Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoar guztien ongizate osoa indartzea izango da Aldundiaren lehentasun nagusia datozen lau urteetan
‘Elkar hartuta, ekin Gipuzkoari‘ izenburupean, 2024-2027 Plan Estrategikoa aurkeztu du foru gobernuak; ardatz nagusiak dira ongizate integrala, lurralde jasangarria, komunitate demokratikoa, ekonomia berritzailea eta lehiakorraAzken hilabeteetan lurraldeko hainbat eragilerekin eta Aldundiko ordezkaritza tekniko zabal batekin lanketa sakona eta irekia gauzatu ondoren, 2024-2027 Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur goizean Aldundiak, zeinak ezartzen duen foru erakundearen bide orria datozen lau urteetarako. Gaur egungo testuinguru konplexu honetan ematen ari diren eraldatze sozial, teknologiko eta ekonomikoen aurrean, nahiz gizarte desafio emergenteen aurrean, “pertsona guztien ongizate osoa” babestea eta indartzea izango du lehentasun nagusi gisa Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrekin batera, bere jardunaren zutabe nagusiak izango dira ekonomia “berritzailea eta lehiakorra, aukeren sortzailea”, sustatzea; lurraldearen “izaera komunitario eta demokratikoa” garatzea; eta lurralde “jasangarria, berdea eta orekatua” sustatzea.
Elkar hartuta, ekin Gipuzkoari izenburupean ondutako dokumentu estrategikoaren berri eman dute Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, eta diputatunagusiorde eta Jasangarritasuneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok, komunikabideekin antolatutako gosari informatibo batean. Ondoren, Batzar Nagusietan aurkeztu dute plana Eider Mendozak berak eta Estrategia foru zuzendariak, Sebas Zurutuzak. Lau zutabe estrategiko, bi zeharkako palanka eta hiru zeharkako politikatan banatuta, 2024-2027 tarterako egitasmoak 118 ekintza lerro ezartzen ditu datozen urteetarako.
“2020tik hona, gizartean presente zeuden hainbat kezka eta desafio sozial emergente areagotu egin dira –bakardadea, indibidualismoa, buru osasuna, adikzioak, bazterkeria egoeren kronifikazioa, etab.–. Horrek guztiak herritarren ongizatean duen eragina arduratzen gaitu eta, horregatik, gure esku dagoen guztian, ongizate osoaren alde egiteko apustu irmoa eta berritzailea egingo dugu. Pertsonok ongi izatea delako guztiok kalitatezko lanpostu bat edukitzea, etxebizitza duin bat, norbere beharretara egokitutako zaintza eta gizarte babesa, lana eta bizitza kontziliatzeko aukerak edukitzea, komunitate bateko partaide sentitzea, berdintasunez bizitzeko eta lan egiteko aukerak, ingurune berde eta jasangarri bat, elikadura osasuntsua eskuragarri izatea… eta baita ere ongizate emozionala eta mentala”, gogoeta egin du diputatu nagusiak. Hori dela eta, “etapa berri” honetan, helburu hori duten hainbat egitasmo hedatzeko eta abiarazteko determinazioa adierazi du, horietako batzuk dagoeneko Etorkizuna Eraikizen egitasmoaren baitan garatu eta esperimentatutako ekimenak izanik.
“Europako ongizate indizerik altuenak dituzten lurraldeetako bat izan nahi dugu. Pertsona orok bere bizitza garatzeko lan eta bizitza aukerak eskainiko dituen lurralde bat. Buru-belarri saiatuko gara horretan”, aipatu du. Testuinguru honetan, adibide gisa aipatu duenez, zaintza ekosistema lokalak lurraldeko eskualde guztietara hedatuko dira; zaintza ereduaren trantsizioari bultzada emango zaio eta gazteen artean adikzioak prebenitu eta jarduera osasungarriak bultzatzeko egitasmo berritzaileak hedatuko dira –dagoeneko proiektu pilotuak egin dira Etorkizuna Eraikizen baitan–.
Horretarako, Mendozaren hitzetan, egungo mundu aldakorrak eta konplexuak eskatzen digu herritarrei “erantzun argiak eta sendoak” ematea, ekonomia “jasangarri, lehiakorra eta berritzailea, aukeren sortzailea” sustatzea, kalitatezko lanpostuak bermatu eta etorkizuneko industria sektoreak garatuko dituena. Hori dela eta, lurraldeko enpresa ehunaren alde eginez, ekonomia sarearen deskarbonizazioa indartuz eta “apustu estrategikoetan” sakonduz, “pertsona guztiei, bereziki belaunaldi berriei etorkizuna ekarriko dieten proiektu profesionalak” eskainiko dizkie. Testuinguru horretan kokatu ditu diputatu nagusiak MUBIL Mugikortasun Jasangarri eta Adimentsuko zentroaren, basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko Basotik fundazioaren eta teknologia kuantikoen poloaren abiaraztea. Gainera, gehitu duenez, Foru Aldundiak “komunitate demokratiko, arduratsu, jasangarri eta bizia” sustatzeko ahalegina egingo du, gipuzkoar gizartearen ehun komunitarioa indartu eta belaunaldi berritzea sustatuz.
