Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/11/03

Hiritar orori “ingurunearen eta azpiegituren zaintza” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Lazkaoko Udalak eta Aldundiak

Diputatu nagusia Lazkaoko alkatearekin bildu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko.
Hiritar orori “ingurunearen eta azpiegituren zaintza” bermatuko dizkion Gipuzkoa baten aldeko proiektuak partekatu dituzte Lazkaoko Udalak eta Aldundiak

Ingurumenarekin eta azpiegiturekin lotutako alderdiak daude Lazkaoko Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako kezka nagusien artean. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, bilerak egiten ari da hainbat udalerritan, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzeko eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko. Gaur, Lazkaon, Kepa Zubiarrain alkatearekin elkartu da, herriko proiektu nagusiei buruzko ikuspegiak partekatzeko, zainketen arloan abian jarritako ekimenak ezagutzeko, eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen nagusiak aztertzeko.

Diputatu nagusiak, Lazkaoko alkatearekin izandako bileraren ondoren, adierazi du “lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua garela, pertsona guztiei enplegua, babesa eta etorkizuna eskaintzen diena”; eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela lankidetza-ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Ildo horretan, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko.

“Gipuzkoak, etorkizunean ere, pertsona guztiei babesa, lana eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du. Buru-belarri ari gara lanean helburu hori lortzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da lankidetza. Alde batetik, horrek esan nahi du erakundeen arteko lankidetza- eta harreman-ildoak estutu behar direla, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartu behar direla”, ahaldun nagusiak Lazkaoko alkatearekin bildu ondoren azaldu duenez.

Ingurumena eta azpiegiturak.

Erakundeetako arduradunek tokiko proiektu nagusiak partekatu dituzte bilera batean, eta joan den maiatzaren 12an Lazkaon kokatutako Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez lortutako ekarpenak eta iritziak aztertu dituzte. Lazkaoko biztanleei galdetzen zitzaien nola irudikatzen duten Gipuzkoa 2040an, eta ahaldun nagusiak azaldu duenez, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 26 udalerritan eta unibertsitateko lau campusetan egon da, eta 4.000 ekarpen baino gehiago jaso dira.

Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, ahaldun nagusiak gaur azaldu duenez. Kapsulak 480 ekarpen jaso ditu Lazkaon, eta horien artean naturaren zaintzari lotutako proposamenak nabarmentzen dira, baita kirol-instalazioen hobekuntza eta aniztasuna ere. Jarraian, azpiegiturekin eta gazteriarekin lotutako alderdiak, mugikortasunaren arloko proposamenak eta gazteen aldeko politiken beharra nabarmendu dira haien ekarpenetan.

Halaber, Kepa Zubiarrain alkateak Etorkizuna Eraikiz bezalako entzute aktiboko ekimenen balioa azpimarratu du. "Lazkaoko herritarren kezkak eta eskaerak ezagutu eta horien jarraipena egiten dugu gure egunerokoan: horren adibide dira Joxemiel Barandiaran kiroldegia berritzea, argiteria sarea eguneratzea, Harizti Haundiko belar artifiziala ordeztea, kultur eta aisialdi agenda areagotzea, edo laster martxan jarriko dugun proiektu nagusietako bat: Lazkaomendirako oinezkoen bide berria. Gure konpromisoa lazkaotarrekin dago eta herritarren ongizatearen eta bizi-kalitatea hobetzearen alde lan egiten jarraitzeko dugun konpromisoa irmoa da. Oso kontuan hartuko ditugu ekarpen guztiak, bereziki guztiok ingurumena babestearen inguruan dugun kezkari dagozkionak. Markel Olanorekin eta foru erakundeko ordezkariekin izandako bilera oso probetxugarria izan da eta elkarrekin lanean jarraituko dugu Lazkao eta Gipuzkoa hobeago baten alde lan egiten jarraitzeko".

Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik,  herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Ahalegin horretan, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” gaineratu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...