat jasangarritasuna da horrela, besteak beste, Jasangarritasun departamentuak lurraldearen eraldaketarako motor gisa duen zeregina sendotzen du, eta etorkizun berde, justu eta berritzaile batekin duen konpromisoa indartzen du. 2026rako aurrekontua % 7 hazi da aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta, horri esker, klima aldaketaren, energia trantsizioaren eta ingurune naturalaren babesaren aurkako lanean aurrera egin ahal izango da, energia komunitateak, Euskadiko Energiaren lehen Living Lab-a eta Trantsizio Energetikoaren Bulegoa, hurbileko eta doako zerbitzu publiko gisa sendotzeko. Era berean, ekintza klimatikoa eta Naturklimaren zeregina indartzen dira, klima aldaketaren ondorioen aurrean funtsezko tresna gisa, eta Gipuzkoa Europako abangoardian jartzen ari diren ekonomia zirkularreko eta bioekonomiako proiektu traktoreak sendotzen dira, hala nola Ehunen Berrerabilera Zentroa, Baterien Poloa eta Bioekonomia Estrategia berria. Gainera, mugikortasun jasangarrira bideratutako baliabideak handitu dira, bizikleta bide gehiagorekin eta intermodalitatea sustatzeko kanpainekin, eta itsasertzaren kudeaketa integrala indartu da, ingurumen administrazioarekin eta uraren kudeaketarekin batera, % 70 aurrekontu gehiagorekin. Jasangarritasunean inbertitutako euro bakoitza lurralde erresilienteago, parte hartzaileago eta etorkizunerako prestatuago baten aldeko apustua da.

Bide Azpiegituretara eta Lurralde Estrategiara bideratutako aurrekontu partidak 118,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an.

2026ko ekitaldian amaituko dira A-15 errepideko tunelak segurtasun arloko Europako araudira egokitzeko lanak. 10 milioi euroko azken partida batekin, beraz, 2018ko ekitaldian hasi zen aldi bat amaituko da, eta ia 100 milioiko ahalegina ekarriko die bere osotasunean foru kutxei.

Inbertsioak proiektu garrantzitsuetan jarraituko du, hala nola, Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntzaren bigarren fasean (5 milioi), gaur egun gauzatzen ari dena, eta Zarauzko saihesbide berriaren amaieran, 7 milioi euroko inbertsioa jasoko duena eta 2026aren amaieran amaituko dena.

Era berean, 2026ko aurrekontuei bide ikuspegitik estrategikoak diren proiektu berriekin ekiteko aukera emango dute, hala nola N-I eta A-15 errepideen arteko lotune berriko obrekin, Andoainen. Lotura horrekin batera, udalerrian hobekuntza osagarrien programa zabal bat egingo da, hainbat puntutan jarduketak eginez; eta, bestetik, Bidasoaldean Mugikortasuna Hobetzeko Azpiegituren Planeko proiektuak garatuko dira, eta horien lehen obrak urtean zehar hasiko dira egiten.

Beste kapitulu batean, aurrekontuko zifrek departamentua garatzen ari den lan-ildo nagusiekin batera doaz, industrialdeetarako sarbideetan edo bide-segurtasunean datozen ekitaldietan egingo diren inbertsioekin, 10 milioi baino gehiago aurreikusten baitira, arreta berezia jarriz zeharbideetan eta ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza problematikoagoa den espazioetan egindako jarduketetan.

Era berean, datozen urteetan gaitasun handiko sareko saihesbide edo lotune berrietan jarduketak egiteko aukera emango duten lanak bideratzeko dagozkien zenbatekoak erreserbatzen dira, Eider Mendoza diputatu nagusiak Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurreratu zuen bezala, 120.000 euro baino gehiago izango dira.

Gobernantza departamentuaren aurrekontu proposamena 84,38 milioi eurokoa da. Administrazio publikoaren eredu moderno, eraginkor eta hurbilaren aldeko apustua indartuko da. Hala, funtzio publikoaren eremuan, Partekatuz errelebo eta prestakuntza plana izango da jarduera-ildo nagusia. Aurten bertan abiarazitako plan honek 2026 urtean prestakuntza izango du ardatz, Aldundian belaunaldien arteko erreleboa prestatzeko funtsezko tresna gisa.

IZFE foru elkarteari dagokionez, Eskua programa bultzatzen jarraituko da, udalerrietan administrazio elektronikoa hobetzera eta zibersegurtasuna indartzera bideratuta.

Azkenik, suhiltzaileen foru zerbitzuak 38 milioi euroko aurrekontua izango du, ekipamendu, eraikin, ibilgailu eta teknologia digitalen inbertsioan eta modernizazioan sakontzeko eta langileen prestakuntza indartzeko.

Ogasun eta Finantza departamentuak 62, 5 milioi euro izango ditu, besteak beste, TicketBAI (LiburuaBai) proiektuan urrats berriak emateko, adimen artifizialeko proiektu pilotu baten bidez barne produktibitatea hobetzeko, eta gure sistemak erreforma fiskalaren berrikuntzetara eta azken urte honetan sortutako zerga betebehar berrietara egokitzeko. Era berean, datuaren kalitatea, espediente elektronikoa eta faktura elektronikoa hobetzeko proiektuen alde egiten jarraitzen da.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuari dagokionez, 95,3 milioiko aurrekontu globala izango du (+%8,83), eta horrek Gipuzkoan mugikortasun iraunkorragoa bultzatzea du helburu. Horretarako, Mugikortasuneko zuzendaritzak 74,9 milioi euro izango ditu Lurraldebusen atzeman diren behar berriei erantzuteko eta gure errepideko garraio publikoaren sarea zabaltzen jarraitzeko.

