Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
"Gure helburua euskal nazio kontzientzia indartzea eta estatu propioa lortzea izan da, da eta izango da", azpimarratu du EAJ-PNVk
"Helburua gogoan duenak egoeraren arabera graduatu dezake bere ekintza politikoa, baina helburua ahazten duenak konformismoan erortzen da eta atzera egiten du", gaineratu du GBBko presidenteak.
Argazkiak...
Gaur, uztailak 31, Eusko Alderdi Jeltzaleak bere sorreraren 130. urteurrena ospatzen du; hori dela eta, ohiko mitina ospatu du Mutrikun. Ekitaldian, Euge Arrizabalagak lehen aldiz hitz egin du Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari gisa.
Efemerideengatik alderdikideak zoriondu ostean, burukideak azpimarratu du alderdi politiko batentzat 130 urte betetzea “gaztetasunaren seinale” dela, “urte horietan guztietan garaietara eta egoeretara, jazarpenera eta diktaduretara egokitzen jakin izan duen seinale, eta, batez ere, ia bost hamarkadako ekintza instituzionalera, non Euskadirekiko eta herritarrekiko benetako konpromisoan oinarritutako proiektu politiko sendo bat eskaini duen".
Euge Arrizabalagak gogora ekarri ditu Sabino Aranak EAJ-PNV sortu zueneko egoera: foru abolizioaren ondoren, kontzientzia nazionalik gabeko Euskal Herria, Herri gisa irautea arriskuan ikusten zuena. “Sortu zenetik gaur arte, 130 urtez, EAJ-PNVren helburua argi eta irmo mantendu da: euskal nazio kontzientzia indartzea, euskara aldarrikatzea eta indartzea, eta Euskadik bere Estatua osatzea”, gaineratu du.
Horren harira adierazi du “funtsezkoa dela, abertzale garen aldetik, gizon eta emakume libreek osatutako nazio askea lortzeko helburu politikoa argi izaten jarraitzea, helburua gogoan duenak bere ekintza politikoa egoerak ahalbidetzen dion heinean graduatu dezakeelako”. “Baina helburua ahazten duena erraz erortzen da konformismoan, eta abertzale garenok badakigu konformismoak atzerakada dakarrela”, gaineratu du.
Egiteko dagoen bideari dagokionez, paradigma-aldaketa bultzatzeko beharra azpimarratu du. “Espainian’ negoziatzeko mendekotasunaren paradigma gainditu behar dugu, Pedro Sanchezen Gobernuak hartutako konpromisoak izanda ere, 46 urteren ostean oraindik bete gabe dagoen Gernikako Estatutuarekin gertatu dena errepikatu ez dadin”, azaldu du. “Espainiarekin’ negoziatu behar dugu, berdintasunean oinarritutako aldebiko esparru batean”. Eta azpimarratu du EAJ-PNVren afiliatuek Estatus Berriaren “pedagogia” egin behar dutela, “kontzientzia nazional sendoa dugun heinean, Estatu egiturak lortzeko prest egongo garelako”.
Halaber, akordio politiko zabalak eta demokratikoak lortzeko beharra azpimarratu du, “munduan ez baitago herri bakar bat ere bere proiektu nazionalean aurrera egin duenik akordiorik lortu gabe”. “Hori bai, beto eskubidea inposatzeko helburuarekin aniztasuna errespetatzeko deia egiten dutenen tranpan erori gabe”, esan du Alderdi Sozialistari erreferentzia eginez.
EH Bilduri dagokionez, nabarmendu du zein zaila den beraiekin akordioak lortzea; izan ere, elkar-ulertzeko proposamen estrategikoak egiten ditu, baina “praktikan, ezetza eta kontrakotasuna azaltzen ditu, aurrekontuetan, erreforma fiskalean, Osasunaren aldeko Itunean edo Donostiako metroan ikusi dugun bezala”.
EH Bilduk bezala, arazoetatik “errenta politikoak” atera nahi dituztenen aurrean, “erdi egiak edo gezur osoak izan”, EAJ-PNVren eredua aldarrikatu du, "konponbideen bilaketan zentratua eta lehentasun bakarrarekin: Euskadirekiko eta bere jendearekiko konpromisoa".
GBBko presidenteak alderdikide eta alderdizaleei eskatu die beti “eragile aktiboak” izan daitezela alde bateko edo besteko populismoaren aurka, eta, bereziki, neo-faxismoaren aurka; eskatu die egiara jotzeko beti, “demokraziarentzat kaltegarria” den gezurraren erabileraren aurrean; eta demokrazia defendatzea totalitarismoaren aurrean. Bere hitzaldia amaitzeko, zapaldutako herrien –Ukraina eta Gaza– defentsan ahotsa altxatzera gonbidatu du, eta Putin eta Netenyahu “munstroak” gaitzetsi ditu.
Gaurko mitinean Félix Azpiazu Mutrikuko Uri Buru Batzarreko presidenteak ere hitza hartu du. Bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Alazne Txurruka Debako alkatea, Joseba Egibar GBBko presidente ohia, Markel Olano, Ion Gambra, Marijo Etxeogien eta Olatz Peon burukideak, Aitor Urrutia, Elena Lete eta Markel Aranburu legebiltzarkideak, Luke Uribe-Etxebarria eta Mª Dolores Etxano senatariak eta Joseba Agirretxea diputatua.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/09/30
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13