Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ortuzar: “Inork eta ezerk ez du EAJ dagoen tokitik mugituko: inork ez gaitu nahi ez dugun tokira eramango, baina guk ere ez dugu euskal gizartea nahi ez duen tokira eramango”
Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Amaiur Guindeo EGIkideak hitz egin dute gaur Alderdi Eguneko ekitaldian. Jai honen 47. edizioa izan delarik, Alderdi Egunak milaka alderdikide, alderdizale eta EAJ-PNVren lagun batu ditu gaur Forondako zelaietan“Gaur hemen batu garen guztiok argi baino argiago daukagu nondik gatozen, non gauden eta nora goazen. EAJ da historia egin duen alderdi bat, baina batez ere, Herri honen oraina eta etorkizuna da, eta historia egiten jarraituko dugu, Euskadiren historia egiten jarraituko dugu, aurrera eginez eta askatasunez egin nahi dugun bidea. Eta horrela denez, konfiantza, lasaitasuna eta segurtasuna adierazi nahi diot euskal gizarteari. Inork ez du EAJ dagoen tokitik mugiduko. Inork ez gaitu eramango guk nahi ez dugun tokira, baina guk ere ez dugu euskal gizartea nahi ez duen tokira eramango. Gaurkoa bezain garai zailetan, edo are zailagoetan, jendearen beharrei erantzuten jakin izan dugu. Oraingoan ere egingo dugu”. Hauxe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, Andoni Ortuzarrek, gaur eguerdian EAJ-PNVren egun handian, Alderdi Egunean, Forondara joan diren milaka alderdikide, alderdizale eta EAJ-PNVren lagunei luzatu nahi izan dien mezua. Alderdi Eguna, izan ere, bakarra da Europa osoan eta aurten, 2023an bere 47. edizioa egin du ‘Batzen Gaituen Eguna’ goiburuarekin. Ortuzarrek hitza hartu aurretik hitz egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak. “Balioak dira Euzko Alderdi Jeltzaleak 128 urte hauetan izan duen ibilbide oparoa hobekien azaltzen dutenak. Pertsonaren zentraltasuna da gure lehentasuna da, eta apaltasunez, hurbiltasunez eta zintzotasunez heltzen diogu horri”, esan du Urkulluk. Ekitaldi politikoa Amaiur Guindeok hasi du, Euzko Gaztedi-EGIko alderdikideak, “Zazpi euskal lurraldeetako gazteria prest dago Euskadiren etorkizunari gogoz beteta heltzeko, bai eta arduraz eta erantzukizunez ere”, adierazi du Nafarroako EGIren idazkariak. Halaber, Forondaraino iritsi dira Katalunia, Galizia, Kanariar Irlak, Illes Balears, Flandria, Frantzia, Bretainia, Okzitania, Georgia, Kurdistan, Txile, Angola, Bioko eta Ambazoniako lagunak.
Ortuzarrek ziurtatu du aurtengo Alderdi Eguna “momentu konplexu batean” iritsi dela “berrikitan bizi izan dugunagatik, orain bizi dugunagatik eta hilabete batzuk barru etorriko denagatik”. Abertzaleen buruak esan duenez, EAJ-PNVk “entzun eta aditu du herritargoak azken hilabeteotan esan diguna, zentzu batean eta bestean, udal eta foru mailako lehen indar izatera eraman gaituztenek zein botoa ematera ez joatearekin kargu hartu digutenenek”. “Ehun zatiak berriz jostea dagokigu orain, batzuengan eta besteengan berriz ere ilusioa piztea”, esan du, “Euskadik autogobernurako eta aurrerabiderako bidetik jarrai dezan EAJren eskutik. Benetako autogobernua eta benetako aurrerabidea, egin daitekeena, eta ez edonola aldarrikatzen direnak. Oposiziotik erraz hitzematen baita, izotz gainean idaztea bezala da, handik lasterrera izotza ur bihurtzen delako”.
Ortuzarrek gaur azpimarratu nahi izan du Zarautzen, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian, aldarrikatu zuen zentraltasuna. “Azken egunetan Espainiako eskuinaren eta ultraeskuinaren bozeramaileei irakurri badiezue”, azaldu du, “gu gara Frankensteinen anaia txiki eta ezkertia. Baina ezkerreko balizko aliatu horiek azken hauteskunde kanpainetan gutaz esan duten guztiaren birpasa egiten baduzue, gu gara euskal eskuin neoliberala. Kutxa batean sartu nahi gaituzte, baztertu nahi gaituzte, sozialki desprestigiatu nahi gaituzte. Bada, guk hori ezin dugu onartu, eta ez dugu onartuko. 128 urteko historia eta ibilbidea daukagu. Euskadi gure herriaren alde egin dugunaren zerbitzu orri garbia dugu. Besteek berdin esan dezakete, ala? Beraz, harro, harro EAJko kide izateaz, harro egin dugunaz, eta harrotasuna eta indarra aurrera jarraitzeko. Ez gaituzte geldituko! Gu ez gara ez ezkerreko ezta eskuineko ere: Euskadi eta demokrazia! Euskadik nazio izan behar du Europa indartsu eta demokratiko batean!”, aldarrikatu du.
