Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/03/25

Arrasatek jasangarritasuna bai, baina herritarren bizi kalitatea bilatzen duen Mugikortasun Plan partekatu bat merezi du, ez alderdikeriaz inposatutako plan bat

EAJ-PNVren udal taldeak datorren Osoko Bilkuran herritarren hainbat proposamen eta alegazio aurkeztuko dizkio Mugikortasun Iraunkorreko Planari, arrasatearren eta kolektiboen ekarpenak azken dokumentuan sartuko direla ziurtatzeko.
Arrasatek jasangarritasuna bai,  baina herritarren bizi kalitatea bilatzen duen Mugikortasun Plan partekatu bat merezi du, ez alderdikeriaz inposatutako plan bat

Apirilaren 1eko Osoko Bilkuran, Arrasateko EAJ-PNVk Udal Gobernuaren Mugikortasun Iraunkorreko Planari buruzko herritarren eta kolektiboen hainbat proposamen eta alegazio aurkeztuko ditu, azken dokumentuan ahalik eta ekarpen gehien islatuta gera daitezen.

Jeltzaleek aldaketa zehatzak proposatu dituzte Mugikortasun Planaren inguruan. Lehenik eta behin, kritikatu dute Udal Gobernuak udalerriko errepide nagusietan noranzko bakarreko zirkulazioa ezarri nahi izatea: Arrasate Pasealekua, Nafarroa Etorbidea, Zerrajera kalea eta Gipuzkoa etorbidea. EAJ-PNVren ustez, neurri honek trafiko arazoak eta pilaketak sor ditzake, eta ez du mugikortasunaren arazo nagusiak konponduko.

Neurri horren ordez, EAJ-PNVk kale horietan zirkulazio bikoitza mantentzea proposatzen du, ibilgailuen fluxua errazteko. Ander Garayk, Arrasateko EAJ-PNVren bozeramaileak, bide nagusietan noranzko bakarreko zirkulazioa ezartzea ez dela egokia uste du: "neurri hau egokia izan daiteke bigarren mailako kaleetan, baina ez bide nagusietan. Arrasatek eskualdeko hiriburuen antzeko funtzioa betetzen du, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: ospitalea, mankomunitatea, unibertsitatea... Gainera, enpresa sare sendoa dauka, eta horrek trafiko handia eragiten du."

"Proposatutako Mugikortasun Planarekin, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek teilatutik hasi dute eraikuntza, benetako beharrak kontuan hartu gabe. EAJ-PNVk mugikortasun iraunkorraren aldeko jarrera argia dauka, baina uste dugu halako neurri drastikoak hartu aurretik beste hainbat pauso eman behar direla. Autoak ezin dira egun batetik bestera desagerrarazi. Lehenago beste neurri batzuk hartu behar dira: bidegorriak sortzea (azken bi urteetan metro bakar bat ere ez da eraiki), autobus zerbitzuak indartzea, eta garraiobide berrien erabilera sustatzea. Horrela bakarrik lortuko dugu gure herria modu egonkor eta iraunkorrean eraldatzea, ez presaka."

Iturripeko eta Monterron pareko lurpeko aparkalekuak

Mugikortasun aktiboari eta beharrezko azpiegiturei dagokienez, EAJ-PNVk herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta udalerriaren iraunkortasuna areagotzeko hainbat neurri proposatu ditu. Horien artean Iturripeko eta Monterron pareko lurpeko aparkalekuen sorrera nabarmentzen dira. Proposamen honen helburua gainazaleko espazioen okupazioa murriztea eta espazio horiek herritarren erabilerarako askatzea da, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Horrez gain, bidegorri sarearen diseinua inklusiboagoa izatea proposatu dute, erabiltzaile guztien beharretara egokituta, eta beste auzo batzuetan trafikoa handitu gabe.

"Mugikortasun Planak aukera hauek jasotzea funtsezkoa da: garraio publikoaren sustapena, auzoen arteko loturak hobetzea eta mugikortasun berritzailearen aldeko apustua. Arrasatearrek ez dute soilik iraunkortasuna bilatzen duen plan bat merezi, baizik eta bizi-kalitatea ere hobetuko diena. Biak batera", nabarmendu du Garayk.

"Ideologia gehiegi duen Mugikortasun Plana"

"Oro har, herritarrak ez direla behar bezala entzun. Alegazioak egon dira, baina onartutako neurri bakarrak EH Bilduk 2014tik errepikatzen dituenak dira, Arrasate pasealekuko lanekin hasi zenetik. Hasieran guztiz ixteko asmoa zuten, baina EAJ-PNVk proposamena aldatu egin zuen. Orain, berriz, noranzko bakarra ezarri nahi dute. Eta nork esaten digu ez dela etorkizunean berriro ixteko estrategia bat?" adierazi du Garayk.

Laubideko proiektuarekin antzeko zerbait gertatzen da: Nafarroa Etorbidea eta Zerrajera kalea noranzko bakarrera bihurtzeko neurriak onartu nahi dituzte orain. "Mugikortasun Plan honek badirudi ideologia bat gehiago islatzen duela, eta ez benetako parte-hartze prozesu bat, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek nahi izan duten bakarra onartu delako."

"Diskurtsoetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Ikuspegi guztiak aintzat hartuko dituen Mugikortasun Plana behar dugu, ez soilik Udal Gobernuak inposatutakoa. Alderdiei, elkarteei eta herritarrei prozesu honetan parte hartzera dei egiten diegu, elkarrekin benetan behar dugun Arrasatea eraikitzeko", amaitu du Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...