Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/02/27

EAJ-PNV Oñatik Merkaoña proiektua positibotzat jotzen du, baina gardentasuna eskatu du

EAJ-PNV Oñatik begi onez ikusten du udalerrian sortutako energia oñatiarrek zuzenean kontsumitu ahal izatea helburu duen tokiko energiaren merkaturatze proiektua.
Aurrerapauso berri hau 1989an jeltzaleek bultzatutako bidearen bilakaera logikoa da, eta EAJ-PNVk positibotzat jotzen du udalerriaren energia-independentzia indartzea.
EAJ-PNV Oñatik Merkaoña proiektua positibotzat jotzen du, baina gardentasuna eskatu du

Oñatiko EAJ-PNVk begi onez ikusten du Udalak sustatutako tokiko energiaren merkaturatze proiektua. Ekimen honek udalerrian sortutako elektrizitatea bertako bizilagunek zuzenean kontsumitzea bilatzen du, betiere Oñatik energia jasangarriaren alde historikoki egin duen apustuarekin bat eginez. Hala ere, udal talde jeltzaleak uste du prozesuak ez duela behar besteko parte-hartze eta gardentasunik izan.

Trantsizio energetikoan urrats bat gehiago

Oñatik aspalditik du konpromisoa energia propio eta berriztagarriarekin. Hori erakusten dute Olateko zentral hidroelektrikoa 1989an erosi izanak eta Merkaoña 1999an sortu izanak, biak EAJ-PNVren agintaldian. Ordutik, Oñatiko Ur Jauziak sozietateak, Udalarekin, EEE-Energiaren Euskal Erakundearekin eta Goienerrekin batera, 11 milioi eurotik gorako dibidenduak sortu ditu erosketaren ostean, eta horietatik 9.735.000 euro Oñatiko Udalarentzat izan dira, udalerrian berriz inbertituz. Aurrerapauso berri hau bide horren bilakaera logikoa da, eta EAJ-PNVk positibotzat jotzen du udalaren energia-independentzia indartzeko duen helburua.

Bideragarritasuna eta eragin positiboa bermatzea

Proiektuak arrakasta izan dezan, funtsezkoa da hainbat puntu argitzea:

          • Nola bermatuko da energia hornidura egonkor eta lehiakorra?

          • Merkaturatutako energia %100 berriztagarria izango dela ziurtatuko al da?

          • Oñatiko Udalak azken bi legegintzaldi eta erdian 400.000 euro inguru jaso ditu urtero dibidenduetan, eta azken lau urteetan kopuru hori ia 600.000 eurora igo da. Nola eragingo dio ekimen honek udal diru-sarrerei?

EAJ-PNVk uste du galdera hauei erantzun argia eman behar zaiela, proiektu honek benetan oñatiarrei onura ekarri diezaien.

Denon proiektua, denontzat

Udal taldeak ekimenaren berri  behin erabakiak hartuta zeudenean eta beste eragileek diseinu erabakietan parte hartzeko aukerarik izan gabe ematea kritikatu du. Proiektuak babes eta arrakasta handiena izan dezan, funtsezkoa da prozesu ireki eta parte-hartzailea izatea.

"Oñatin sortutako energiak oñatiarrei eta bertako enpresei onura ekartzea nahi dugu. Eredu iraunkor, eraginkor eta ondo planifikatua nahi dugu, etorkizunerako bermeekin", adierazi du Amaia Erostarbe EAJ-PNV Oñatiko bozeramaileak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...