Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Elkarlanerako eta akordioetarako prestutasuna adierazi die batzarkideei Eider Mendozak, “guztiok batera” aurre egiteko gaurko eta biharko desafioei
Gipuzkoako diputatu nagusiak agerraldia eskaini du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Plan Estrategikoaren lanketaren berri eman eta legealdira begirako lehentasunak batzarkide taldeekin partekatu asmozLegealdiko lehen agerraldia eskaini du gaur Eider Mendoza diputatu nagusiak Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzordean, Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoaren osatzeko lanketaren berri eman eta legealdi berrirako lehentasunak batzarkide taldeekin partekatu asmoz eskatutako bilkuran. Bertan, ikasturte politiko berriaren eta legealdi berriaren hastapenetan gauden honetan, elkarlanerako eta akordioetarako prestutasuna adierazi die batzarkideei Eider Mendozak, “guztiok batera” aurre egiteko Gipuzkoak dituen gaurko eta biharko desafioei.
“Elkarlana behar du Gipuzkoak, aurrera egiteko. Hala eskatzen du bizi ditugun ziurgabetasun garaiek. Ez da kontua nork lehen egin aurrera, nork eman berrikuntzatik lehen pauso bat edo bestea. Gipuzkoa osoak, guztiok batera, elkarrekin aurrera egitea da gakoa. Partekatuz, gogoeta eginez, hitz eginez eta, ondoren inguruan bizi ditugun errealitateak eraldatuz eta berrituz. Ahalegin horretan aurkituko nauzue legealdi honetan, elkarlanerako prest”, laburbildu du, Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Ezeizabarrena, buru duen Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordearen aurrean. Mendozarekin batera, bilkuran parte hartu du Sebas Zurutuzak, Kudeaketa Estrategiako foru zuzendariak.
Datozen lau urteetan foru gobernuak izango dituen lehentasunak eta lan ildo nagusiak hizpide, diputatu nagusiak gogoratu du Plan Estrategikoak ezarriko dituela “xehe eta zabal” legealdiko helburu estrategikoak eta horien betetze maila zehazteko irizpideak. Nolanahi ere, koalizio gobernuak izango dituen lerro eta ardatz nagusietako batzuk aurreratu ditu. Horien artean, gizarte babesa indartzea aipatu du lehenbizi. Izan ere, herritar zaurgarrienei ematen zaien arretak eta babesak jartzen du gizarte baten “garapen mailaren neurria”, bere ustez. Horregatik, gizarte babeseko zerbitzuetan “jauzia” ematea eta zaintzen alorrean “abangoardian” jarraitzea izango da Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusietako bat, nagusiena ez bada. “Zaintza pertsonalizatuan urrats berriak eta berritzaileak emanez, komunitatearen partaidetzan sakonduz egiten ari gara hori”, gogoratu du.
Gipuzkoako zaintza eredu berritzailea eta pertsonalizatua lurralde osoan hedatzeko dagoeneko abian den ahalegin horren lekuko, Mendozak hainbat egitasmotan emandako aurrerapausoak aipatu ditu: Adinberri zentroaren eraikuntza lanen hasiera, Elgoibarreko eta Arbeseko egoitza berriak eraikitzeko proiektuen esleipena, Usurbil eta Lugaritzeko erresidentzia berritzaileen irekiera eta egoitza eredu berrirantz eraldatzeko hainbat herritan dagoeneko abian diren lanak.
Bigarrenik, ekonomiaren sustapena aipatu du. “Europako industrian moteltze zantzuak izan dira azken hilabeteetan, sektorearentzat oso garrantzitsuak diren Europako merkatuetan, Alemanian, kasu”, ekarri du gogora. Baina, hala ere, lurraldeko enpresa sareak “ondo eutsi diote aktibitateari eta enpleguari” azkeneko boladan, ziurgabetasunak ziurgabetasun. “Konfiantza osoa dugu Gipuzkoako enpresa sarean. Baina ezegonkortasunak hor dirau eta oso gertutik jarraituko dugu ekonomiaren eboluzioa”, nabarmendu du.
Familien ekonomia babestea eta zaintza eredu berritzailea
Mendozak “eguneroko ekonomian” jarri du arreta eta gogoan izan ditu herritarrak sufritzen ari diren “zailtasun nabarmenak”. Hipoteken interesen gorakada, erregaien garestitzea, oliba olioaren eta elikagaien prezioaren gorakada, esate baterako. “Lehentasun nagusien artean izango dugu familien ekonomia babestea, kalitatezko lanpostuen sorrera indartzea, enpresa txiki eta ertainak babestea eta etorkizuneko sektore industrialak bultzatzea”, xehetu du. Azken puntu horretan, hain justu ere, MUBIL Mugikortasun Berriko Zentroaren obrei legealdi hasiera honetan emandako bultzada izan du hizpide: “Jakinda zer nolako garrantzia duen automozioaren eta mugikortasunaren alorrak gure industrian eta ekonomian, erreferentzia garrantzitsua bilakatuko da mugikortasun jasangarrirantzako eraldatzean”, baieztatu du.
