Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/11

Nabarmen geratu da berriro Bidegi gaia medio 13 urte honetan ezker abertzaleak daraman estrategia sistematikoa aurkari politikoa suntsitzeko

Ezagun da EH Bilduk ematen duen horixe dela: abantaila politikoa lortzeko gezurra erabiltzen duen alderdi populista bat
Nabarmen geratu da berriro Bidegi gaia medio 13 urte honetan ezker abertzaleak daraman estrategia sistematikoa aurkari politikoa suntsitzeko

Behin eta berriro, eta hau hirugarrena. Hankaz gora geratu dira zeharo ”Bidegi auzia” delakoan EH Bilduk egindako funtsik gabeko akusazioak. Hiru ebazpen judizialen ondoren, nabarmen geratu da 2013az geroztik zikin jokatu duela EH Bilduk, garai hartan Larraitz Ugartek eta Martin Garitanok gidatuta eta egundaino, 13 urte baino gehiagoan, gezurrari eutsi eta eutsi jarraitu dutelarik alderdi horretako buruzagiek.

Berandu bada ere, erabaki hau kalte-ordain politiko eta humano bat da EH Bilduk akusazio faltsuen politikarekin, hala zela jakinik, erasotutako pertsonentzat. Markel Olanoren eta Eneko Goiaren izenak intoxikazio kanpaina bat egiteko erabili zituzten 2015eko udal eta foru hauteskunde atarian. Estrategia hark helburu argia zeukan: gezurraren bidez boto-abantaila lortzea. Gezurrez eta fake news-ez jositako kanpaina izan zen EAJ-PNV suntsitzen saiatzeko; ez zuten batere erreparorik izan Bidegiko teknikariekin, egingo zieten mina axola gabe, ezta kontratatutako enpresei ere ze kalte egingo zieten, haiei ere akusazio faltsuak egin bait zizkieten.

Populismoaren ezaugarrietako bat mezu sinplifikatuak, desitxuratuak edo, besterik gabe, faltsuak zabaltzea da, ziurtatu edo egiaztatu daitezkeen egitateak alde batera utzita. Hori guztia interes alderdikoiak lortzeko, herritarrengan beldurra edo haserrea eragiteko, “onak” eta “txarrak” daudela zabalduz. Populismoa “denak balio du”-ela irizpidean oinarritzen da abantaila lortzeko. Honako kasu hau bertako populismoaren adibide peto-petoa da.

Gipuzkoako EAJ-PNVk herriaren aurrean gogoeta autokritiko bat egiteko eskatzen dio EH Bilduri. Uste du gogoeta hori beharrezkoa dela etikaren aldetik onartezinak diren gertakariak daudelako, nabarmen uzten dutenak ezker abertzaleak eramandako estrategia sistematikoa aurkari politikoa suntsitzeko. Eta ezinbesteko betebeharra da gutxieneko konponketa bat eskainiko badiete hainbeste urtetan bidegabeki eta funtsik gabe iraindu eta izena belztu dieten pertsonei.

Kalte honen aurrean ez bada egindakoa nolabait aitortzen edo konpontzen, EH Bilduk erakutsiko du ematen duen horixe dela: alderdi populista bat, erreparorik gabe jokatzen duena “denak balio duela”-koan, baita gezurra eta faltsukeria erabiltzea ere, abantaila politikoa lortzeko. EH Bildu bertako populismoaren ezpalekoa da, ez bakarrik arazo konplexuei irtenbide hutsalak eta bideraezinak eskaintzen dizkielako, baizik eta uste duelako helburuak zuritu egiten dituela bitartekoak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...