Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Getariak benetako gobernantza behar du, ez iragarpen hutsak: EAJ-PNVk legegintzaldi erdiko balantzea egin du
Udal talde jeltzaleak EH Bilduren gobernuaren planifikazio eta gardentasun falta salatu du, ekonomia, zerbitzuak eta herritarren bizitza sustatzeko proposamen zehatzak eskaintzen dituen bitartean.
2023-2027 agintaldiaren erdira iritsita, EAJ-PNV Getariako udal taldeak uste du ezinbestekoa dela azken bi urteetan gertatutakoaren balantzea herritarrei eskaintzea. EAJ-PNVk elkarrizketarako borondatea etengabe mantendu du —berrogeitik gora zuzenketa eta informazio-eskaera aurkeztuta—; hala ere, egunerokoak erakusten du gehiengoan dagoen gobernuak bere ahaleginak eztabaida sinbolikoetan eta agenda politiko propioan jarri dituela, eta horren ondorioz herriarentzat premiazko proiektuak eta beharrek bigarren planoan jarraitzen dutela.
2024ko aurrekontuen kudeaketak arazo horiek agerian utzi ditu. Udal kiroldegian estalkia eraikitzeko aurreikusitako milioi euroa 2025eko aurrekontura eraman zen eta finantzaketa azken unean onartu bada ere, likidazioak jarduketen %43 bakarrik gauzatu zirela erakusten du. EAJ-PNVk aurkeztutako proposamen estrategikoak ezetsi ziren eta aurrekontuak bi alderdien arteko akordiorik gabe onartu ziren.
Proiektu estrategiko nagusiek atzerapen eta gabezia kezkagarriak pilatu dituzte. Alde Zaharra eta Balentziaga arteko igogailuak, bi urteren ostean, ez du oraindik partida espezifikorik ezta lizitazio-egutegirik. Potzuaga Gainan arau urbanistikoak egokitu arren, birpartzelazioa eta urbanizazioa oraindik zirriborroan daude, 150etik gora babes ofizialeko etxebizitza ahalbidetzeko giltzarri diren bi urrats izanik. Katrapunako espedientea ez da ez batzordera ez udalbatzarrera eraman, eta ez dago ez proiektu arkitektonikorik ez egutegirik.
Gazteentzako espazioak ere ez du aurrera egin. Kokapena behin eta berriz aldatu da eta eraberritze planaren dokumentazioa ez du iritsarazi udal gobernuak. Portuko eraikinak, Tintaleku, Kofradia Zaharra eta Nautikoa, hondatze bidean jarraitzen dute proiektu eta esku-hartze egutegirik gabe. Bestalde, udalaren erantzukizun den eskola publikoaren fatxadan kaskoteak jausteak izan dira eta, EAJ-PNVk premiazko neurriak eskatu arren, herriko partaidetza prozesuaren ondoren aurrekontuen negoziaketetan puntu garrantzitsua izan da beti, konponbidea ez da martxan jarri, ikasleen segurtasuna arriskuan jarriz.
Parte-hartzea eta gardentasuna ere eskasak izan dira. Udal armarria ordezkatzeari buruzko polemikak, heraldika-azterlan sesgatua eta bozketa adingabeei zein erroldatu gabe dauden bizilagunei irekita, agerian uzten du gobernatzeko modu bat, non parte-hartzea eszenografiarekin nahasten den. Gainera, oraindik ez dago obren eta kontratuen epeei, esleipenei eta gainkostuei buruzko informazioa emango duen gardentasun atari eraginkorrik udalaren baliabidetan.
Etxebizitza eta kohesio sozialaren arloan, bi urte igaro ondoren ez da alokairu sozialerako etxebizitza huts bakar bat ere martxan jarri. Bakarrik bizi diren adinekoentzako ekimenak oraindik zirriborroan daude. Auzoz auzoko mugikortasuna geldirik dago; horren adibide da Askizu eta San Prudentzioren N-634ko bidegurutzea, 2023an abian zegoela esan zutena. Halaber, turismo iraunkorraren, euskararen sustapenaren eta trantsizio energetikoaren planak ez dira behar bezala abiarazi ezta gauzatu ere 2024an abian zela esaten zutena.
EAJ-PNVk, kritikatik harago, irtenbideak proposatu ditu. 650.000 eurotan baloratuta dauden proposamen zehatzak aurkeztu ditu, besteak beste ibilgailu elektrikoentzako karga azkarrak, kiroldegian plaka fotovoltaikoak, Zarautz Jauregiaren eraberritze integrala, Aldamar parkeko komun auto-garbigarria, Musika eskola, Santanapeko pasealekua eta landa-bideen egokitzapena.
Datozen bi urteetarako, EAJ-PNVk bide-orri argia proposatzen du; zor publikoaren eta inbertsioen exekuzioaren gaineko gardentasun osoa bermatzea, Balentziagako igogailuaren obren egutegi zehatza onartzea, Potzuagako etxebizitzen bultzada ematea, Katrapuna eta Eskualtxetari buruzko kokapen eta egutegi argiak zehaztea 2026ko ekaina baino lehen, alokairu sozialerako gutxienez 20 etxebizitza aktibatzea, benetako bermeak dituzten parte-hartze prozesuak ezartzea, eta 2026ko uda baino lehen gazteentzako espazioa irekitzea.
Getariak ezin ditu beste bi urte iragarpen hutsetan galdu. Udal gobernuak 2025eko aurrekontuak aho batez aurrera eramateko ezinbestekoa izango da benetako elkarlana. Hori oinarri izanik, udal gobernuak proiektu bateratuak proposatzen baditu, gure lankidetza izango du. Bestela, aurrean izango gaitu: proposamen argiak eta argudio sendoak aurkeztuko ditugu, eta gobernatzea herritarren bizitza hobetzea dela gogoraraziko dugu, ez armarri historikoa berridaztea”, azpimarratu du EAJ-PNVko bozeramaile Iosu Mugikak.
Alderdiak herritarrenganako eta Getariaren etorkizunarekiko konpromisoa berretsi du. Helburua garbia da. Udalerria eraldatzea, ekonomia dibertsifikatzea, ehun produktiboa sendotzea eta gazteei, landa-auzoei eta zerbitzu publikoei merezi duten arreta eta plangintza ematea.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/09/30
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13