Bestalde, diputatu nagusiak iragarri du legealdi honetan Etorkizuna Eraikizen lankidetzazko gobernantza ereduak sendotzeko eta hedatzeko determinazioa duela foru gobernuak. Jasangarritasunaren desafioa ere lehentasunen artean jarri du eta “ekonomia eta gizarte deskarbonizatu baterantz aurrera egiteko”, produkzio sistemetan, mugikortasunean eta gizarte ohituretan iraunkortasunaren aldeko politika publikoak iragarri ditu. Horren lekuko, Naturklima fundazioa eta Basotik Fundazioa, “basoen abandonua ekidin, horien kudeaketa jasangarria susta eta basoen xurgatze ahalmena” indartzeko.
“Generoaren ikuspegitik, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik ere, Gipuzkoa aurreratu bat nahi dugu. Inolako diskriminaziorik gabeko lurraldea, pertsona guztien eskubideak berdintasunez, errespetuz eta harrotasunez aldarrikatuko dituen lurraldea”, gehitu du.
Amaitzeko, pandemiaren ostean areagotutako arazo eta errealitate sozial “berri eta emergenteak” present izan ditu bere agerraldian, tartean nahi gabeko bakardadea, buruko gaitzak, teknologiak gure bizitzetan eragindako desorekak eta adimen artifizialaren erabilera kaltegarriak, hala nola. “Ezin ahaztu dagoeneko aspalditik erasaten ari zaigun desafio demografikoa, gure gizartean eta ekonomian sakoneko ondorioak dituena. Pertsonak zaintzea errealitate horiei aurre egitea ere bada”, adierazi du eta, horretarako, elkarlanean politika publiko berritzaileak lantzeko borondatea adierazi du.
Plan Estrategikoa, “jauzia” lankidetzan eta berrikuntzan
Aipatutako lehentasun horiek bere isla izango dute 2024-2027 Kudeaketa Plan Estrategikoan, diputatu nagusiak agerraldian adierazi duenez. Datozen lau urteetan Foru Aldundiaren jarduna gidatuko duen tresna izango da dokumentu hori, legealdi berriko “bideorria eta helburu estrategiko zehatzak” ezarriko dituen dokumentua. Berau osatze aldera prozesu bat abian jarri du Aldundiak eta prozesu hori “departamentu artekoa, maila anitzekoa eta lankidetzazko gobernantzan oinarritua” izango da. Genero ikuspegia eta berdintasuna ere lanketa horren ardatzetako bat izango dira.
Horretarako, dagoeneko abian da Gipuzkoak gaur egun bizi duen errealitateari eta desafioei buruzko diagnosia. “Egungo eta etorkizuneko mundu ziurgabean”, lurraldeak demografia, ekonomia, gizartea eta ingurumenaren ikuspegitik dituen desafioak identifikatzeko, hainbat ahots eta eragilerekin harremanetan da Aldundia. Foru gobernuko kideek, Aldundiko arduradun teknikoek, gizartearen eta ekonomiaren alorreko eragileak, udalek eta batzarkideek, besteak beste, parte hartuko duten entzute ariketa batetik abiatuz, planaren oinarrian egongo diren helburu estrategikoak onduko dira. Ondoren, hainbat alorreko aditu panel batekin partekatuko dira, beren ekarpenak egin ditzaten.
“Ez gara zerotik hasten. Etorkizuna Eraikizek azken urteotan egindako lana, etenik gabeko entzute ariketa zabala eta proaktiboa, hor dago, funtsezko oinarria da. Baita ere, PSE-EEk eta EAJk diputatu nagusirako hautagaitza aurkeztuteko garaian sinatutako gobernu akordioa ere oinarri garrantzitsua izango da, zeinak ezartzen dituen hamahiru helburu Gipuzkoak elkarlanean aurrera egiteko”, aipatu du. Diputatu nagusiak gaineratu duenez, “kudeaketa aurreratuko eredu” bat jarraituz, Kudeaketa Plan Estrategikoa 2030 Agendarekin eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatuko dira, politika publikoak hobetuz eta gobernu onaren parametroetan sakonduz.
Mendozak argi utzi nahi izan du, baita ere, Plan Estrategikoarena ez dela “lanketa tekniko hutsa”, prozesu horren muinean ere “pertsonak” egongo baitira. “Gipuzkoarrei norabide partekatu bat eskaini nahi diegu, berdintasuna eta lankidetza oinarri dituena, aurrerakoia gizartearen ikuspegitik eta berritzailea ekonomian”, azaldu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31