Alderdi Eguna 2022

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/09/17

Bakea aldarrikatu dute Tolosan

Ehunka lagun bildu dira UNESCOk antolatutako ekimen ezberdinetan; gazteria eta kultura ardatz hartuta, nazioarteko ahots ugari entzun ahal izan dira mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatzeko
Bakea aldarrikatu dute Tolosan

Tolosa bakearen nazioarteko hiriburu izan da egun batez, XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldia bertan ospatu baitu UNESCOk, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Tolosako Udalarekin, TOPIC Zentroarekin eta Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean.

1981ean ezarri zuen, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak, Bakearen Nazioarteko Eguna, eta ordutik irailaren 21ean ospatu ohi da. Ospakizun horren testuinguruan, azken bi hamarkadetan bakearekin lotutako hezkuntza eta sentsibilizazio publikoko ekimenak biltzen dituen jardunanaldi bat antolatu izan du urtero UNESCOk. Mundu mailako hitzordua da, urtero lekuz aldatzen dena. Bada, hogeigarren ediziorako, Euskal Herria hautatu dute egoitza nagusi izateko, eta, arteak eta gazteriak bakea lortzeko duten zeregina azpimarratu nahi izan dute gaurkoan Tolosan, hain zuzen, hiribilduaren ezaugarri kultural nagusienetako bi batuz: arte korala eta txotxongiloak.

Hala bada, arteak bakearen kulturarekin duen harremana aztertuz, Bakea, artea eta gazteria izeneko hitzaldiak eman dio egunari hasiera Topic-en. Bertan aritu dira, Eva Quiroga UNESCO Etxeko teknikaria moderatzaile zela, Maria Angelica Bueno Cipagauta (Kolonbia), Linda le Nepveu (Frantzia), Amanda Aguirre (Espainia), Davide Grosso (Italia) eta Ainhoa Gomez (Euskadi), guztiak ere bakearen eta giza eskubideen esparruan adituak.

María Angélica Bueno Cipagauta kolonbiarra adiskidetzeari, bakeari, justizia trantsizionalari eta gatazken konponketari buruzko politika publikoko estrategien garapenean aditua da. Bere hitzetan, kulturak izendatu ezin dena izendatzeko balio du, eta aukera ematen du gerraren oinazea nolakoa den adierazteko. “Konmozio positiboa esaten diogu horri Egiaren Batzordean. Arte espresio ezberdinen bitartez erakutsi egin dugu oinazea, eta jendartea sentsibilizatu. Bizitzak salbatzen lagundu dute arteak eta kulturak”. 

Kolonbian bakea eraikitzen ari direla dio Buenok: “Nik neuk ez dut bakerik ezagutu FARCekin bake akordioa sinatu zen arte. Haur askok ez dituzte oinarrizko giza eskubideak bermatuta; kasu askotan zaila da gazte izatera iristea ere, eta aukera bakarra dute: ejerzitora sartzea. Beste batzutan indarrez errekrutatzen dituzte umeak. Biktimizazio prozesu oso latzak bizi izan dituzte haur askok borroka armatuaren eraginez”. 

Linda Le Nepveu, Ekonomia eta Nazioarteko Zuzenbidean graduatuak, aipatu du harro dagoela esperantista izateaz, “gure hizkuntza eder eta unibertsalak zubiak eraikitzeko balio duelako”. Arteak eta kulturak bakearen eraikuntzan duten balioa nabarmendu nahi izan du frantziarrak, esanez hezkuntza dela oinarri-oinarrizkoa bake iraunkorra lortzeko: “Gazte bezala ikasi beharko genuke ahots bat daukagula, esateko zerbait; guk ere leku bat bete behar dugula gizartean. Etorkizun hobe bat lortu behar dugu, eta, horretarako, ezinbestekoak dira honen gisako ekimenak”. 

Amanda Aguirre madrildarra nazioarteko harremanetan aditua da, eta Espainiako Atzerri Gaietarako Ministeritzan lan egindakoa. Bere aburuz, lehenik eta behin mikroeszenatoki bat sortu behar dugu eta espazio seguru bat guztiontzat, “denok gustura egon gaitezen”.

Zirkulu txikiak sortuta, mugimendu handiagoak sor daitezkeela dio: “Bakea eta ziurtasuna, hori da abiapuntu nagusiena gazteontzat”. Izan ere, etorkizuna “ziurgabetasuna” da madrildarraren hitzetan: “Dinamika sozialak gero eta konplexuagoak dira, eta, horrela, zaila da gazteon partehartzea lortzea”. Aguirreren esanetan, sare sozialak oso garrantzitsuak dira: “Gazteok kolonizatu egin ditugu gure bozgoragailu izan daitezen. Gizarte hau aldatzen ari da, eta gu gure nortasuna ari gara eraikitzen. Gure errealitatera egokitzen ez diren gauzak aldatu nahi ditugu horrela”.

