Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/21

EAJk Eibar berdatzea proposatu du

Egun dauden zuhaitzak babestea eta hiriko kaleetan 100 gehiago landatzea eskatzen du
EAJk Eibar berdatzea proposatu du

Eibarko kaleak berdatzea, 100 zuhaitz berri landatuz eta daudenak babestuz. Hori da EAJ-PNVk epe laburrera ezarri duen xedea. Hiria atseginagoa izatea eta irudi hobea eskaintzea bilatzen du neurriak, batetik. Eta, bestetik, klima-aldaketari aurre egiteko estrategia global baten barruan kokatzen da, Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez.

Hiri-zuhaitzek ingurumen-funtzio garrantzitsua betetzen dute berotze globalaren aurrean, ingurunean tenperaturaren murrizketa sustatzen baitute. Baina, era berean, tresna ezin hobea dira airea garbitzeko, karbono dioxidoa xurgatzeko eta oxigenoa sortzeko, baita basa-bizitza ahalbidetzeko ere. Hiriguneak lurra berotzen duten eremu artifizializatuak dira, eta zuhaiztia berotze-inpaktu hori murrizteko tresna bat da, baita airearen kalitatea hobetzekoa ere, azaldu duenez.

Airea garbitzeaz gain, zuhaitzek itzalguneak sortzen dituzte eta itxura atseginagoa ematen diete hiriei. “Bizitzeko hiri hobea nahi dugu. Zuhaitzak dituzten hiriak, zalantzarik gabe, hiri hobeak dira bizitzeko. Eibar hiri berdeagoa izan daiteke”, dio Mendicute bozeramaile jeltzaleak. Izan ere, talde jeltzalearen 2019-2023 aginte-programan jasota zegoen hirigintza-esku-hartze guztietan espazioak berdatzeko ikuspegia: haur-parkeetan zuhaitz berriak jarrita, Torrekuako Auzoko Zentroaren eta Errebaleko eraikinaren inguruan, Ardantza-Amaña pasealekua berdatzea, eta kale guztietan zuhaitzak sartzea berriro urbanizatu ahala. Hori guztia, talde jeltzaleak defendatzen dituen hiri-birika handiez gain: alde batetik, Guardia Zibilaren Kuartela eta Aizarnako orubea parke bihurtzea, eta, bestetik, hilerria lekuz aldatzea. “Proposamen horietako batzuk eskuhartze sakonak dira, baina eguneroko jardueretan gogoratzen dugu Eibar berdatzeko helburua. Interbentzio bakoitzera eramaten dugu ikuspegi hori. Proiektu guztien gainean gaude, zuhaitzak sartzea zein garrantzitsua den beste batzuk konbentzitzen saiatzeko”.

Hala ere, egungo zuhaitzen babesari dagokionez, alderdi jeltzaleak kezkaz ikusten du gizarte sentsibilizazio handiaren eta udal arduradun batzuen interes eskasaren arteko aldea. “Herritarrek berdegune gehiago, zuhaitz gehiago, lorategi gehiago eskatzen dizkigute. Eibarrek aurrera egin behar du, ezin dugu arlo honetan atzerapausorik eman”, adierazi du ordezkari jeltzaleak.

Zuhaitzen babesa

Hilabete honetako Udalbatzak EAJ-PNVren mozio bat jorratuko du, hirian zuhaitzak babestea eta zaintzea eskatzen duena. Horrekin guztiarekin, alderdi abertzaleak espero du Udalbatza zuhaitzak zaintzearen eta mantentzearen alde agertzea.

Osoko bilkura astelehenean, azaroak 28, arratsaldeko 7etan izango da Udaletxean. Bertan, udal taldeek zuhaiztia babesteko proposamenari helduko diote. Amaitutakoan, herritarrek ere hartu ahal izango dute hitza. “Zuhaitzak beti zaindu behar dira, katalogatuta egon ala ez, eta moztuz gero, berehala berritu behar da, udal-araudiak berak hala eskatzen duelako”, Mendicutek azaldu duenez.

Horregatik, zuhaitz bat ezinbestean mozten denean, oposizioko buruak berehala ordezteko eskatzen du. “Ez dago aitzakiarik. Udal-araua da eta bete egin behar da. Zuhaitz bat mozten bada, beste bat landatuko da, ezin da eztabaidarik egon”, argudiatu du. Izan ere, udal-hirigintzako arauen arabera, ale baten mozketa egiten denean, berehala jarri behar da tamaina eta espezie bereko beste zuhaitz bat.

Gainera, EAJ-PNVren akordio-proposamenak gutxienez hiru metroko zabalera duten espaloi guztietan zuhaitzak landatzea eskatzen du. “Ez da onargarria kaleak berrurbanizatzea eta trenbideak estaltzea dena hormigoiz betez. Zuhaitzak behar ditugu eta oreka bilatu beharra dago eskuhartze guztietan”, gaineratu du.

100 zuhaitz landatzeko akordioa

EAJ-PNVk Eibarren 100 zuhaitz landatzeko akordioa martxan jartzeko eskatu dio egungo gobernu batzordeari. Izan ere, hori izan zen jeltzaleen eta sozialisten arteko aurrekontu-akordioan jasotako puntuetako bat, eta, urtea amaitzear, udal-gobernuak ez du hori betetzeko urratsik eman.

“Urte hasieran akordio bat lortu genuen PSErekin. 100 zuhaitz landatzea proposatu genuen, hiriak behar duelako. Eta akordio bat sinatu genuen, 2022an bertan zuhaitzak landatzeko plan bat idazteko eta gauzatzeko. Atzerapen horrek kezkatzen gaitu. Herritarrek hurrengo hauteskundeetan konfiantza ematen badigute, inork ez dezala zalantzarik izan: gure hiriaren irudia asko hobetuko dugu”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...