EBBren buruak lankidetza eskaini du eta beste alderdi eta entitate sozialekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan du, “kontsentsuaren eta akordioen bidetik”, Euskadik gaur dituen erronka handiei heltzeko, gure gizarteak gaur dituen beharretara egokitutako zerbitzu publikoen eredutik hasita (“zaintza behar dutenentzat, gazteen emantzipazioa, jaiotze tasaren arazoa, osasunaren edo hezkuntzaren kalitatea”) eta jarduera ekonomikoentzako laguntzarekin jarraituz, horrek diru-bilketan dakartzan ondorioekin (“langileak, autonomoak, enpresariak, ekintzaileak…). “Hemen dago EAJen eskua, denekin hitz egiteko prest, Euskadik bizi duen une honi berme osoz hel diezaiogun. Eskua luzatzen diegu bereziki greba eta protesta adierazteko bide bakartzat jo dutenei. Konponbidea ez da grebatik etorriko: konponbidea elkarrizketatik eta akordiotik iritsiko da. Eser gaitezen lehen bai lehen”, proposatu du.
EBBren presidenteak Espainiako egoera politikoaz hitz egin du, Núñez Feijóoren inbestidura, ziurrenik, gauzatu ezin izango dela kontutan izanda. Ondoren izango da Pedro Sánchezena, Moncloan jarraitzeko jeltzaleen babesa beharko duena. “Gu prest gaude. Prest gaude gure lana egiteko, baina besteek ere egin beharko dute eurena, borondate politiko berberarekin. Azken urteotan ezinezkoa izan da Estatuko lurralde ereduaz hitz egitea, ezinezkoa izan da Euskadiren edo Kataluniaren nazio aitortzari buruzko gutxieneko debatea irekitzea. Bada, egiteko ordua iritsi da, zuhurtziaz eta adorez. Hori eta hitzemandakoa eta izenpetutako konpromisoak betetzea. Hitzemandakoa betetzen duenak baino ezin du babesa eskatu. Eta denok dakizue nortaz ari naizen”, ohartarazi du.
Ortuzarrek azken mezua alderdikideei luzatu nahi izan die. “Hemen daukagu aukera paregabea. Gure eskuetan dago. Batasuna ta Indarra. Gure batzokien erosotasunetik ateratzeko garaia da, errealitate berrietara eta erreferente berrietara irekitzekoa, aldaketa sozialak egon direnean egin dugun bezala. Etxeko oinetakoen ordez, korrika egiteko oinetakoak janzteko ordua da. Alderdi gisa hazteko garaia da, barrutik eta kanpotik”, esan du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, berriz, nabarmendu du “balioak” direla “Euzko Alderdi Jeltzaleak 128 urte hauetan izan duen ibilbide oparoa” hobekien azaltzen dutenak. Hala, “pertsonaren zentraltasuna” da lehen balioa. “Gure lehentasuna da, eta apaltasunez, hurbiltasunez eta zintzotasunez heltzen diogu horri”. Bigarren balioa “oparotasuna partekatzea” da. “Aberastasuna sortzen laguntzea eta aberastasun hori ekitatez eta justiziaz banatzea”, azaldu du. Hirugarrena, “gizarte-kohesioa da. Desberdintasunei aurre egitea eta gizarteratze- eta elkartasun-politikak mantentzea”. Eta, azkenik, laugarrena, “lankidetzaren, akordioaren eta aliantzen kultura politikoa” da. Hori guztia, Urkulluren ustez, “auzolana” hitzean laburbildu daiteke.
Gaurko ekitaldiari hasiera eman dio Amaiur Guindeok, Nafarroako EGIren idazkariak. Gazte abertzaleen ordezkariak adierazi duenez, “zazpi euskal lurraldeetako gazteria prest dago Euskadiren etorkizunari gogoz beteta heltzeko, bai eta ilusioaren eta erantzukizunarekin ere”. “Gazteriak gaur dituen erronka nagusiei helduko diegu, besteak beste, lan merkatuan baldintza duinekin sartzeari, langabezia tasa handiari, etxebizitza erosteko aukera eskasiari, berdintasunari, kalitatezko enpleguari edo klimaren krisiari”, ziurtatu du. “Taldea dugu, bai eta prestakuntza, jarrera, erantzukizuna, konpromisoa eta indarra ere. Iragana, oraina eta batez ere etorkizuna ditugu eskura!”, nabarmendu nahi izan du Guindeok, eta gogora ekarri nahi izan du “gazteoi gure aurrekoek egin diguten oparia”. “Irakatsi egin diguzue Alderdia zer den, gure aberria maitatzea eta zaintzea zer den, bai eta askatasunez bizitzeak duen garrantzia ere. Sentimendu jeltzale hau baino opari ederragorik ez dago, hazten eta ilusio honekin jarraitzen lagunduko digulako”, azpimarratu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/09/29
Gipuzkoa
2024/09/18
Berria
2024/08/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31