Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Debako Udalak Elizburuko etxebizitza tasatuak eraikitzen hasi direla iragarri du gaur
Alazne Txurruka: “Debako etxebizitza politika bideratzeko lan egingo dugu. Aurreneko pausua Elizburuko etxebizitza tasatuen proiektua martxan jartzea izan da. Gainera, 2025ean Amillagako planari hasiera emateko plan espezifikoak lantzen ari gara”Debako Udalak, Grupo Eibarrekin batera, prentsaurreko bat deitu du gaur, Elizburu inguruan eraikitzen hasi diren etxebizitza tasatuen berri emateko. Alazne Txurruka Debako alkateak eta Gorka Aranegui Grupo Eibarreko zuzendari nagusiak hartu dute parte agerraldian.
Alazne Txurruka alkateak azpimarratu du Debako etxebizitza dela, zalantzarik gabe, gobernu taldearen lehentasunetako bat: "Udalaren ardura hartu genuen unetik, Debako etxebizitza-politika suspertzea eta birbideratzea izan dugu helburu, aurreko legealditik jasotako erronken jakitun. Gure ekintzarik azkarrena Elizburuko etxebizitza tasatuen proiektua martxan jartzea izan da. Proiektu honek, urteetan hiri-garapena geldiarazi duen ataskoa konpontzeaz gain, 38 etxebizitza zozketatzeko aukera eman digu. Urrats hau etxeen esleipen hutsa baino askoz gehiago izan da; gure gazteentzat eta Debako herritar guztientzat aukera bat ireki da, beraien herrian bertan etxebizitza bat eskuratu ahal izateko".
Hitz horiekin, alkateak nabarmendu du etxebizitza eskuragarria izatea oso garrantzitsua dela debarren bizi-kalitatea bermatzeko: “oinarrizko eskubidea izan beharko luke, eta baita gizartea eraldatzeko motore bat ere, are gehiago, geldirik egon den udalerri batean. Etxebizitza udal-gobernuaren konpromiso argia da, Deba dinamizatzeko. Elizburuko etxebizitza tasatuen ekimena funtsezko elementutzat jotzen dugu herria berroneratzeko estrategian, debarrei bere herrian errotzeko aukera eskainiz eta azken urteetan bizitako etxebizitza egoerari pixkanaka buelta emateko".
Ekintza ildo berean, eta udalerriko etxebizitza premiari erantzuteko udal kudeaketa islatuz, Alazne Txurruka alkateak Udalaren konpromiso irmoa adierazi du: "Amillagako eta Osioko garapenek tokiko gobernuarentzat duten garrantzi estrategikoa nabarmendu nahi dut, proiektu hauek legealdi honetarako lehentasuna direla berretsiz".
Ikuspegi argiarekin, Txurrukak adierazi du plan espezifikoak lantzen ari direla 2025ean Amillagaren garapenari hasiera emateko, bi proiektuetan aldi berean modu eraginkorrean eta ahalik eta denbora laburrenean aurrera egiteko helburuarekin: "Udalak etxebizitza sortzeko duen ikuspegi proaktiboa azpimarratzeaz gain, Debako bizilagunen garapen iraunkorraren eta epe luzerako ongizatearen aldeko apustu irmoa ere islatzen du proiektu honek".
Obra gauzatzeari dagokionez, Gorka Araneguik azaldu du lursailaren indusketa egin dela eta zimenduak jartzeko lanak eta atzeko eustormak egiten ari direla: "apirilaren erdialderako garajearen zola amaituta izatea eta eraikinaren egiturarekin jarraitzea aurreikusten da, eta uda honetarako amaituko da. Joan den urtarrilaren 26an amaitu genuen egitura eta igeltserotza-lanak egiteko dorre-garabia muntatzearekin. Garabi hori 12-14 hilabetez egongo da kokagunean. Gure obraren plangintzaren barruan, 2026ko lehen lauhilekoan obrak amaitu ahal izatea dugu helburu, etxebizitzak erosi dituzten 38 familiek 2026ko udarako eskuratzeko aukera izan dezaten”.
Amaitzeko, Grupo Eibarreko zuzendari nagusiak Debako herriarekiko konpromisoa azaldu du: “gaur egun hemen ondoan dagoen Amillaga eremua errealitate izango da laster. Udalaren eskutik ari gara lanean ahalik eta lasterren garatu ahal izateko, eta horrek etxebizitza librearen eta babestuaren eskaintza zabaltzen lagunduko du, eta horrela babes publikoko etxebizitza sustatzen jarraituko dugu".
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
Gipuzkoa
2024/09/18
Berria
2024/08/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31