Alderdi Eguna 2022

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/09/19

Joseba Egibar: “Guztion ongiaren defentsak batasun handiena eskatzen du, ez estrategia suntsitzaileak”

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea jeltzaleen talde parlamentarioarekin batu dira, ikasturte politiko berriari hasiera emateko lehentasunak finkatzeko. EAJ-PNVk "akordioa eta lankidetza" eskaini ditu Errusiaren inbasioak Ukrainan utzi dizkigun erronka handiei aurre egiteko

Aste honetako ostegunean, Politika Orokorreko Osoko Bilkurarekin, ikasturte berri bat hasiko da Eusko Legebiltzarrean, eta EAJ-PNVk datozen hilabeteetan bere ekintza politiko eta parlamentarioaren lehentasunak zeintzuk izango diren zehaztu nahi izan du. Ordu eta erdiko bilera egin dute gaur eguerdian Sabin Etxean legebiltzarkide jeltzaleek Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin, azken honek, telematikoki parte hartuz.

Legebiltzarreko ekintzan, EAJ-PNVk zerbitzu publikoak indartzea proposatzen du, behar duen pertsona orori babes duina emanez, enpresa-sareari lagunduz eta enplegu egonkor eta kalitatezkoa bultzatuz. “Legegintzaldiaren erdian gaude, eta munduko finantza-krisi baten, pandemia global baten eta Errusiak Ukrainan duen inbasioaren ondorio zuzenek herri eta erakunde gisa jartzen gaituzte guztion ongiaren defentsaren ikuspegitik erronka eta desafioei aurre egiteko beharrean”, adierazi du Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta Legebiltzarreko bozeramaileak. Horretarako, jeltzaleek elkarrizketa eta akordioa eskaini dizkiete oposizioko taldeei, “bizi dugun une konplexuak inoiz baino gehiago konpromisoa eta elkarlana eskatzen duelako”. Egibarrek azpimarratu du ezinbestekoa dela erronka horiei aurre egitea, “euskal erantzunkidetasun politiko eta instituzionaletik, ahalik eta batasun eta akordio gehien bilatuz eta estrategia suntsitzaileak baztertuz”. Akordioak, esparru politiko-instituzionalean, baita soziolaboralean eta arlo pertsonalean ere, “guztioi balio komunitarioak, erantzukizuna eta diziplina soziala partekatzea eskatzen digutenak”.

Jeltzaleek diote gobernu zorrotza dugula, legealdiaren hasieran hartutako konpromisoekin eta Herrialde helburuekin; gobernu bat eta alderdi bat, egonkortasun instituzionala ematen dutenak eta elkarrizketa eta akordioa markatzat daramatenak. Hala, gogora ekarri dute legegintzaldiaren erdialde hau adostasun garrantzitsuekin itxi dela Eusko Legebiltzarrean (aurrekontu-akordioak, hezkuntza-ituna, Ukrainako edo Erronka demografikoko osoko bilkura monografikoetan onartutako ebazpenak, Berdintasun, Gazteria edo Landa Garapeneko legeak), eta oposizio erabilgarri eta eragingarri hori agintaldiaren hondarrean mantentzea espero dutela. “Badakigu 2023 hauteskunde urtea dela, baina espero dugu agenda politikoa ez baldintzatzea hautestontziekin egindako hitzorduarekin, eta oposizioak eztabaiden tonua gehiegi ez igotzea. Ez dugu haserretu nahi. Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik: eskua luzatuta jarraituko dugu”. Legebiltzarrean, EAJ-PNVk akordioak lortu nahi ditu lege erabakigarrietan, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarenean, Osasun Publikoaren Legearenean edo datozen hilabeteetan iritsiko direnetan, hala nola Hezkuntza Legean edo Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean. “Gure ahalegin guztia eta elkarrizketarako dugun gaitasun guztia adostasun handiak lortzearen zerbitzura jarriko dugu. Espero dugu legegintza-arloko ikasturte emankor baten aurrean egotea”.

Bileran, Andoni Ortuzarrek Euskadiko eta Estatuko egungo egoera politikoari buruz EBBk duen ikuspegia helarazi die legebiltzarkide jeltzaleei, eta Iñigo Urkullu lehendakariak, Gobernu Programaren betetze-mailaren errepasoa eta balantzea egiteaz gain, Politika Orokorreko irailak 22ko Osoko Bilkuran izango duen hitzaldiaren ildo nagusiak aurreratu ditu. Agenda ekonomikoa eta soziala izango dira Jaurlaritzaren ekintza osoaren bi zutabeak. Ziurgabetasun-uneetan eta udazken “korapilatsu” baten aurrean, Ukrainako gerraren ondorioengatik, lehendakariak bere gobernuak ezarritako kontingentzia-neurriak errepasatu ditu, eta azpimarratu du Euskadik “oinarri sendoak” dituela etorkizuneko erronkak, ekintza politikotik, gainditzeko. Amaitzeko, Iñigo Urkulluk akordioaren bidea bultzatzen eta elkar ulertzeko guneak bultzatzen jarraitzeko eskatu die legebiltzarkideei, eta horrek egonkortasuna emango dio Herriari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...