Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNV: "Andoaingo aurrerabidearen motorra guk jarri dugu, ez EH Bilduk"
EAJ-PNVk agintaldi erdiaren balantzea egin du, eta oposiziotik EH Bilduk gobernutik baino aurrerapen gehiago bultzatu dituela nabarmendu du.
Agintaldia hasi eta bi urtera, egindako bidearen balantzea egin du EAJ-PNVren Andoaingo udal taldeak, eta hurrengoa adierazi nahi izan du: "Andoainen, aurrerapenaren alde, gehiago egin dugu oposiziotik, EH Bilduk gobernutik baino". Gobernu taldearen ekimen eta lidergo faltaren aurrean, beraz, jeltzaleek jarrera propositiboa, arduratsua eta konstruktiboa hartu dutela diote, andoaindar herritarren benetako arazoak konpontzea helburu izanik, betiere.
Zentzu horretan, EAJ-PNVk dio lehen egunetik egin duela lan Andoainek behar duen egonkortasun instituzionala bermatzeko. Gobernuan egon ez arren, argi dute alderdia izan dela eskua luzatu, eta luzaroan espero ziren proiektuak bultzatzeko akordio giltzarriak lortu dituena. Konfrontazioan edo taktizismo politikoan erori beharrean, EAJ-PNVk akordioaren, elkarrizketaren eta erantzukizunaren aldeko apustua egin du.
Aurrerapenaren motorra
Jetzalen iritziz, EH Bilduren taldeak norabide argirik gabe gobernatu du, anbiziorik gabe kudeatuz. Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk jakin izan du zubiak eraikitzen eta akordio erabakigarriak lortzen, hala nola 2024ko eta 2025eko aurrekontuak, "Andoainen aldeko akordioa" izenburupean sinatutakoak. EAJ-PNVk Andoaingo etorkizunarekin duen konpromisoa, hortaz, kritikatik haratago doa, eta herria hobetzeko proposamenak eta inbertsioak gidatu dituztela nabarmendu dute.
Ildo horretan, akordioetan sartutako beren proposamen ugari gogorarazi nahi izan dituzte EAJ-PNVtik: tokiko ekonomia sustatzeko 150.000€-ko laguntza-plana, Allurralde-Arrateko kirol-makineria berritzeko konpromisoa, kaleak eta aparkalekuak asfaltatzeko 440.000€ak, Euskararen erabilera sustatzeko programak (Parketarrak eta Barra-Barra), uda honetan Galardi Haurreskolako patioan egingo diren hobekuntzak, Bertxingo zentral hidro-elektrikoa prest jartzeko lehentasuna, edo Leizaur parkean komun publiko berriak jartzea, Doctor Huicirena osatu ondoren.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV-k uste du politika ezin dela mugatu egunerokoa kudeatzera. Andoainek epe luzean pentsatzen duen lidergoa behar duela defendatzen dute, hurrengo hamarkadako udalerria diseinatuko duena. “Zorionez, Andoainen, aurrerabidearen motorra guk jarri dugu, ez EHBilduk. EAJ-PNVtik anbizio handiagoz egin nahi dugu politika eta arduraz lan egiten jarraituko dugu Andoain atzean gera ez dadin”, esan dute.
EAJ-PNVk ez dauka zalantzarik etorkizuneko Andoain irudikatzean: kalitatezko zerbitzu publikoak, bizitzeko espazio atseginak, tokiko ekonomia sendoa, ingurumen-apustu irmoa eta pertsonentzat pentsatutako hirigintza dituen herria.
Oinordetzan jasotako proiektuak eta estankatutako funtsezko ekimenak
Era berean, jeltzaleek adierazi dute EH Bildu abian jartzen ari den politiken zati handi bat joan den legealditik zuzenean heredatu dutela, eta EAJ-PNVren sinadura daramate. "Haietako asko diseinatuta edo bideratuta zeuden, eta orain ikusi dute argia, ia ekarpen berririk egin gabe".
Nabarmentzekoak dira, adibidez, Ziako erreka bideratzeko eta saneamendua hobetzeko obrak, Ama Kandida eraldatzea ahalbidetuko dutenak (URA eta Eusko Jaurlaritzaren 47M€-ko inbertsio konpromisoarekin), Leizotz auzoko ur-hornidurako sarean 1,2 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa, komun publiko berriak jartzea (Aranaztegi), tokiko merkataritza sustatzeko SALKIN elkartearekin egindako hitzarmena eta kontsumo-bonuen kanpainak, Leitzarango bisitarien zentroaren eskaintza handitua, asteburuetan liburutegia irekitzea, edo Belabiko Udal Ludoteka berria martxan jartzea (obra amaituta, oraindik ez dago irekitze-data ofizialik).
Andoaingo etorkizuna markatuko duten obra handiek, ordea, ez dute izan aurrerapen esanguratsurik EAJ-PNVren aburuz. Allurraldeko kiroldegiaren handitze proiektuak edo udal liburutegi berriaren eraikuntzak geldirik jarraitzen dute. “Nahiz eta bi ekimenek garrantzi handia izan zuten hauteskunde garaian, orain ez dago anbiziorik horiek bultzatzeko orduan. Administrazio-tramiteak etengabe luzatzen dira, eta benetako lan-egutegia falta da. Atzerapen horiek ez dira kasualitatea, kudeaketa ez-eraginkorraren eta gauzatzeko gaitasun eskasaren ondorio baizik”.
EAJ-PNVk oso argi ditu Andoainek dituen erronkak. Egungo gizartea gero eta konplexuagoa eta anitzagoa da, eta ikuspegi politiko modernoa eta eraginkorra eskatzen ditu, premia berriei erantzuteko gai izateko. Horregatik, funtsezkoa da zerbitzu publiko sendoen eta kalitatezkoen alde inbertitzea eta apustu egitea. Eraldaketa horri uko egiteak atzean geratzea esan nahiko luke. “Aldaketa hori bultzatu behar dugu, herri-eredu seguruago, inklusiboago, jasangarriago eta adeitsuago baten alde eginez. Hori da zurekin eraiki nahi dugun etorkizuna", diote jertzaleek.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


