Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/10/10

EAJ-PNVk kudeaketa eredu desberdinen arteko alderaketa egitea eskatu dio EH Bilduko Udal Gobernuari Tolosako udal kirol instalazioen etorkizuneko gestio eredua erabaki aurretik

Talde jeltzalea kritiko azaldu zen EH Bilduko Udal Gobernuarekin iraileko Osoko Bilkuran, orain urtebete, hilabete gutxiren buruan kudeaketa ereduaren inguruko hausnarketa sakon bat egin asmo zutela adierazi zutelako eta oraingoz ez dago haren inguruan inungo berririk
EAJ-PNVk kudeaketa eredu desberdinen arteko alderaketa egitea eskatu dio EH Bilduko Udal Gobernuari Tolosako udal kirol instalazioen etorkizuneko gestio eredua erabaki aurretik

Duela urtebete, Tolosako Udal Gobernuak Kirolzer enpresari esleitu zion udal kirol instalazioen kudeaketa integralaren zerbitzua urtebeterako, bigarren urte baterako luzatzeko aukera ematen zuen zerbitzu kontratu baten bidez. Udal Gobernuaren asmoa, orain urtebete azaldu zuen bezala, kudeaketa ereduaren inguruko hausnarketa sakon bat abiatzea zen eta hilabete batzuren buruan gauzatzeko konpromisoa hartu zuen. Urte oso bat igaro da eta ez dago ereduaren inguruko azterketa horren berririk; ez dakigu abiatu ote den ere.

Udal Gobernuak lau printzipio eskatzen zizkion kudeaketa ereduari onargarri izateko: lan baldintza duinak, instalazioen kontrola Udalaren esku, kalitatezko zerbitzua eta oreka ekonomikoa. Danok ere gure egin ditzakegun printzipioak.

Orain arte dakigun gauza bakarra da, urtebeteko luzapenaren aukera lehenetsi duela EH Bilduko Udal Gobernuak oraingoz eta Kirolzer enpresak kudeatuko dituela beste urtebetez Tolosako udal kirol instalazioak.

Talde jeltzaleak kudeaketa eredu desberdinen arteko alderaketa egitea eskatu dio EH Bilduko Udal Gobernuari Tolosako kirol udal kirol instalazioen etorkizuneko gestio eredua erabakitzeko, eta azterketa horrek jaso dezala eredu desberdinen arteko alderaketa ekonomiko bat ere, aipatu lau printzipio horiek barnebiltzeaz gain.

Gogoan eduki beharra daukagu, urtetan zehar indarrean egon zen kontzesioak/emakidak mozkinak sortzen zituela Tolosako Udalarentzat; oraingo ereduak ez ditu mozkinak sortzen. Aurreko ereduak inbertsioen kudeaketa eta gauzatze lanak enpresaren gain ipintzen zituen; oraingo kudeaketa ereduan zama hori Tolosako Udalaren gain geratzen da.

Era berean, tolosarrontzat, erabiltzaileontzat, bazkideontzat, klubentzat, lehen zegoen eskaintza eta zerbitzua eta orain daukaguna oso antzekoak dira. Beste gauza bat ere argi dago, langileen baldintzei dagokionean, kudeaketa ereduak berak ez dituela lan gatazkak sortzen; ia bi hamarkadatan zehar erabili du Tolosako Udalak emakidaren/kontzesioaren kudeaketa eredua eta arrakastatsua izan dela demostratu da.

Iragan hurbila ere gogora ekarriz, talde jeltzaleak zera gogorarazi zion EH Bilduko Udal Gobernuari iraileko Osoko Bilkuran: BPXPORT enpresaren kudeaketa kontratuaren amaierarekin lotutako galdera asko daudela erantzunik gabe oraindik. Urtebete baino gehiago igaro da Tolosako Udalak BPXPORT enpresari haien jardunaren auditoriak eskatu zizkiola eta gauzatutako inbertsio guztien zuriketa ekonomikoa ere erreklamatu ziela. Tolosako Udalak oraindik ez du dokumentazio guzti hori jaso. Udal Gobernuaren ardura da informazio hori exijitu eta udal talde politiko guztiekin partekatzea, kontratuaren adostasunezko etete hartan erantzun gabe geratu ziren galdera asko erantzun ahal izateko, inbertsioekin loturikoak batez ere.

Amaitzeko, EH Bilduk hainbatetan aldarrikatzen duen udal zerbitzuen publifikazioa mahaira ekarri zuen talde jeltzaleak debatera: etxez-etxeko zerbitzua enpresa bati esleitu zaio legealdi honetan, ez da publifikatu; TAO zerbitzua enpresa bati esleitu zaio legealdi honetan, ez da publifikatu; Hiribusa esleituko da legealdi honetan, ez da publifikatuko; eta ziur gaude, polikiroldegia esleituko da legealdi honetan, eta ez da publifikatuko. Errelatoaren eta errealitatearen arteko talka. EAJ-PNV’k beti defendatu izan du kolaborazio publiko-pribatua, beste batzuk gobernatzen dutenean bakarrik.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...