Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/12/20

“Maria Ubarretxena bermea da datozen urteetan Arrasateren etorkizuna ziurtatzeko”, nabarmendu du Joseba Egibarrek

Egungo alkate eta hautagai jeltzaleak uste du “beste jauzi kualitatibo bat” eman behar dela eta, horretarako, EAJ-PNVk “proiektu sendoa eta ausarta” du
“Maria Ubarretxena bermea da datozen urteetan Arrasateren etorkizuna ziurtatzeko”, nabarmendu du Joseba Egibarrek

Atzo Arrasateko uri batzarrak egungo alkatearengan konfiantza osoa agertu ondoren, EAJ-PNVk Maria Ubarretxena hautagaitza aurkeztu du gaur udal hauteskundeetan jeltzaleen zerrendaburu izateko.

Aurkezpenean, Joseba Egibar EAJ-PNVren Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak eskerrak eman dizkio alkateari emandako pausoagatik, “populismo garai hauetan ez baita erraza konpromiso pertsonal eta politikoak hartzea”. “Duela zortzi urte itxaropenari ate bat ireki zitzaion eta, denbora guzti honetan, Arrasateren etorkizuna bermatzeko urratsak eman dira”, gaineratu du.

Joseba Egibarrek EAJren ideologiaren oinarriak azpimarratu ditu: herri-izaera, balio demokratikoak eta eraikuntza soziala. Herri izaerari dagokionez, azpimarratu du “herri bat garela; eta Arrasatek badu bere lekua, erreferente bat da eta hala izaten jarraituko du”.

Bigarren zutabeari buruz, “bizikidetza antolatzeko eta herriak aurrera egiteko, balio demokratikoak zaindu behar direla” azpimarratu du. “Nazioak eta herriak balio demokratikoen inguruan behetik gora eraikitzen direnean, ahuldu beharrean indartu egiten dira”, azaldu duenez.

EAJren pentsamenduaren hirugarren oinarria “justizia soziala” da, “balio komunitarioak”. “Herri bat gara eta balio partekatuak ditugu, eta horien artean dago elkar zaintzea”, nabarmendu du. “Horregatik, gizarte eta herri aske bat nahi dugula diogunean, emakume eta gizon askez osatutako herri aske bat nahi dugula esan nahi dugu”. Gaineratu duenez, “zenbat eta okerrago, orduan eta hobe uste dutenak ez bezala, EAJren proiektua errespetuan oinarritzen da”.

“Eta Mariak balio horiek guztiak biltzen ditu”, amaitu du burukideak, pertsona “ezaguna da eta alkate-lan handia egin du”. “Ziurgabetasun garai hauetan etorkizuna ziurtatu behar dela” adierazi ondoren, horretarako, “herria ezagutzeaz gain, proiektuak ere behar direla”adierazi du. Horregatik, ziur agertu da “Maria Ubarretxena erreferente nagusia dela arrasatearren etorkizuna gidatzeko Udaletik, datozen urteetan”.

Bestalde, Maria Ubarretxena alkate eta hautagai jeltzaleak proiektuarekin jarraitzeko “ilusioa” agertu du. “Arrasate herri dinamiko, ausart, langilea, eta komunitate-sentimendu handikoa dela” sinetsita, “duela zortzi urte hasitako eraldaketa prozesuarekin jarraitu nahi dugula” adierazi du, “pertsonetan oinarrituta, komunitatetik eta herrigintzaren bitartez, erronkei erantzuteko asmoarekin”.

Etorkizunari begira, Maria Ubarretxenak esan du “beste jauzi kualitatibo bat emateko garaia” dela eta, horretarako, EAJk “proiektu sendoa eta ausarta” duela. Puntu horretan “hiru lan-ildo nagusi aipatu ditu: auzoak indartzea, kirol-instalazioak hobetzea eta bizitza komunitarioa indartzea”.

Azkenik, EAJ-PNVren Arrasateko Udal Batzarreko presidente Agurne Juldainek “azken zortzi urteotan egindakoari eta ikasitakoari balioa emanez, ilusioz eta indarrez heltzen diogula erronka berriari” adierazi du. “Horri aurre egiteko gidari, Maria Ubarretxena izango dugula”, bukatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...