Hazkunde jasangarria eta ongizatea, eskutik
“Legealdi berriak ate berriak irekitzen ditu. Aukera hau aprobetxatu behar dugu, erronka berriak anbizioz jorratzeko eta batez ere, etorkizunak eskatzen dizkigun eraldaketei aurre egiten laguntzeko”, azaldu du Jose Ignacio Asensiok. “Gure egunerokotasuna asko aldatu da azken urteotan. Pandemiak, krisiak, nazioarteko gatazkak… Orainaldia aldakorra da eta horregatik, inoiz baino gehiago behar ditugu adostasunak etorkizunaren zutabe izango diren oinarrizko balioen inguruan, hala nola aukerak berdintasunez bermatzea, aniztasunaren aldarrikapena, eskubideen sustapena eta herritarren bizi kalitate integralaren babesa”.
“Helburu hori lortzeko”, azpimarratu du Jose Ignacio Asensiok, “beharrezkoa da Gipuzkoa etorkizuneko sektoreetan kokatzea eta indartzea. Digitalizazioak, deskarbonizazioak, ekonomia jasangarriko eredu berriek eta energia berriztagarriek aukera paregabeak eskaintzen dizkie gure industria eta sektore ekonomikoei lehiakortasuna mantendu eta areagotzeko”. Azpimarratu du, ekonomia eta produkzio eredu berritzaileak eta jasangarriak izango direla, “gipuzkoarron bizi kalitatea eta kalitatezko enplegua bermatuko dituztenak”: “Hazkunde jasangarria eta ongizatearen babesa eskutik joan behar dute, eta horretarako izango da politika gaitzailea eta zeharkako nagusia, aberastasunaren banaketa bidezkoa ahalbidetuko duen zerga sistema jasangarria”.
Jasangarritasun diputatua den Jose Ignacio Asensiok balioa eman dio klima aldaketari aurre egin eta lurralde jasangarri eta erresilientea sustatzeko erronkari. “Mundu mailako erronka da, baina erantzunek tokikoak izan behar dute”, aipatu du. Arlo honetan, Gipuzkoa aitzindari izan dela gogoarazi du Naturklima, lurralde mailako lehen Aldaketa klimatikoaren Behatokia abian jartzen. “Hau ez da ideologia kontua. Hau errealitate bat da, konstatazio zientifiko bat da. Erronka paregabea da klima aldaketa, gure ohiturak eta ereduak aldatu eta etorkizun jasangarri bat sustatzeko gipuzkoar guztientzat”. Aurreko legealdian finkatzen hasi ziren eta oraingo legealdian sakontzen joan beharko duten bi lerro estrategiko aipatu ditu: Ekonomia Zirkularra, etorkizuneko ekonomia eredu gisa eta energiaren demokratizazioa, “gure helburua da legealdi honetan Gipuzkoako herri guztiek edukitzea komunitate energetikoa”. Hau da biderik zuzenena energiaren ekoizpena eta kontsumoa herritarren eskuan ipini eta bide batez, energia menpekotasuna gutxitzeko energia berriztagarrien bitartez”, gaineratu du.
Etorkizuna Eraikiz eta zerga politika, eraldatze palankak
Horretarako guztirako, lankidetzazko gobernantzaren aldeko apustua berretsi du foru gobernuak eta, beraz, Etorkizuna Eraikiz egitasmoan sakonduko du datozen urteetan, gizartearen eta ekonomiaren alorreko desafioei jarrera aurre hartzaile, ekintzaile eta eraginkor batekin aurre egiteko, nahiz berrikuntza publikorako agenda garatzeko. Aldi berean, lurraldearen erronkei aurre egiteko zerga eta finantza politika palanka edo gaitzaile gisa erabiltzeko apustua egiten du Kudeaketa Planak, ekonomiaren lehiakortasuna bermatu eta gizarte desafio nagusietan eragitea helburu.
Horiekin batera, Aldundiaren politika publiko guztietan hiru zeharkako politika sustatu, garatu eta ebaluatzeko bidea ematen du Plan Estrategikoak. Lehenik, gizarteko eta ekonomiako alor guztietan gizon eta emakumeen berdintasun erreala sustatzeko ekimen berriak landuko dira. Bigarrenik, Aldundiak hizkuntza berdintasunean duen lidergoari eta eredugarritasuna oinarri hartuta, foru erakundearen jarduera “euskaratik eta euskaraz” izan dadin egitasmo berritzaileak bultzatuko dira. Hirugarrenik, politika publiko oro Garapen 2030 Agendak ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuko dira, pertsona, komunitatea, ingurumena eta etorkizuna ardatz hartuta.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
Gipuzkoa
2024/09/18
Berria
2024/08/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31