Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tolosaldeko EAJ-PNVk bere harridura agertu du ospitale berriaren proiektuarekin lotuta EH Bilduren zabuen eta inkoherentzien aurrean
Atzo argitaratutako prentsa-oharraren edukia aitzakien laburpen bat da, arazo honen konponbideetatik aldentzeko
Tolosaldeko EH Bilduk atzo eskualdeko ospitale publiko berriari buruz igorritako prentsa oharrak agerian uzten du alderdi politiko honek gai honen inguruan duen jarrera oker eta ulertezina. Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak joan den asteazkenean, uztailaren 9an, Tolosan berretsitako konpromisoari eta proiektuari erantzuteko eman zen argitara agiri hori. Alberto Martínez Tolosan izan zen, eskualdeko ospitalea izango denaren lurrak bertatik bertara ezagutzeko. Ospitalea titulartasun eta kudeaketa publikokoa izango da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Tolosaldeko alkateen ordezkaritza batekin bildu zen, eta horiek publikoki adierazi zuten bat zetozela Sailaren planteamenduekin. Hitzez hitz, eskaera horri irteera emateko konpromisoa eskertu zuten, eta poztu egin ziren azkenean Tolosaldeko osasun-arreta Donostia Ospitaleko osasun-profesionalen mende egongo zelako. Era berean, alde guztiak bat etorri ziren Asunción klinikako plantillaren gaiari heldu behar zaiola esatean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Tolosara egindako bisitan azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publiko bat eraikiko du laster Tolosan. Ospitale horrek, besteak beste, 74 ohe eta 3 ebakuntza-gela izango ditu, eta Gipuzkoa osorako erreferentea izango da prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Etorkizuneko ospitalea bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten da. Tolosan kokatuko da, Iurramendiko egungo aparkalekuan, suhiltzaileen parkearen ondoan. Osasun Sailean prozesua aktibatzeko, Tolosako Udalak egiteke dagoen hirigintza-tramitazioa amaitu eta lur horiek Osakidetzaren esku utzi behar ditu.
Hau da testuingurua. EH Bilduren komunikatuak, lehenik eta behin, alkateak gaitzesten ditu, eta gaia hasierako puntura eramaten du berriro, etorkizuneko ospitalearen kokapenaren egokitasuna bera ere zalantzan jarriz. Bigarrenik, prentsa-ohar horren edukia aitzakien bilduma bat da, arazo honen konponbideetatik aldentzeko oinarririk ez duena. Tolosaldeko EAJ-PNVk bere harridura adierazi du EH Bilduk proiektu honen inguruan dituen etengabeko bandakadengatik eta inkoherentziengatik.
Tamalez, jarrera honek agerian uzten du EH Bilduri ez zaizkiola konponbideak interesatzen, nahiago duela arazoetan kokatu, alderdikeriaz ustiatzeko. Tolosaldeko osasun-arretari dagokionez, aspalditik ari gara lanean gizartearen eskaerari irtenbide positiboa eta eraikitzailea emateko.
Paradoxikoki, konponbidetik gertuen gaudenean, EH Bilduk eta bere inguruak erresistentzia eta eragozpen gehiago aurkezten dituzte.
Tolosaldeko EAJk konponbide prozesuarekin bat egitera gonbidatu du EH Bildu, konponbidearen parte izatera, arazoaren eta gatazkaren parte izan beharrean. Nahikoa da kalkulatutako anbiguotasunekin eta zalantzak, atzerapenak eta luzapenak sortzearekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak mahai gainean jarritako eskualdeko ospitale berria eraikitzearen alde dagoen ala ez argitu behar du EH Bilduk.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2025/09/30
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13