Ainhoa Gomez Izagirre tolosarrak Bake eta Bizikidetza teknikari gisa lan egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK). Hark ere aipatu du ziurgabetasuna: “Horrek zaildu egiten digu bizitzea. Lana, etxebizitza eta abar lortzea bakarrik ez, parte hartzea ere bada bizitza. Aktibismo handia dago gazteen artean eta hori ere errebindikatu egin behar da. Ez digute parte hartzen uzten gazteonak kontsideratzen ez diren esparruetan, eta frustrazioa sortzen du horrek”.

Gomezek adierazi du gazteriari pasotismoa egozten zaiola, eta gazteriak “ekintzailetzarekin” erantzun diola horri: “Era honetako espazioak behar ditugu, lehenaldia ulertuz, oraina eta etorkizuna uler dezagun”.

Azkenik, Davide Grossok, NGO-UNESCOren Harremanetarako Komitearen presidenteak hartu du hitza esateko belaunaldi arteko elkarrizketa eremuak sortu behar direla, “gazteriak, kulturaren bidez, etorkizun baketsua lortu dezan”. 

Musikari ere bada Grosso, eta, ildo horretatik, gaineratu du bakea lortzeko “tresna soziala” dela musika: “Kultura giza eskubidea da, kultur adierazpenetan parte hartu ahal izatea bermatzen du”.

Dibertsio eta aisialdi proposamen soila baino gehiago da Unescorentzat kultura: “Ahalmen eraldatzaile handia dauka, eta garapen ekonomikorako motore ere bada. Artista, txotxongilolaria, musikoa izatea askoz hobea da munduan iraultzaile izatea baino”.

Bestalde, UNIMA Euskal Herriaren laguntzari esker, Topic-ek haurrentzako paperezko txotxongiloak egiten ikasteko tailerrak eskaini ditu goizean San Frantziskon eta Berazubin. Nestor Basterretxearen obran oinarrituta, Bakearen usoak eraiki dituzte txikienek. Izan ere, uso hori izan da ekitaldiaren ikur nagusi. Basterretxeak zioen indarkeriak kontraesan “sakonegia” dakarrela: “Askatasuna, bizitza, alegia, heriotzaren bidez lortu nahi baitu”.

Martxa kultural eta herrikoia

Aitaren eskulturan oinarritutako txotxongilo erraldoi bat sortu du Jonan Basterretxeak propio egun honetarako, eta horrexek zabaldu du arratsaldean Memoriaren Plazatik abiatu den martxa kultural eta herrikoia. Mundu osoan indarkeria bertan behera utz dadin eskatu dute ehunka lagunek. Goizean eraikitako txotxongiloak arratsaldeko Bakearen aldeko Kultur Martxan erabili dituzte parte-hartzaileek.

Ibilaldian zehar BAKEA letrak ikusi ahal izan dira, abesbatzen doinu artean. Memoriaren Lorategian, Plaza Berrian eta Euskal Herria plazan Euskal Herriko Gazteen Abesbatzak, Europako hainbat herrialdetatik etorritako Internacia Esperanto-Korusok, Madrilgo Gazteen Abesbatzak eta Kolonbiako Cecilia Espinosa Ganbera abesbatzak kantatu dute. Guztira, 140 korista baino gehiago elkartu dira, eta martxaren amaieran Josu Elberdin konpositore euskaldunak gaurko konposatutako Zatoz! Bakearen obra abestu dute elkarrekin.

Iluntzean, Leidor aretoan abesbatza guztiek kontzertu berezia eskaini dute, eta ekitaldi horrekin eman zaio amaiera ospakizunari.

Babesa erakundeen aldetik

XX. Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak babes zabala izan du euskal erakundeen aldetik, eta antolatutako ekimenetan parte hartu nahi izan dute instituzioetako ordezkariek. Besteak beste, Tolosan izan dira gaur Beatriz Artolazabal Albeniz, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Jose Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuordea; Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria; Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua; Ion Gambra Ibarzabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia; Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea; 
Begoña Tolosa, Tolosako Udaleko Ogasun zinegotzia; Patxi Amantegi, Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotzia; Xarles Iturbe, Tolosako Udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotzia; eta Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero, TOPICeko zuzendariak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...