Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJk udaletxearen zaharberritzea eta Torrealdean etxebizitza garatzea proposatzen du aurrekontuari begira
Birziklapena handitzeko kanpaina eta eguneko zentroa lekualdatzea dira mahai gainean jarri dituen beste bi gaiak
Udal talde jeltzaleak gaur aurkeztu ditu, 2025eko aurrekontuari begira, udal gobernuarekin negoziatzen hasteko landu dituen lau proposamenak. Iker Laka bozeramaileak aurreratu duenez, "gai ezagunak dira, ondo jorratutakoak, eta EAJk estrategikotzat jotzen dituenak, Elgetaren etorkizunari eta elgetarren beharrei erabakitasunez aurre egiteko". Modu berean, EH Bilduri dei egin dio akordioa erraztuko duen negoziazio zintzo bat hastera, ordenantza fiskalen kasuan erakutsitako jarrerarekin jarraituz.
Proposamenei dagokienez, Lakak esan du, lehenik eta behin, udaletxea eraberritzeko proiektu bat idazteko eskatuko dutela. "Historikoki aldarrikatu dugun gauza da, eta errealitate hori gero eta atzeraezinagoa da. Argi dago udaletxe zaharkituta dugula, hezetasun- eta irisgarritasun-arazoekin eta espazioaren aprobetxamendu falta nabariarekin. Kontua bideratu egin behar da". Bigarrenik, Torrealdean bertan behera lagata dagoen eraikuntza-egiturari behin betiko konponbidea eman behar zaiola adierazi du. "Proiektua garatzeko dauden aukerak eta beronen bideragarritasuna aztertuko dituen azterlana egitea proposatzen dugu. Horrela, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitu, herrigunea osatu eta inguruko segurtasun-arazoei, pare bat sute kasu, amaiera emango litzaieke.
Hirugarren planteamendua hondakinei eta kaleen garbiketari lotuta dago. Lakak gobernu-taldeari azken osoko batzarrean gogorarazi zion moduan, zabor-tasaren igoerarekin batera, bere ustez, gaikako bilketa handitzeko kanpaina bat egin beharko litzateke. "Zerbitzuaren defizita beteta, orain baliabide gehigarriak izango ditugu birziklatzeari eta txakurren gorotzak biltzeari buruzko kontzientziazioa lantzeko; berauen edukitze arduratsu baterako". Azkenik, EAJren laugarren proposamenak etorkizunean eguneko zentroa San Roke kalera, udaletxearen alboko etxebizitzara, lekualdatzeko lehen pausoak ematearen aldeko apustua egiten du. "Proposamen hori udal gobernutik atera zen, baina uste dugu ez dela ganoraz lantzen ari. Edozelan ere, gure taldea tematia izango da proiektu honek aurrera egin dezan kokapen bikaina duelako, aukera anitzak eskaintzen dituelako eta eskolatik gertu dagoelako. Azken honek belaunaldi arteko proiektu aitzindariak martxan jartzea ahalbidetuko luke eta Elgeta tokiko zaintzen ekosistemen erreferente bihurtzea".
Jeltzaleak dagoeneko jarri dira harremanetan EH Bildurekin, beren proposamenak helarazteko. Lakak dioenez, zorrotzak izango dira koalizio abertzalearekin negoziatzeko orduan, aurrekoaren eskarmentua gogoan dutelako. "Aurtengo aurrekontuetan, gure zuzenketak iazko soberakinarekin negoziatzea adostu genuen, baina ez da horrelakorik gertatu. Ez dute emandako berba bete eta, horregatik, oraingoan gure proposamenetako batzuk aurrekontu-partidetan txertatzea exijituko dugu, gurekin elkarlanean aritu nahi badute behintzat”.
Nabarmenak...
GBB
2025/11/04
Donostia
2025/10/16
GBB
2025/09/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