Turismo zuzendaritzak 3,4 milioiko inbertsioa du turismo plan estrategiko berriaren oinarriak aplikatzeko: eskualdeak indartzea, Gipuzkoa helmuga turistiko adimendun gisa indartzea edo prestakuntza sustatzea, besteak beste.

Azkenik, Lurralde Antolaketako Zuzendaritzak 16 milioi ditu hiru ardatz estrategikori aurre egiteko: Pasaiaren biziberritzea, Oñatiko Unibertsitatearen birgaitzea eta Irun Bidea proiektua, Gipuzkoan hiria biziberritzeko eta etorkizuneko mugikortasunerako nodo berri gisa.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuak aurkezten duen 2026ko aurrekontua uste sendo baten gainean eraikitzen da: kultura eta kirolerako sarbidea, elkartasuna eta gazteen parte hartzea ez dira luxuak, baizik eta funtsezko zutabeak gizarte kohesionatu, berdintasunezko eta etorkizuna duen gizarte baterako. Aurrekontu hau konpromiso hori islatzen duten hiru ardatz nagusiren inguruan egituratzen da. Lehenik eta behin, eskola-kirola finantzatzeko ereduak 3,2 milioi euroko igoera izango du, 3,9 milioiraino, familia guztientzat kuota bakarra eta eskuragarria bermatzeko, haien egoera ekonomikoa eta bizi diren udalerria kontuan hartu gabe. Urrats honekin mezu argi bat ematen dugu: haur bakar bat ere ez da kanpoan geratuko arrazoi ekonomikoengatik. Bigarren ardatza Koldo Mitxelena Kulturunearen birmoldaketa burutzea da. Gune irekia izango da, garaikidea, tradizioa eta modernitatea, ezagutza eta herritartasuna lotuko dituena. Horrela, 4 milioi euro inguru bideratzen dira helburu horretara. Obra nagusia osatu ondoren, bertako espazioak eguneratzeari ekingo zaio, bai jatorrizko funtzioa betetzen dutenak, bai erabilera berrikoak, eta lurralde honen anbizio kulturala islatuko duen erakusketa eta jarduera lerro bat jarriko dugu abian.

Hirugarren ardatza elkartasuna da: Gipuzkoak nazioarteko lankidetzarekin eta justizia globalarekin duen konpromisoa berresten du, eta horretarako 216.593 euroko igoerarekin indartu ditugu gure lankidetza politikak, garapen jasangarria, genero ekitatea eta giza eskubideak sustatzen dituzten proiektuak babestuz.

Lurralde Oreka Berdea departamentuak 48,1 milioi euro izango ditu belaunaldien arteko errelebo estrategiarekin jarraitzeko eta dagoeneko aktibo dauden proiektuetan aurrera egiteko, hala nola Baserritar Misto Profesionala, Trebatu edo Gaztenek proiektuetan. Era berean, departamentuak aurreikusten du aurrekontuetatik zerbitzu ekosistemikoak bultzatzea, baserritarrek tokiko elikadura iraunkorraren bermatzaile gisa eta klima aldaketa bezalako mehatxuen aurrean lurralde oreka berdea zaintzeko funtsezko eragile gisa duten funtzioa aitortuz. Era berean, 1,4 milioi euro bideratuko dira Basotik Fundaziora, baso kudeaketa jasangarriaren eredua sendotzeko eta baso-jabeen beharrei erantzuteko. Ildo horretan, fundazioak aurreikusten du 1.000 hektarea basoberrituko direla, eta beste 200 hektareetan bestelako basozaintzako jarduerak egingo dira (garbiketak, inausketak eta beste hobekuntza batzuk).

Diputatu nagusiaren kabineteak 28,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an. Azken ekitaldietan ohikoa den bezala, partida nagusiak hizkuntza berdintasunerako politikak sustatzera eta garatzera bideratuta daude, 2026ko ekitaldirako arreta berezia jarrita departamentuetan euskara planak integratzeari, IV. Berdintasun Plana bultzatzeari eta garatzeari, eta integraziora eta aniztasunera bideratutako lan ildoei dagokienez. Estrategia Zuzendaritzak, 8 milioiko aurrekontuarekin, departamentuen arteko koordinazioa eta gizarteko eragileekin lankidetzan, proiektu eta estrategia berriak bultzatzen eta gidatzen jarraitzen du, Gipuzkoaren erronkei elkarlanean heltzeko. 2026ko ekitaldirako lehentasunezko lan ildoa izango da komunitatea indartzeko ekintzak garatzea. Komunitate gisa Gipuzkoaren erronkei helduko diegun parametroaren pean.

Sarreren atalean, Aldundiak aurreikusten du 2025ean 7.224 milioi euro lortzea. Aipatutako 1.296 milioi euro horiek aurrekontu propio gisa geratuko dira, 1.257 milioiko kudeaketa arrunteko aurrekontuaren eta 39 milioi euroko finantza kargaren artean banatuta. Gainerako 5.637 milioiak hainbat konpromiso instituzionaletara bideratuko dira, eta honela banatuko dira: 4.741 milioi euro Eusko Jaurlaritzari; 721 milioi, udalei, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez; eta 449 milioi, Estatuari, Kupoaren bidez.

Aurrekontuen proposamenak gaur jaso du Gobernu Kontseiluaren onespena, eta gaur eguerdian entregatuko zaio, 12:30ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenari. Horrela, Batzar Nagusietan kontuak eztabaidatzeko epea zabaltzen da, lehenik batzordean, gero zuzenketen bidez eta azkenik osoko bilkuran.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...